"Tour txikian" ere, izarrak garaile

Bihar hastekoa zen 2020ko Euskal Herriko Itzulia, baina Koronabirusaren pandemia dela eta, oraindik ez dakigu lasterketa korritzeko aukera izango duten txirrindulariek. Iaz, Ion Izagirrek sailkapen nagusia irabazi zuen, eta euskal txirrindularitzarentzat 15 urteko lehorteari amaiera eman zion. Izan ere, 2003an irabazi zuen azkenekoz euskal ziklista batek, Iban Mayok, etxeko lasterketa preziatua. Haien aurretik, Julian Gorospek bitan irabazi zuen lasterketa, eta Itzulia behin baino gehiagotan irabazi duen euskal txirrindulari bakarra da. Beste hainbat euskaldunekin batera, historiako txirrindulari handienetako batzuk ere garaile izan dira Euskal Herrian: Gino Bartali, Alberto Contador edo Jaques Anquetil, baina saiatu eta garaipenik gabe geratu diren txirrindulari handiak ere badaude zerrendan. Harmaila aldizkariko 2. zenbakian, 2018ko Itzuliaren aurretik, palmaresaren errepasoa egin genuen.


Testua: Iñaki Berastegi / @IBerastegi Argazkiak: Harmaila eta Astana


Bi izen beste guztien gainetik: Alberto Contador eta Jose Antonio Gonzalez Linares. Lau bider irabazi dute Euskal Herriko Itzuliko sailkapen nagusia bi txirrindulari horiek. Aurrenekoak 2008, 2009, 2014 eta 2016an irabazi zuen Astana eta Tinkoff taldeekin. Bigarrenak, berriz, kolore berdinekin lortu zituen bere garaipenak, (1972, 1975,1977 eta 1978): KAS taldeko horiarekin.


Garaipen horiek eskuratu ostean, bi txirrindulariek Itzuliarekiko sentimendu berezia dutela adierazi izan dute beti. Alabaina, bietan Gonzalez Linares izan zen urrutiago joan zena bere hitzekin: “Ilusio gehiago egin zidan Euskal Herriko Itzulia irabazteak, Eddy Merckx Frantziako Tourreko erlojupeko batean garaitzea baino”. Zerrendaren koskarik gorenean daude bi txirrindulari hauek beste garaipen orokor bat lortzeko zorian egon ziren, biek amaitu baitute urteren batean bigarren postuan. Alberto Contadorrek 2017an Alejandro Valverderekin izan zuen lehia zoragarrian amaitu zuen podiumeko bigarren koskan, eta 1973an Luis Ocañaren atzetik sailkatu zen Gonzalez Linaresek.


Dena den, Gonzalez Linares eta Contadorren garaiak oso ezberdinak dira, eta txirrindularitza aldatzeaz gain, Euskal Herriko itzuliaren parte hartzearen mailak ere nabarmen gora egin zuen bien garaien artean. Altxamendu frankistaren ostean, 1969. urtean berrantolatu zen lehendabiziko aldiz Itzulia, eta Linaresek bigarren garaiko laugarren lasterketa irabazi zuen. Esaterako, 1972ko edizio hartan, soilik lau talde eta 40 txirrindularik parte hartu zuten: KAS, La Casera, Werner eta Karpy. “Contadorren garaipenek agian balio gehiago dute. Linaresen garaietan txirrindulari gutxiago etortzen ziren, eta, gainera, kantabriarra garaiko talde indartsuenean aritzen zen. Seguruenik, irabazi zuen urte guztietan ez zen indartsuena izan, baina bai zuhurrena, eta horri taldearen nagusitasuna gehitu behar zaio”. Javier Bodegas, Urtekaria Revue aldizkariko arduradunaren hitzak dira.




Euskal Herriko Itzulia irabazteko asmoekin etorri da beti Alberto Contador Euskal Herrira. Itzuli handien ondoren zeukan helburu garbietako bat izan da. Eta Itzulia irabazi duen lau urteetatik hirutan, hiru asteko lasterketa bat irabazi du Madrildarrak; 2008an Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta, 2009an Frantziako Tourra eta 2014an Italiako Giroa. Soilik 2016an ez zuen lortu Itzulia irabazi ostean hiru asteko lasterketa bat irabaztea, baina egia da azken urteetan apur bat behera egin zuela hiru asteko lasterketetako sailkapen nagusiak irabazteko aukeretan. Itzulian izan duen jarrera “eskertzekoa” dela uste du Bodegasek: “Itzulia oso lasterketa aproposa da Contadorrentzat, eta oso motibatuta etorri izan da beti. Orain dela urte batzuk izar handiak ez ziren irabaztera etortzen, beste lasterketa batzuk prestatzeko baliatzen zuten. 2016ko garaipena dut gogoan, azken egunean Eibarko krono igoeran eman zuen erakustaldia handia izan baitzen”.


Palmaresaren bigarren koska batean beste bi txirrindulari daude: Sean Kelly irlandarra eta Tony Rominger suitzarra, hiruna garaipenekin. Kronologikoki, garaipenak lortzen lehena Kelly izan zen. Marino Lejarreta eta Julian Gorosperekin batera Itzulia irabazteko hautagai nagusiena izan zen urte batzuetan. Era berean, Gonzalez Linaresen osteko Itzuliaren lehendabiziko dominatzaile nagusia izan zen. Gainera, hiru garaipen lortzeaz gain, 11 etapa garaipen lortu zituen, erlojupekoetan, esprintean eta mendateetan ongi moldatzen zelako. “Kelly oso txirrindulari ausarta zen. Itzulia ostiralean amaitzen bazen, igande hartan bertan, Paris Roubaix lehiatzen zuen. Txirrindulari handiekin lehiatu zen, eta pentsa zenbat aldiz irabazi zuen”, esan du Bodegasek.





1984an lasterketa lehen aldiz irabazi ostean hurrengo urteetarako bere asmoak argitu zituen irlandarrak: “Lasterketa euskaldun honetara bueltatzea gustatuko litzaidake; ikusi dudan zale kopuruak harritu nau. Oso lasterketa gogorra izan da. Agian, igandeko Paris Roubaix lehiatzeko kalte egingo dit, errekuperatzeko egun bat soilik izango dudalako, baina merezi izan du”. Antza denez, kalte handirik ez zion egin, bi egun geroago, 1984. urteko Paris Roubaix irabazi zuelako. Balentria hura 1986an errepikatu zuen, eta Itzulia azkenekoz 1987an irabazi zuen.


Tony Romingerrek, Contadorrek eta Gonzalez Linaresek baino garaipen bat gutxiago badu ere, bi espainiarrek lortu ez zutena lortu zuen suitzarrak: hiru aldiz jarraian Itzulia irabaztea; 1992, 1993 eta 1994an lortu zuen garaipena. Egutegian lasterketa nabarmenduta egotearen atzean taldearen jatorria ere bazegoela uste du Bodegasek: “CLAS Cajastur taldean aritzen zen Rominger, eta Itzulia lasterketa garrantzitsua zen taldearentzat. Gainera, Romingerrek irabazteak izena ematen zion hemengo lasterketari”. Izan ere, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen urte berdinetan irabazi zuen suitzarrak Espainiako Vuelta, hain justu . Horrez gain, Italiako giroa behin irabazi zuen eta beste bi aldiz hirugarren amaitu zuen. Frantziako Tourra irabaztea falta izan zitzaion; 1993an bigarren amaitu zuen, Miguel Indurainen atzetik.


Gorospe, bi garaitan


Hirugarren koskan ageri da lehendabiziko euskal herritarra, Julian Gorospe, bi garaipenekin. 1982an egin zuen debuta mañariarrak profesionaletan, eta urte hartan bertan Itzulian bigarren amaitu zuen Jose Luis Laguia taldekidearen atzetik. Urtebete geroago sailkapen nagusia irabazi zuen, Roberto Visentini eta Marino Lejarretaren aurretik. “Euskal Herrian kristona montatu zen. Afizionatuetatik profesionaletara pasatu berria zen ia, eta ezin daiteke esan sorpresa izan zenik irabaztea, aurreko urtean Reynols taldearekin bigarren amaitu ostean. 23 urte bete gabe zituen irabazi zuenean, izar berri bat zen”, nabarmendu du Urtekariako arduradunak.



Kostatu zitzaion Mañariako txirrindulariari berriro ere etxeko lasterketa irabaztea. Zazpi urte geroago lortu zuen, eta egoera ikusita, “meritu handia” duela uste du Bodegasek: “Mendateetan ondo moldatzen zen, eta azken eguneko erlojupekoak mesede egiten zion. Baina 1983an irabazi ostean, apur bat galduta ibili zen. Gehiago irabaziko zuela uste genuen. Azkenean, ordea, gutxien espero genuenean, 1990an, lortu zuen bigarren garaipena”.


Zazpi ez, hamaika urte pasa behar izan ziren Andreas Klodenek bere bigarren Itzulia irabaz zezan. 2000. urtean lortu zuen garaipena Telekom taldearekin, 24 urte zituela; Danilo Di Lucari 5 segundo atera zizkion, eta Laurent Jalaberti 31. Urte hartan, Bingen Fernandez (Euskaltel-Euskadi) podiumetik at geratu zen bi segundogatik. Bere ibilbideko azken urteetan murgilduta, RadioShack taldearen egituran ari zela, ezustean irabazi zuen 2011n. Kloden bera ere ezin sinetsita zegoen lasterketa amaitu ostean ETBri egindako adierazpenetan: “Ez sinestekoa da hamaika urteren ostean berriro ere Itzulia irabaztea, 35 urterekin. Erakutsi nahi nuen inoiz ez garela zaharregiak zerbait lortzeko. Oso aste gogorra izan da, bero handia egin du, igoera eta eraso askorekin, eta aurkari gogorren aurka. Oso pozik nago lasterketa hau berriz irabaztearekin”.


Kloden eta Gorosperen artean, beste bi txirrindularik lortu zuten lasterketa bi aldiz eskuratzea: Luis Ocañak eta Alex Zullek. Luis Ocañak 1971 eta 1973an irabazi zuen. “Luis Ocañarena mundiala izan zen. BIC taldean aritzen zen. Izar handi bat izan zen. 1973ko Frantziako Tourra irabazi zuen, eta 1971an maillot horiarekin zela Col de Mente jaisten ari zela erori eta lasterketa utzi behar izan zuen Eddy Mercx-i zazpi minutu eta erdi ateratzen zizkionean. Gogoratzen naiz urte batean Itzulia lehiatzera soilik taldekide batekin etorri zela”, esan du Bodegasek.


Suitzarrei dagokionez, Romingerren oinordekotza Alex Zullek hartu zuen 1995an eta 1997an lasterketa irabazi ostean. Biak oso antzekoak zirela dio Bodegasek: “Bost eguneko lasterketetan ondo moldatzen zen Zulle. Bi aldiz irabazi zuen, baina nik uste gehiago irabazteko gai ere bazela. Horri gehitu behar zaio ONCE taldean aritzen zela, eta taldea oso motibatuta aritzen zela Itzulian”.


Bi garaipen dituztenen zerrendan lehendabiziko izena Maurice Dewalerena da. Alcyon-Dunlop taldeko belgikarrak 1928 eta 1929an irabazi zuen Itzulia, altxamendu frankistaren aurretik. Hori ez ezik, 1929an Frantziako Tourra ere irabazi zuen, eta beste bi aldiz igo zen Parisen podiumera.


Julian Gorospez gain, beste sei euskal txirrindularik irabazi dute Euskal Herriko Itzulia. Mariano Cañardo Oliten (Nafarroa) jaio zen, baina oso gazte zela lehendabizi Aragoira eta ondoren Kataluniara joan zen bizitzera. 1930. urteko edizioa irabazi zuen Cañardok. 1931 eta 1934an lasterketa ez zen lehiatu, Gino Bartalik irabazi zuen 1935ean eta altxamendu frankista zela eta 1936tik 1969ra ez zen Itzulia antolatu.


Horrenbestez, Luis Pedro Santamarina izan zen Itzulia altxamenduaren ostean irabazi zuen lehendabiziko euskalduna, 1970ean. Iaz zendu zen. “Oso txirrindulari ona zen. Bizkaian gertatzen zen Durangaldekoak zirela txirrindulari gehienak, eta bera inguru hartakoa ez zenez, bigarren maila batean geratu zen”, azaldu du Bodegasek. Gallartako txirrindulariak noizbait teoria hori entzun zuela onartu zuen behin elkarrizketa batean: “Entzun izan dut Julian Gorospe izan zela Itzulia irabazi zuen lehendabiziko euskalduna”. Santamarinak irabazi zuen urtean, Jesus Arazanbal bergararra izan zen bigarren eta Andres Gandarias bizkaitarra hirugarren, euskaldunek podiuma erabat osatu duten edizio bakarra.


