MIKEL BILDOSOLA: “Nire filosofiarekin, nik izan ez nuen aukera eman nahi diet beste igerilari batzue


Masters zirkuituan Munduko Txapeldun izan da Budapesten, Darian Townsend igerilari olinpikoa menderatuta 100 metro libreetan. Orain, 2017ko Europako txapelketak begi bistatik galtzen ez duen arren, gehiago dabil entrenatzaile lanak egiten eta bere filosofia aplikatzen beste igerilari batzuekin.Espainiako txapeldun izan ostean, 16 urterekin, nahi bezain beste entrenatzeko traba handiak jarri zizkiotela nabarmendu du Mikel Bildosolak.


MIKEL BILDOSOLA, EZKERREAN.

Igeriketa munduan duen garaipenik handiena 34 urterekin eskuratu du Bildosola getxoztarrak. Zirkuitu profesionaletik kanpo antolatuta dagoen FINA World Masters Championship zirkuituan, hain zuzen ere. 2013an erabaki zuen Masters-ak lehiatzen hastea, eta iaz Europako txapelketa lortu bazuen ere, aurtengo garaipena entzutetsuagoa izan da Darian Townsend Estatubatuarra ‑2004an Urrezko Domina eta Munduko Errekorra ezarri zituen Atenasen igerilari estatubatuarrak- garaitu duelako Bildosolak. Hala ere, euskaldunak dio ez diela garaipenei asko begiratzen: “Asko disfrutatzen dut lehiatze hutsarekin. Egia da munduko txapeldun izatea gustatu zaidala Townsed garaituta, baina nik baino gehiago baloratzen du jendeak”.

Munduko txapeldun 34 urterekin. Esanguratsua behintzat bada.

Bai, berezia da. Nahiko arraroa da igeriketan adin honekin maila horretara heltzea edo horrelako garaipenak lortzea; ez da oso ohikoa egia esan.

Budapesten munduko txapeldun izan zara eta gainera Darian Townsend igerilari olinpiarra bigarren postuan utzi duzu.

Horrek eman dio nire garaipenari izen handiagoa. Jendeak ezagutzen badu igerilari bat eta zuk irabazten badiozu horrek entzutetsuago bihurtzen du; beste aurkariak ez ziren hain ezagunak, baina Townsendi irabazteak nolabait esateko pisua eman dio nire garaipenari. 2004ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina eta munduko errekorra egin zituen igerilari bat menderatzeak gehiago zabaldu du nire garaipenaren albistea.

Zuretzat berezia izan da Olinpiar Jokoetako urrezko igerilari bati irabaztea, edo ez diozu aparteko garrantzirik ematen?

Ez diet garaipenei asko begiratzen, asko disfrutatzen dut lehiatze hutsarekin. Ez naiz hobea sentitzen horregatik. Egia da munduko txapeldun izatea gustatu zaidala Townsendi irabazita, baina gehiago baloratzen du jendeak nik baino.

Garai batean pentsatuko zenuen Olinpiar Jokoetara iristeko gai zinela.

16 urterekin ikusten nuen gehiago entrenatuta iristeko aukera izango nuela, baina gero urteekin ikusi nuen nire bizitzak beste bide bat hartu zuela, eta agian entrenatzeko aukerak ez ziren aproposenak izan, eta ametsa desagertu egin zen. Gaztea zarenean amets hori izaten duzu.16 urterekin Espainiako txapelketa irabazi ostean uste nuen igeriketako Messi izango nintzela. Gero, ordea, ohartzen zara zure aurkariek zenbat entrenatzen duten, eta zu ez zara profesionala besteekin alderatuta, entrenatzeko aukera falta horregatik.

Arantza hori sartuta duzu?

Olinpiar Jokoetara joatea kirolari batentzat gorengo lehiaketan parte hartzea da, eta noski pena dudala. Pena ematen dit aukera benetan ez izana. Hala ere, talentu izugarria behar da eta beste horrenbeste edo gehiago lan egin.

Dena den, deigarria da, zure begirale batek zure gurasoei aholkatu izana egokiagoa zela igeriketa utzi eta beste kirol batzuetan hastea.

Ez omen nintzen oso ona uretan eta begirale batek nire amari esan zion beste kirol batzuk probatu beha nituela, igeriketan ez neukalako erraztasunik. Urtebete egon nintzen beste kirol batzuk egiten. Nire anai bikia igeriketan hasi zen eta horren bidez gurasoek erabaki zuten ni igeriketan hastea. Errebotez sartu nintzela esan daiteke.

Txapeldun orain izan zarela kontuan hartuta, fisikoki zure momentu onenean zaudela esan daiteke?

Fisikoki ez nago nire momentu onenean, baina agian burua hobeto daukat orain, momentua ere aproposagoa da, eta horri esker lortu ditudan emaitzak garai batekoak baina hobeak dira. Baina duela 12 urte izango banitu entrenatzeko aukera hauek, filosofia hau, seguru asko gauza oso onak lortzeko aukera izango nuela.


Zer aldatu da hamabi urte hauetan?

Garai hartan ez nekizkien hainbeste gauza igeriketari buruz. Gaur egun, artikulu asko irakurtzen ditut, igeriketan oso murgilduta nago. Lehen buru belarri ibiltzen nintzen txapelketak prestatzen, eta ez nien arreta jartzen horrelako gauzei. Entrenamenduak jarraitzen nituen nahiz eta ez ziren nik prentsatutakoak, edo niretzat egokienak zirenak. Azken finean, talde batean nengoen eta jarraitu egin behar nuen plangintza zen. Horrek ez zidan ahalbidetzen nire maila onenera iristea. Gaur egun, aldiz, nik egiten ditut plan guztiak, entrenamendu guztiak nik prestatzen ditut, eta horrek proportzionalki emaitza hobeak ematen dizkit orain.

Aukera hori ez izatearen atzean zer zegoen zehazki?

Ez geneukan aukerarik gehiago entrenatzeko. Errendimendua hobetzeko aukera gutxiago neuzkan. Esaterako, Igeriketa taldeko zuzendaritza batzordean sartuta zegoen nire ama. Udaletxean eskatu zuen baimena institutura edo eskolara joan aurretik nik entrenamenduak egiteko aukera izatea, eta han esan zioten Espainiako Txapelduna izanda ea zer gehiago nahi nuen. Oztopoak oso handiak izan ziren. Ez neukan biderik nire helburura iristeko. Kirol hau oso gogorra da, eta ezin izan nion nahi beste ordu eskaini.

Europako eta Munduko Txapeldun izanda, eta Olinpiar Jokoen ametsak ihes eginda, zein dira zure helburuak etorkizunerako?

Nire helburu pertsonalei ez diet asko begiratzen. Nire buruan gehiago dago nire filosofia beste igerilari batzuekin aplikatzea, eurek lortu ditzaten garaipenak, edozein mailatan.

Niri dagokidanez, hurrengo erronka da Europako txapelketan ahalik eta emaitza onena lortzea. Baina hala ere gehiago nago entrenatzaile fazetan sartuta igerilariarenean baino. Enpresa bat egiten ari gara igerilarien errendimendua hobetzean espezializatuta dagoena, igerilari triatleta edo ur irekietan aritu nahi dutenentzako. Horrek asko betetzen dit. Nik izan ez dudan aukera eskaini nahi diet beste igerilari batzuei.

Getxo Swim Camp.

Bai, horixe bera. Mota askotako igerilariekin ari gara lanean. Maila altuko igerilariak eta triatletak etortzen dira. Jendeak ordu asko sartzen ditu, baina ez diete behar bezain besteko etekina ateratzen ordu horiei. Gure enpresaren laguntzari esker, nire filosofiari esker, nik izan ez nuen aukera eman nahi diet beste igerilari batzuei.

#MikelBildosola #igerilaria #elkarrizketa #Masterszirkuitua

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio