DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio

Museoko eskularruak


Argazkiak: Arnaitz Rubio

Euskal Herriko atezainak asko eta onak izan dira historian zehar. Hemen hazi eta han desira sortutakoak, hemen eta han jokatutakoak, amaigabea da zerrenda. Haietako bi dira Carmelo Cedrun eta Felix Arrizabalaga ‘Aputxiano’. 80 urtetik gora biek, garai hartako futbola eta atezain ofizioa gogora ekartzeko bi altxor.


Atezaina jaio egiten da bat, baina egin ere bai, taldekideen ateismoak bataiatu behar izaten duelako kasu askotan, askoren kasuan. Inork ez du atepean jarri nahi izaten, eta nola atea norbaitek zaintzea ezinbestekoa den, han azaltzen da bat hori, eta zentzua ematen dio 1 zenbakia bizkarrean eramateari. Atezaina beti izango baita 1 zenbakia, garaiotan edozei zenbakidun izatea onartua badago ere. “Atezaina da talde bateko jokalari garrantzitsuena, inork onartu nahi ez badu ere hala dela”, esan du Carmelo Cedrunek (Durango, Bizkaia, 1930), Tabira zelaiko harrizko harmailetan eseri orduko, eguzkipean.

Ondoan dauka Felix Arrizabalaga ‘Aputxiano’ (Eibar, Gipuzkoa, 1935). Euskal Herriko bi atezain. Beteranoak baino harago dagoeneko. 80 urtetik gora biek, eta gero eta urrunago dituzte atepean jarri, ibili, egon, bizi, sufritu eta gozatu zituzten garaiak. Biak izan ziren egoerak sortutako atezainak: “Inork ez zuen jarri nahi, eta guri tokatu behar”, oroitu dute biek. Baina balio egin behar guztiaren gainetik, eta biak ere atezain jaio zirela idaztea ez da asmakizunetan ibiltzea.

Cedrun izan da Athleticen historia luzean atezainik onenetakoa. Hamazazpi urtez egon zen ateko zaindari, eta Kopa eta liga irabazi zituen bihotzeko taldearekin. Espanyolen eta AEBetako Baltimore Bays taldean ere jokatu zuen, eta 1962ko Munduko Kopan ere izan zen, Espainiako selekzioarekin. Aputxianok bere herriko taldean ekin zion. Regionaletan lehendabizi, eta bi denboraldiz gero Bigarren Mailan. Handik joan zen Valentziara. Bost urtez egon zen bertan, etxera itzuli aurretik.

Badute zer kontatua, bizi izandakoa altxor handi bat da Euskal Herriko atezain mitikoen kontakizunean, eta hasi direnean garai hartako kontuak astintzen, berehala ateratzen daiteke ondorioa: futbola bat eta bera izango da historian zehar, baina garaian garaikoak bere ezaugarriak eman dizkio kirol horri. Aurreko mendean jarri behar da burua, ezertan hasi aurretik. 50eko hamarkadaraino joan behar da. Beste garai batzuk ziren.

“Fraideetan nenbilen ikasten, eta hantxe ekin nion”, kontatu du Aputxianok. “Durangoko eskolan ari nintzen ikasten, eta gustura asko ibiltzen ninen futbolean”, Cedrunek. Bizkaitarrak berehala erakarri zuen herriko taldearen arreta, eta honela kontatzen du berak: “Hamahiru urte neuzkala fitxatu nahi izan ninduen Culturalek. Urtebete egin nuen bertan, eta gero Amorebietan aritu nintzen, sei hilabetez”.

Oviedora, Athletic bere bila

Gutxi iraun zuen Zornotzan, Oviedok azkar fitxatu nahi izan zuelako. Hamazazpi urte baino ez zituen Cedrunek, eta han joan zen Oviedora, probatu nahi zutela eta espainiarrek. “Lan ona egingo nuen, presidenteak esan zidalako azaltzeko bulegora, kontratua sinatzera”. Joan zen, baina sinatu ez: “Athleticek jakin zuenean horren berri, auto bat bidali zidan Oviedora klubeko ordezkariekin, ez nezan sinatu eskatzeko, eta Athleticera batzeko erregutzeko”. Cedrun gazteak ez zuen bitan pentsatu: Athleticera.


Aputxianok, garai hartan, lagunekin jokatzen segitzen zuen. Hamabi urte baino ez. Beste hamar urte igaroko ziren hau ere kanpoko kanpaiek erakarri zutenerako: “Valentziara 22 urte bete nituen egun berean joan nintzen”. Ilusioa gainezka, jakina, eta atezain handia izateko irrika ere tamaina beretsukoa: “Baina ez zitzaizkidan gauzak ondo atera. Ez nuen jokatzeko aukera handirik izan, eta neuk eskatu nion klubari bigarren taldera jaisteko, Mestallara. Igo berria zen Bigarren Mailara”. Cedrunen ibilbidearen alboan bereari txikia iritzita, hau esan dio eibartarrak: “Zuk bai egin bidea. Ni zure ondoan ez nintzen ezer izan”.

Cedrun Bilbora ekarri zutenerako, bazekiten zerbait Athleticeko entrenatzaileek. Azkar eman zioten, gainera, debuta egiteko aukera: “Sevillaren aurka izan zen, San Mamesen. Astebete lehenago esan zidaten, aurreko partidan Lezama atezain titularrak huts larriak egin zituela eta”. Bere bizitza luzeko asterik luzeenetakoa izan omen zen hura: “Urduri ibili nintzen aste osoan, batere lorik egin gabe”. Han atera zen atezain gaztea San Mames handira, eta lehen partida nahikoa izan zuen zaleak alde jartzeko. Erabakigarria izan zen garaipena etxean geratzeko: “1-0 gindoazen irabazten, eta epaileak penaltia adierazi zuen gure kontra. Geratzeko zortea izan nuen, eta zaleak txoratzen, ‘nor da aldeano hau?! oihuka”. Sorterria beti gogoan Cedrun zaharrak: “Hementxe bertako Orobio baserrikoa nintzenez, baserritar edo aldeano deika hasi zitzaizkidan segituan”.

Geldiketa handi harekin geratu egin zen Athleticen urte luzez, eta urrundu egin zituen bera betetzen ari zen amets bera gauzatu nahi zuten atezainak. Joxe Angel Iribar bera ere bi urtez izan zen Cedrunen ordezko: “Nire azkeneko bi urteetan izan zen hori. Bigarrenaren amaieran, zuzendaritzak eskaintza eskasa egin zidan kontratua berritzeko, eta haserretu egin nintzen. Esan nien nola arraio tratatu zezaketen horrela hamazazpi urtez Athleticeko atezain izandakoa, eta ospa egin nuen. Esan nien hor zeuzkatela Iribar eta beste gazte batzuk, eta horiei emateko aukera”.

Espanyolek azkar baliatu zuen aukera atezaina eramateko: “Bizi asko egin zidaten eskaintza, eta han joan nintzen. Kubala eta Di Stefanorekin jokatu nuen talde hartan. Zein azkarra zen Di Stefano, berrogei urte zeuzkan arren”. Kataluniarrekin eman zion segida ibilbideari, eta Baltimore hirian bukatu. Gero, entrenatzaile lanetan ere aritu zen; besteak beste, Barakaldoren ardura hartu zuen.

Aputxianok izan zuen aukera Realean eta Osasunan jokatzeko, baina ezezkoa eman zien eskaintzei: “Arakistain zegoen Realean, eta ordezko izateko zertara joan? Eta Osasunan ere beste horrenbeste, Eizagirre zelako atezain titularra”. Gauzak horrela, Eibarren egin zituen bere ibilbide azkeneko urteak, eta lan munduan sartzea erabaki zuen segituan. Alfa enpresan hasi zen, eta gerora, berea sortu zuen. Hor jarraitzen du oraindik familiako enpresa horrek lanean.


Futbola ikusten du nahi beste, Ipuruan izatea ohitura du, eta etxean makina bat partida ikusten ditu telebistaz. Cedrun ere zalea da partidak ikusten, eta biei ezinbestean, beraien garaiko oroitzapenez betetzen zaio burua begiak orainaldian jarrita dituzten bitartean.

Baloia uretan, pisua hartzeko

Futbola bat eta bera zen orduan eta orain, baina zenbat ezberdintasun ordutik hona. Araudiari heldu dio Aputxianok segituan: “Guk aukera geneukan baloia eskuan hartzeko taldekide batek eman ondoren, baina orain ez du uzten araudiak, eta horrek sekulako aldaketa eragin du. Atezainak esna egon behar du orain momentu guztietan, baina gure garaian, zure taldea beste baino askoz hobea bazen, baloia ukitu ere ez genuen egiten, eta lo hartzeko arriskua ere izaten genuen”. Gustatzen zaio eibartarrari oraingo arau hau, eta pena du berak harrapatu ez izana: “Jokalari izatea asko gustatzen zitzaidanez, aukera emango zidan baloia oinekin erabiltzeko, nahiz eta atezain izan”. Berehala zimurtu du kopeta Cedrunek. Ez du gustukoa arau hau: “Guk baloia eskuarekin hartu, eta zelai-erdiraino botatzen genuen eskuekin, eta aurkariaren zelaian baloia azkar jartzeko modu eraginkorra zen. Orain, berriz, delako tiki-taka horrekin, bost minutu behar izaten dute talde batzuek zelai-erdia pasatzeko. Aspertu egiten nau”.

Orduan ere baziren aurkaria hasi eta buka mendera zitzaketen taldeak. Real Madril zen bat, bere garai loriatsuan, han eta hemen irabaziz. Zelaian gehiago izaten zenez gauzak bere-berean joanez gero, zerbait asmatu behar hari irabazteko. Cedrunek kontatu du zer egiten zuten baloiarekin: “Partida baino egun bat lehenago, uretan sartzen genuen ontzi batean, pisua har zezan. Real Madrilekoak abilak ziren jaurtiketak egiten, eta baloi astunari pisu gehiago jarrita, ezinean ibiltzen ziren”, gogoratu du barrezka. Di Stefanok behin zer esan zion ere aipatu du: “Esan zidan ea zer arraio egin genion baloiari, eta erantzun nion uretan eduki genuela, berak ez zezan bere jaurtiketa zitala baliatu”.

Aputxianok Ipuruan sarritan zer egiten zuten kontatu du: “Zelaia urez blai jartzen genuen, erregadioa geratu gabe utzita. Gu baino hobeak gutxi zelai lokaztuetan”. Eibarko zelai zaharra ez da denbora asko lokaztuta egoten zena, eta bazuen bereizgarri bat atezainentzat: ate ondoan, area txikian, erdi-erdiko ur putzua. Cedrun gogoratu da bai: “Ohikoa izaten zen hemengo zelaietan putzu hori egotea, eta badakizu non egiten genuen lehen geldiketa, ezta? Horixe! Putzuan. Eta gero, partida osan blai eginda egoten ginen”.

Baloiei berriz helduz, Aputxianok emandako ondorengo adibideak ederki azaltzen du zer zen lehengo futbola. Ezer gutxi zeukan oraingoak duen negozio eta diru xahutzetik: “Baloiak zaindu beharra zegoen. Ia-ia debekatua zegoen bat galtzea ere. Egin ezazu kontu zer zen hura, Eibarren materialaz arduratzen zenak, Tomas Catalana izenekoak, margotu eta dena egiten zituen baloiak gehiago iraun zezaten”.

Athleticen izango zituzten baloiak, Eibarren baino gehiago ziurrenik, baina ez inguruko taldeetan. Cedrunen gertakizun honek ondo azaltzen du nola moldatzen ziren Durango aldean: “Athleticen erabiltzen genituen baloiak nire autoan sartu, eta ezkutuan ekartzen nituen Tabirara, hemengoek erabil zitzaten. Gero, hurrengo goizean, lehengo lekuan uzten nituen, Bilbon”.

Harizko eskularruak

Pentsaezina da baloiena gaur egun, edozein taldek eta edozein mailatan duelako baloi multzoa, gehiago edo gutxiago. Atezain profesionalek ere nahi beste dituzte eskularruak, eta bakoitzaren izena idatzia dutenak, gainera. Aputxianok eta Cedrunek harrapatu izan balituzte gaur egungoak...

Izan ere, bazituzten eskularruak, baina harizkoak: “Garai hartan erabiltzen ziren baloientzat egokiak ziren”, nabarmendu dute biek. Ez zeuden, baina, propio eskularruak egiten zituzten enpresak, orain bezala. “Amak egiten zizkidan niri”, bota du Cedrunek: “Urtean sei pare osatzen zituen, eta haiekin moldatzen nintzen”, gehitu du. “Euria egiten zuenean, oso balekoak izaten ziren. Orduan erabiltzen nituen nik”, esan du Aputxianok. “Pixka bat busti, eta primerakoak ziren gure amak egindakoak”, Cedrunek berriz.

Oinetakoak ere... Tokitan zeuden orduan gaur egungo koloretakoak, arinak, neurrikoak eta salmenta helburu dutenak. Taldekideren batenak ondo geratuz gero, pare haiekin moldatu behar izaten ziren garaikoak dira Aputxiano eta Cedrun. Eibarren zer egiten zuten azaldu du eibatarrak: “Gazte mailan geundenean, goiko jokalariek erabilitakoak ematen zizkiguten guri, eta handiegiak baldin baziren, algodoia sartzen genien neurrikoak bihur zitezen”. Kamisetei heldu die Cedrunek, nolako komeriak izaten zituzten kontatzeko: “Berez astunak izaten ziren, eta euria egiten zuenean, bustita, a ze nolako pisua hartzen zuten. Beltzak ikusiak gara garai hartan euria eta haizea egiten zuen bakoitzean”.

Oraingoa ez harrapatu izanaren pena

Halakoak pasa eta gero, eta halakoen berri eman ondoren, ez da harritzekoa gaur egungo futbolari inbidiarekin begiratzea. “Pena handia daukat lehenago jaio ez izana”, onartu du Cedrunek. “Nire buruari esaten diot zergatik ez nintzen jaio urte batzuk beranduago”.

Aputxiano zorrotza izan da gaur egungo futbolaren inguruko dirutzak eta negozioak begiz jota dituztenekin: “Norbaitek esaten didanean ez dagoela eskubiderik halako diru kopuruak irabazteko nik erantzuten diot ea bere semea balitz jokalari hori zer egingo zuen”.

Futbolak beti mugitu izan du dirua, eta oraingoa ezin bada alderatu ordukoarekin, garai hartan ere bazen dirua bazterretan. Cedrunek onartu du Athleticen bera zela soldata altuena zuena: “500.000 pezeta irabazi izan nituen denboraldiko”. Aputxianok Valentzian bost urtean irabazitakoa ekarri du gogora: 1.200.000 pezeta izango ziren gutxi asko”.

Tabiran eguzkia ezkutatzen ari da, eta harrizko harmailaren gainean hotza azaltzen hasi da. Solasaldiari amaiera emateko ordua heldu da, eta azkar batean jaiki da Cedrun bere 87 urterekin. Bizi dago gizona. Aputxianok makilaren laguntza behar du zutik jartzeko, baina trebe dabil oraindik ere. Zelaia utzi aurretik, azkeneko begirada pare-parean duten ateari egin diote. Batek jakin zer pasatu zaien burutik momentu horretan, baina ez harritu beren burua baloiak geratzen eta urruntzen ikustea, saltoka eta putzutan eta lokatzetan.

Culturaleko harrobiko jokalariak ari dira entrenamendura heltzen, bien bitartean. Katebegiak ez du etenik. Cedrun eta Aputxiano eta beren garaikideak izan zirelako dira orain jokalari gazteak. Mugimenduan dauden atezain historikoak. Museoko eskularruak.

#Atezainak #CarmeloCedrun #Aputxiano