Lau urte geroago, 1974an, Miguel Mari Lasak Luis Ocaña eta Jesus Manzaneque garaitu zituen. KAS taldean aritzen zen oiartzuarra, eta azken etapan garaipena lortu ez ezik, sailkapen nagusia ere etxera eraman zuen. “Etxeko lasterketa zen, eta beti ilusio handiarekin parte hartzen nuen. Zaleak hor zeuden, eta horrek beste zerbait ematen zion lasterketari. Emaitza onak lortu nituen, 1974ko sailkapen nagusiaz gain, sei etapa garaipenekin amaitu nuen, eta urtero lehiatzen nuen zerbait irabazteko. Eguraldi euritsua ere gustatzen zitzaidan”, gogoratu zuen El Diario Vascorentzat Lasak.


Hamaika urte geroago lortu zuen Peio Ruiz Cabestany gazteak Itzulia berriz etxean geratzea. Marino Lejarreta eta Greg Lemondekin lehia izan zuen, eta donostiarraren garaipena “ezusteko” bat bezala du gogoan Bodegasek: “Ostiral goizeko etapan, Deskargako tontorrera iritsi aurretik, Jurg Mulerrekin ihes egin zuen. Muller eta Ruiz Cabestany batera sartu ziren Beasaingo helmugan. Mullerrek etapa irabazi zuen, eta Cabes tanyk liderraren maillota jantzi, eta arratsaldeko erlojupekoan lehenengo postuari eutsi zion. Jendea zoratu egin zen garaipen harekin”.


Mende hasierako garaipenak


2002 eta 2003 urteak zoragarriak izan ziren euskal zaleentzako. Izan ere, Aitor Osak eta Iban Mayok Itzulia irabazi zuten, hurrenez hurren. Osarena ezustekoa izan bazen, Mayok eta Euskaltel-Euskadik urtebete geroago sekulako erakustaldia eman zuten. “Lehenengo etapa, Legazpin, Mayok irabazi zuen, eta azken eguneko bi sektoreak ere berarentzat izan ziren. Bagenekien izar bat zetorrela, baina urte hartan benetan erakutsi zuen”, azaldu du Bodegasek.



Urtebete geroago, Denis Menchovek irabazi zuen, Mayo bigarren izan zen eta David Etxebarria podiumeko azken koskara igo zen. Orduz geroztik, 2010an Beñat Intxaustik hirugarren amaitu zuen Hornerrek irabazi zuen lasterketan, baina Alejandro Valverde zigortu egin zuten Puerto operazioaren barnean. Hala, Intxaustiri bigarren postua eman zioten. Iaz lasterketa irabazi zuen arte, irabaztetik gertuen ibili zen euskal txirrindularia ere Ion Izagirre zen 2015, 2017 eta 2018an hirugarren amaitu baitzuen ormaiztegiarrak. Primoz Roglicek irabazi zuen 2018ko edizioa.


Badira lasterketa behin bakarrik irabazi duten ospe handiko beste txirrindulari batzuk ere. 1935an, altxamendu frankistak eragindako etenaldiaren aurreko lasterketan, Gino Bartali italiarrak irabazi zuen, txirrindulari gisa aritu zen lehendabiziko urtean. “Irabazi zuen lehendabiziko lasterketa handia izan zen Euskal Herriko Itzulia. 21 urte zituen, Italian lasterketaren bat irabazi zuen, baina hemen irabazi ostean egin zuen gora”. Hiru alditan irabazi zuen maglia arrosa, eta bi aldiz maillot horia, beste hainbat ohorezko postu eta podiumekin batera lasterketa handietan.


Gino Bartaliren lehendabiziko garaipen garrantzitsua izan bazen, Jaques Anquetil frantziarraren azkena izan zen, 1969an. Itzulia berriz antolatzen zen lehendabiziko aldia irabazi zuen frantziarrak, eta bere azken urteko garaipen bakarra izan zen. Ordurako bost Frantziako Tour, bi Italiako Giro eta Espainiako Vuelta bat irabazi zituen Anquetilek.


19 garaipen dituzte espainiarrek, eta zazpi garaipenekin berdinduta daude euskaldunak eta italiarrak. Baina, Italiar batek ez du inoiz garaipena errepikatzea lortu Euskal Herrian. Gino Bartalik ireki zuen bidea, eta Danilo Di Lucak irabazi zuen azkenekoz 2005ean. Bodegasek dioenez, tartean ospe handiko italiarrek irabazi dute: “Baronchelli, Battaglin, Contini, Chiappucci edo Casagrande. Izen handiko italiarrak. Asko etortzen ziren lasterketa lehiatzera, eta denak oso lehiakorrak izaten ziren. Bat egiten zuten lasterketaren izaerarekin”.


Ezustekoentzat tartea ere bada palmaresa aztertzerakoan. Guztien artetik bat nabarmenduko luke Bodegasek: “Juanjo Cobo aipatuko nuke. Iñigo Cuesta eta Jose Angel Gomez Marchante ere bai, baina bereziki Cobo. Erabateko ezustea izan zen, baina erakustaldia emanda irabazi zuen”.


Garaipenik gabe, izen handıak


Garaileak alde batera utzita, Itzulia lehiatu eta inoiz irabazi ez dutenen zerrendan ere ez daude nolanahiko izenak. Guztien artean, egin zituen ahaleginengatik, eta etxekoa zelako, nabarmentzekoa da Marino Lejarretaren kasua. Bost aldiz amaitu zuen hirugarren, baina ez zuen inoiz sailkapen nagusia irabazi ezta etapa garaipenik lortu ere. “Italian aritzen zenean ere lehiatzera etortzen zen, baina ez zuen irabaztea lortu. Zorte txarra ere izan zuen. Azken sektoreko erlojupekoa ere ez zen berarentzat aproposa. Cabestanyk irabazi zuen urtean izan zuen sailkapen nagusia irabazteko aukera handiena nire ustez. Etapa garaipen bat ere eskura izan zuen, baina buruz burukoa Martinez de Guereñuk irabazi zion. Asko haserretu zen egun hartan”.


Txomin Perurenak ere ez zuen sekula irabazi Itzulia. 1973anhirugarren amaitu zuen, eta bere sailkapen nagusiko postu onena hura izan zen. Edonola ere, etapa garaipenen errekorra, Sean Kellyrekin partekatuta, Perurenarena da: 11 etapa garaipen. 1984an eta 1986an hiru garaipen lortu zituen, 1985 eta 1987an bi etapa garaipen, eta 1988an bakarra.


Miguel Induraini dagokionez, Atarrabiako (Nafarroa) txirrindulariaren buruan Frantziako Tourra zegoen, eta Itzuliko eguraldiak eta ibilbideak ere ez ziren Reynolsekoarentzat aproposa. Hala ere, 1990an, Julian Gorospek bere bigarren garaipena lortu zuen urtean, hirugarren amaitu zuen.


Porrot mingarrienaren zerrendaburu da Fede Etxabe. 1989an Zumaiako erlojupekoan, segundo bat baino gutxiagogatik galdu zuen Stephen Roche irlandarraren aurka bizkaitarrak. “ Irabazteko sekulako aukera izan zuen. Fagorren zebilen Roche eta niri iruditzen zait Itzuliari komeni zitzaiola Rochek irabaztea. Etxabek seguruenik esango dizu oraindik ere berak irabazi zuela, eta tranpa egin ziotela. Egia esatearren, oso gauza arraroa izan zen. Kronometroak eskuzkoak ziren, edo norbaitek, sikiera, botoia zapaldu beharko zuen; ez ziren automatikoak. Nahita edo nahigabe, agian hutsegiteren bat egon zen”.


Memoria egiten hasita, Bodegasek ez du ahaztu nahi izan Nairo Quintanak irabazitako itzulia: “Onena bera zela erakutsi zuen, eta gainera Richi Porte-ri irabazi zion. Ez zen nolanahiko garaipena izan. Samuel Sanchezek irabazi zuenekoa ere burura datorkit, Euskaltel-Euskadiren erakustaldi izugarriarekin, baina gehiago gogoratzen naiz kolonbiarraren garaipenarekin”. Denboran atzerago eginda, lasterketa Excelsior egunkariak antolatzen zuen garaietara jo du Bodegasek: “Lehenengo edizio haietan, egunkaria EAJrena zenez, Euskal Herriko herrialde guztietatik igarotzen zen lasterketa, eta helmuga amaierak hiriburuetan izan ohi ziren. Hori ere aipatzekoa da. Bestalde, eguraldiak inortasuna eman dio lasterketari. Lasterketa lehiatu nahi zuenak bazekien hemen zer zeukan zain: hotza, euria… Etapa bat baino gehiago bertan behera geratu dira”.


Eguraldiak, parte hartzearen mailak, lasterketaren profilak, zaleek lasterketa bizitzeko duten moduak eta beste hainbat arrazoik lasterketa berezia bilakatu dute Euskal Herriko Itzulia. “1924an egin zen lehendabiziko aldiz. Sekulako lasterketa izan zen. Abuztuan egiten zen lehen, eta Frantziako Tourra lehiatu zuten txirrindulariak etorri ohi ziren. Brometan esaten zen Itzulia “Tour txikia” zela”.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio