Pedalak ez dira erdoildu

Harmaila aldizkariko bigarren zenbakian, 2018ko Euskal Herriko Itzuliaren aurretik, lasterketaren analisia egin genuen hainbat zatitan banatuta. Horietako bat Itzuliaren historia eta bilakaera errepasatzeari eskeini genion.



Testua: Unai Zubeldia Argazkiak:Bernardo Estornes Lasa bilduma, Lagun Onak TE, Pepe Gil


1924an sortu zen Euskal Herriko Itzulia, ‘Excelsior’ Bilboko egunkariaren ekimenez. Gorabeherak gorabehera, lasterketak berezko izaerari eutsi dio gaur egunera arte. Azken 38 urteotako ibilia gogoratu dute Jaime Ugartek eta Jose Luis Arrietak, iaz Julian Eraso iritsi aurreko Euskal Herriko Itzuliko azken bi presidenteek.


Bilbo-Iruñea; Iruñea-Donostia; eta Donostia-Bilbo. Abuztuaren 7tik 10era, hiru etapatan 623 kilometro. Mendeurrena ez du urruti Euskal Herriko Itzuliak. Excelsior Bilboko kirol egunkariaren ekimenez, 1924an sortu zuten Tour txikia edo Excelsior Sari Nagusia, Lehen Mundu Gerra amaitu eta sei urtera, eta berehala lortu zuen arrakasta. Lehen urte hartan 38 txirrindulari abiatu ziren Bilbotik, eta 29 iritsi ziren abiatu ziren leku berera. Lehen etapan Iruñera bidean emandako erakustaldiari esker, Francis Pelissier frantziarra izan zen indartsuena sortu berria zen itzulian, Henri anaiari 14.54 minutuko aldea aterata. Lehen pedalkadak besterik ez ziren izan 1924koak, baina hurrengo urterako erabat sendotzen hasita zegoen itzulia, L’Auto Parisko egunkariak nazioarteko probarik garrantzitsuenen artean sartu zuelako Euskal Herriko Itzulia. Izendapen hark sona eman zion lasterketari, eta haziz joan zen 1930era arte. Pelissier bera, Auguste Verdyck flandriarra, Nicolas Franz luxenburgotarra, Victor Fontan frantziarra, Maurice Dewaele flandriarra (bi aldiz) eta Mariano Cañardo nafarra izan ziren lehen garaileak.


Politikoki garai zailak ziren haiek, eta 36ko gerrak erdiz erdi astindu zuen zaleen artean irrika handia sortu zuen lasterketa. 1935ean Gino Bartali italiarra goratu zuen Euskal Herriko Itzuliak —Gasteiz, Iruñea, Baiona, Donostia eta Bilbo lotu zituen bost etapatan—, baina 1969ra arte itzalean gelditu zen gero, gerrak berak eta gerra ondorengo krisi ekonomikoak eraginda. Hori bai, Euskal Herrian bizi-bizirik jarraitu zuen txirrindularitzarekiko pasioak, eta horren erakusgarri da Eibarren 1952an eman zuten pausoa. Zegoen hutsunearen jakitun eta Euskal Herriko Itzulia berreskuratzeko hiruzpalau ahaleginek huts egin ondoren, Eibarko Bizikleta sortu zuten urte hartan. Arazo ekonomikoek itoko ez bazuten, ordea, erabakiren bat hartu beharra ikusi zuten 1969rako. La Voz de España Donostiako egunkariaren babesarekin, bi muturrek bat egin eta Euskal Herriko Itzulia-Eibarko Bizikleta izena eman zioten lasterketari. Parte hartzeari dagokionez, erdi herrenka jaio zen lasterketa hura, lau talde soilik lotu ahal izan zituztelako antolatzaileek: Kas, Fagor, Bic eta Mercier. Zailena eginda zegoen, hala ere.





Euskal Herriko Itzuliak eta Eibarko Bizikletak elkarrekin egin zuten bidea 1973ra arte, baina bakoitzak bere izaerari eusteko asmo itsuarekin, lau urteko lotura besterik ez zen izan hura. La Voz de España egunkaria babesle nagusi gisa hartuta, oparoak izan ziren 1980ra arteko itzuliak. Besteren artean, Miguel Mari Lasa oiartzuarra, Jose Antonio Gonzalez Linares espainiarra (lau aldiz) eta Gian Battista Baronchelli italiarra izan ziren urte haietako garaileak. Baina kirol arloa eta arlo ekonomikoa mokoka bizi izan dira urte askoan Euskal Herriko Itzulian, eta norabide sigi-sagatsuan beste aldaketa bat izan zen 1980an. Ordurako Eibarko Bizikletaren eragina itzalean geldituta eta La Voz de España-k ateak itxita, 1980an hartu zuen lasterketaren ardura Jaime Ugarte (Donostia, 1937) buru zuen taldeak . Bi urte lehenago, 1978an hartu zuen Ugartek Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren presidente kargua, eta talde hark bere egin zituen itzulia lehenengo eta Donostiako klasikoa ondoren —baita Euskadiko Sei Orduak ere, Anoetako belodromoan—, El Diario Vasco Kirol Antolakuntzak elkartearen izenean. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak antolatu zituen 1980 eta 1981eko itzuliak, El Diario Vasco Txirrindularitza Antolakuntzak elkartearen babesarekin, eta 1982an eman zuen behin betiko pausoa El Diario Vasco Kirol Antolakuntzak elkarteak.


Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioan 1978an egin zituzten hauteskundeetan Ugarteren aurkako hautagaitzan zegoen arren, “haren balioaren jakitun”, Jose Luis Arrietak (Donostia, 1946) ere berehala eman zuen Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzara pausoa. “Izatez, elkarrekin lanean aritu ginen 1965eko Munduko Txirrindularitza Txapelketatik”, zehaztu du Arrietak berak. “Beti ibili izan gara elkarren ondoan”. Horren erakusgarri, 1980an kargua hartuta, Ugarte izan zen Euskal Herriko Itzuliko presidentea 2012ra arte, eta Arrietak ordezkatu zuen gero, besteak ardura horietan 75 urte beteta erretiroa hartzea erabaki zuenean. Arrietak lau urte egin zituen lasterketaren buru —aurretik, ibilbidearen arduraduna izan zen urte askoan—, baina ordura arteko lan taldearen babesa galduta eta hainbat erabakirekin kritiko, dimisioa eman zuen 2017ko urtarrilean. “Besteak beste, lan talde berriak nire babesik gabe lotu zuen Eibarko Udalarekin hurrengo lau itzuliak bertan amaituko zirela”. 2016tik 2019ra artekoak. “Beste hainbat konpromiso hartuta neuzkan nik ordurako”, zehaztu du Arrietak. Ordutik Julian Eraso eibartarra da Euskal Herriko Itzuliko presidentea, Eibarko Bizikleta edo Euskal Bizikletaren oinordekoa. Bueltan-bueltan, garai bateko bidegurutze berean elkartu ziren iaz bi taldeak. “Baina ez daukagu inolako damurik”, zehaztu du Ugartek. “Guk maila gorenean utzi ditugu Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako klasikoa, eta beste batzuek jarrai dezatela lanean orain. Ohorea da guk landu genuen bideari jarraipena emango diotela ikustea; gogorragoa izango zen guk ardura utzi ondoren lasterketa bertan behera geldituko zela barneratzea”.


Erlojupekoarekin bueltaka


Mahaiaren jiran eserita, oroitzapenen zakutik azken 40 urteetako irudiak atera eta atera hasi dira Ugarte eta Arrieta. Itzulia, oinarrian, ez dela askorik aldatu defendatu dute biek. “Jose Luisek diseinatu izan ditu ibilbideak, eta irizpide jakin batzuei heldu izan die beti”. Erlojupekoa astegun buruzuri batera ez pasatzea izan da irizpide horietako bat. “Azken egunerako utzi izan dugu beti erlojupekoa, lasterketa erabat blokeatuta geratzeko arriskua zegoelako bestela”. Gauzak zer diren, Ugarte eta Arrietaren egiturak presidente kargua utzita, aurten laugarren etapan izango dute erlojupekoa, 18 kilometrokoa, Lodosan (Nafarroa). “Nik ez nukeen egingo esperimenturik”, azaldu du Arrietak. “Baina eurek ikusiko dute”.





1980an lasterketaren ardura hartuta, helburu argi bat zeukan Ugartek: “Ordura arteko bideari eustea, eta itzulia goi-goi mailan mantentzea”. Donostiarraren hitzetan, hor zeukaten alderik handiena Eibarko lan taldearekin alderatuta. “Maila baxuagoko lasterketa zen eurena, eta World Tourraren eta horrelako egituren aurka egoten ziren beti. Gu, berriz, aldekoak ginen”. 2005ean iritsi zen UCI Pro Tour egitura berria. “Eta talderik onenak euren txirrindularirik onenekin etorriko zirela bermatu zuen horrek. Aurretik, gogotik lan egin behar izaten genuen parte hartze ona bermatzeko, eta, zentzu horretan, World Tourrak erraztu egin zigun lana”. Betidanik ispilu argi bat izan dute Ugartek eta Arrietak: Frantziako Tourra. “Azpiegiturak eta lasterketa bera ikustera joaten ginen beti, zer eta nola egin behar genuen ikasteko, eta azken-azken baliabide horiek gure lasterketan txertatzen saiatu izan gara beti. Horri esker lortu izan dugu urtez urte itzulia mundu mailan goren-gorenean mantentzea”. Tourrera egiten zituzten bisita horiek “oso lagungarri” zituzten taldeetako arduradunekin harremanak sortzeko. “Eta, ondoren, gure lasterketara erakartzeko”.


Urtez urte, batean eta bestean publizitate eta babes bila ibiltzea izaten zuten lanik nekezena. “Nahiz eta zentzu horretan laguntza handia jaso izan dugun beti. Urrutira joan gabe, lehen urtetik bertatik, 1980tik, gure ondoan izan genuen, besteren artean, Guipuzcoano bankua”. Hori bai, urte zailak ere izan dituzte tartean; 2012a gogorrena. “Amore emateko zorian egon ginen, ez geneukalako babesle nagusirik”. Arrietak “mirari” moduan gogoratu du Sabadell Guipuzcoano bankuaren agerpena. “Horri esker egin ahal izan genuen aurrera”. Eta etorkizunerako oinarri ona jarri zuten, gainera. “Sabadell Guipuzcoanorekin akordioa lotuta gelditu zelako, EITBrekin ere bai, Eusko Jaurlaritza ere sartu zelako, Eurosportekin akordioa luzatzea lortu genuelako… 2012 kritiko hartan nahiko ondo lotuta utzi genituen hurrengo urteetarako itzuliak”.


Eusko Jaurlaritzaren deia


Ia eremu berean Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta mantentzea ezinezkoa zela ikusita, 2009an bi aldeak mahaiaren bueltan elkartu zituen Eusko Jaurlaritzak, proiektuak bateratu beharra zegoela azaltzeko. Bidea ez zen samurra izan, baina azkenerako, Euskal Herriko Itzuliaren egituraren barruan sartu zen Euskal Bizikleta. Bateratze lan horretarako, Euskadi Txirrindularitza Antolakuntza egitura sortu zuten urte hartan bertan, eta ordutik hura da antolatzailea. “Bateratzea onartuta ere, klausula bat zehaztu nuen nik”. Ugarterena da azalpena: “Gure lan taldeko lau ginen egitura berrian, eta Eibarko lan taldeko beste lau. Baina berdinketa kasuan, presidentearen botoak izango zuen lehentasuna”. Presidente kargua ere euren esku egongo zela, baldintza hori jarri zuen El Diario Vasco Kirol Antolakuntzak elkarteak. Arrietak horregatik hartu zuen ardura 2012ko abuztuan, Ugartek kargua uztea erabaki zuenean. “Baina ondorengorik gabe, Eibarkoen eskuetan dago orain lasterketa”, itxi du zirkulua Arrietak berak, buru keinu nabarmenarekin. “Babestuko ninduen benetako talderik gabe, oso gogorrak izan dira lau urte hauek; oso bakarrik sentitu izan naiz. Alde batera eta bestera begiratu, eta inor ez nuen ikusten nire ondoan. Erreta amaitu nuen”. Zentzu horretan, Ugartek onartu du elkarri “babes handia” eman izan diotela talde berean lanean aritu izan diren urteetan.





Bitxikerien zakuan begira hasita, Jose Mari Ezeizak zuzendarien autoen artean egindako lana gogoratu du Arrietak. “Etapa askoren nondik norakoa konpondu izan du Jose Marik. Ihesaldi arriskutsu asko izan da itzulian, eta gogoan daukat urte batean hamabost minututik gorako aldea ere izan zuela taldetxo batek. Gogotik lan egin behar izan zuen zuzendariekin hizketan”. Ugartek eta Arrietak barrez gogoratu dituzte momentu horiek. “Baina orduan ez genuen egiten barre askorik”. 2012an Ibardin gainean amaitu zen etapa ere “kutunenen txokoan” gordeta dauka Arrietak. “Utensilnord Named Italiako taldea gonbidatu genuen urte hartan, Patxi Vila buru zuela, eta ihesaldian sartu ondoren, minutu asko galduta iritsi zen Vila helmugara, baina metro batzuk lehenago bizikletatik jaitsi, lurrari musu eman, eta oinez sartu zen helmugan. Oso hunkigarria izan zen agur hura”. Urte bat aukeratzeko eskatuta, berriz, “Samuel Sanchezek irabazi zuenekoa” aipatu du Ugartek, 2012koa. “Gazte mailatik harreman zoragarria neukan berekin, eta oso berezia izan zen momentu hura, nahiz eta gerora ilundu egin den dena positibo kasuarekin. Kolpe handia hartu nuen albistea jaso nuenean”.


Gerrak, arazo ekonomikoak, interesak, liskarrak eta gainerakoak gaindituta, urteen poderioz zuri-beltzetik koloretara jauzia egin du Euskal Herriko Itzuliak. “Eta etorkizunean ere bidea egiten jarraituko duela espero dugu, Euskal Herriko zaleek merezi dutelako”.


DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio