Marino Lejarreta: "Itzulia irabazi ez izanak ez nau arduratzen"

Harmaila aldizkariko 6.zenbakian elkarrizketatu genuen Marino Lejarreta, bere ibilbidea errepasatzeko asmoz.


Testua: Iñaki Berastegi Argazkiak: Harmaila eta Unai Zabaleta


Marino Lejarretaren (Berriz, Bizkaia, 1957) palmares zabalak hutsune bat badu: Euskal Herriko Itzulia. Bost aldiz amaitu zuen hirugarren postuan, eta etapa garaipenik ezin izan zuen lortu. Harmailaren bigarren zenbakian hitz egin genuen Lejarretaren garaiko arerio nagusietako bat izan zen Julian Gorosperekin. Otxandion egin genuen hitzordua Mañariakoarekin, eta kasualitatea edo ez, Otxandiotik gertu dagoen Oleta (Aramaio, Araba) auzoan duen etxean bildu gara bizkaitarrarekin bere ibilbidea errepasatzeaz gain, gordeta dituen garaikurrak, bizikletak eta bestelakoak ikusteko.

Azken denboraldia ez zen erraza izan, Zornotzan erorikoa izan ostean, ez zenuelako nahi zenuen moduan amaitu azken denboraldi hura. Autzaganen erorikoa izan nuen Udaberriko klasikoan, eta bizkarrezurra apurtu nuen. Galdakaoko ospitalean 40 egun eman nituen ohetik altxatu ezinda. Nire azken denboraldia errepidean amaitu nahi nuen. Errioxan eta Kolonbian korritu ostean, Montjuickeko lasterketa izan zen azkena. Urtebete lehenenago hartu zenuen bizikleta uzteko erabakia. Momenturen batean bukatu behar zen, hainbeste urte ibili ostean. Ondo bukatzea neukan buruan, nik neuk erabakia hartzea, nik uztea bizikleta, eta ez alderantziz. Txirrindularitza profesionala ez da betirako. Norberak ikusten du noiz den momentua, lehiaketa edo lasterketetan geroz eta ahalmen gutxiago duzu. Ciclismo a Fondo aldizkariak eta Elkarrek 1992an zure biografia idatzi zuten; Marino Lejarreta, sinpletasunaren indarra.


Hitzaurrean zenioen agian garaipen gehiago lortu zenitzakeela. Hori oraindik ere buruan duzu?

Agian bai, baina nire asmoa ez zen garaipenak bata bestearen atzetik zerrendara gehitzea. Bihotzarekin korritzen nuen, beti emankorra ez bazen ere. Arimarekin, inpultsuekin korritzen nuen. Ni korritzeko modu horrekin gustura nengoen, eta hori da garrantzitsuena. Momentu batzuetan hotzago ere jokatu nuen, taktikak erabili, baina normalean inpultsuen arabera korritzen nuen.


Dena den, garaipen zerrenda polita duzu. Eta hori guztia, txikia zinenean, bizikleta propio bat izan gabe.


Oker ez banaiz lasterketak korritzen hasi nintzenean erosi nuen lehendabizikoa. Ondoren, beste bizikleta batzuen piezekin konpondu edo osatzen nuen. Aurretik, aitarena edo anaien bizikleta hartzen nuen. Garai haietan ez zen normala bizikleta bana izatea. Aitaren bizikleta hartu, eta anaia zaharragoekin batera, paseo luzeak egiten zenituen bi gurpilen gainean.


Anaien gurpilari eusteko ahaleginetan ikasi zenuen bizikleta gainean sufritzen?

Ez ginen entrenatzera joaten, garraio bezala erabiltzen genuen bizikleta; mendira edo hondartzara joateko, Arantzazura, Aizkorrira edo Gorbeara. Lau urte gazteagoa nintzen ni, baina nola edo ahala lortzen nuen euren erritmora joatea. Urkiola bizikletaz igotzeko asmoa sartu zitzaidan buruan. Urkiola Everest bezalakoxea zen guretzat, eta prestatzeko, lehendabizi, Arrate igotzera joan ginen. Hamar urte nituenean edo lortu nuen Urkiola igotzea. Kostatik buelta ere egiten genuen. Amari esaten genion Ondarruko hondartzara gindoazela, baina han bainutxoa hartu ostean, kostaldetik 100 kilometrotik gora egiten genituen bizikleta gainean. Motxila bat eraman ohi genuen, bokadilloekin eta zatoarekin. Behin gogoan dut sekulako egarria sartu zitzaidala eta ardoa zatotik edan behar izan nuela.

Gezurretan ibiltzen zineten. Bronkaren bat edo beste ere jasoko zenuten.

Askotan, baina normalean anaiei baino gehiago niri botatzen zizkidaten bronkak etxean. Despistatua nintzen oso, anaiak baino gehiago, eta askotan berandu iristen nintzen etxera.

Abenturazalea zinela, alegia.

Paseotxo luze horietako batean Aizkorri eta Arantzazutik buelta egin genuen behin. Bueltako bidean, Oñatin, sekulako eguraldi txarra aurkitu genuen, eta autobus geltoki batean azpian geratu ginen hobera egiten zuen bitartean. Iluntzen hasi zen, eta ni pozik nengoen, beste abentura bat zelako. Han lo egiteko prest nengoen ni, baina, azkenean, ez dakit nola, telefonoz etxera deitzea lortu genuen eta San Prudentziora ilunpetan joan eta han jaso gintuzten.


Paseotxo haiek ematetik nola pasatu zineten lasteketetara?

Zornotzako taldean hasi ginen. Ismael anaia gero KAS taldera joan zen, afizionatuetako bere laugarren eta nire lehendabiziko urtean. Elkarrekin entrenatzen genuen askotan, eta afizionatuetan Galizia, Errioxa edo Palentzian lehiatzeko aukera izan nuen. Palentzian ikasi nuen abanikoak egiten. KAS taldearekin profesionaletara pasatu zen Ismael eta tarteka entrenamenduak ere batera egiten genituen. Hori ere onerako nabaritzen nuen nik afizionatuetan.

Novostil-Helios taldean egin zenuen debuta profesionaletan. Ismael ere bertara joan zen.

KAS profesionalean bi urte eman ostean joan zen hara Ismael. Niri soldaduska egitea tokatu zitzaidan, eta destinoa zein izango zen zain nengoen, zortea izanez gero, Valladolideko Novostil Helios taldean anaiarekin korritu nezakeelako. Leonen neukan kanpamendua, eta azkenean zortea lagun izan nuen; Valladolid egokitu zitzaidan. Anaiak taldean korritzen bazuen ere, etxean bizi zen, eta ni soldaduskan nengoen. Baimenak ematen zizkidaten entrenatzeko eta lasterketetara joateko. Maniobra militarrak lasterketekin eta entrenamenduekin tartekatu zenituen. Costa del Azahar lasterketan egin nuen debuta, aurreko astean maniobra militarretan parte hartu ostean. Agenda batzuk dauzkat denboraldi bakoitzeko datuekin, eta bertan hori guztia apuntatuta izango dut. Hau da, zenbat entrenatu ahal izan nuen debuta egin aurreko asteetan eta abar. Bazkalduta atera ohi nintzen entrenatzera, horretarako baimena nuelako, eta arratsaldeko seirak aldera bueltatzen nintzen. Lan asko ere ez genuen egiten soldaduskan; gaueko zaintza egitea zen lan gogorrena.

Hain zuzen, duela gutxi, martxoan, 40 urte bete dira Levante aldeko lasterketa hartan debuta egin zenuenetik.

Lasterketa gogorra izan zen. Lehenengo etapa bukatzeko zorian nengoela, bost kilometro falta zirenean, zulatua izan eta erretiratu egin behar izan nuen. Erretiratu arren, hurrengo egunetako etapetan parte hartu zitekeen. Esaterako, edizioko etapa gogorrena amaitu nuen, nola edo ahala, 20 minutuko atzerapenarekin eta kotxe artean ibilita [kar, kar, kar].

Nabaritu zenuen prestakuntza falta hura lehendabiziko urte hartan?

Espainiako Vuelta eta Euskal Herriko Itzulia amaitu nituen, adibidez, baina oso flojo ibili nintzela gogoan dut. Vueltari dagokionez, lehenengo astean gorriak ikusi nituen helmugara iristeko, eta azken astean, ondo moldatzen hasi nintzenean, lasterketa amaitu zen. Urte hartan lasterketa eta entrenamenduak batuta, 15.000 kilometro egin nituen, profesionaletan, normalean, 30.000 kilometro inguru egitea zirenean.

Novostil-Helios taldea denboraldi amaieran desagetu zen. Zer gertatu zen?

Felipe Yañez taldekideak Espainiako Vueltan mendiko saria irabazi zuen. Kelme-k babesten zuen mendiko saria, eta enpresak hurrengo urterako taldea atera behar zuenez, Yañez fitxatu zuen. Hortik aurrera, fitxaketarena jakin zenean, taldeak ez zion gehiago lasterketetan parte hartzen utzi. Taldea desagertu egin zen eta Ismael eta ni Txomin Perurenak zuzendu behar zuen Teka taldera joan ginen. Txominen azken urtea nire lehendabizikoa izan zen, eta Teka-n xirrindulari bezala ibili ostean, taldeak zuzendari postua eskaini zion.

Talde indartsuago batean, eta soldaduskatik libre, 1980ko denboraldia erabat bestelakoa izango zen.

Urte normal bat. Emaitzak hobeak izan ziren eta baita nire maila ere. Asturiasko itzulian lehendabiziko etapa garaipena lortu nuen, baina, bereziki, pausu handia Kataluniako Volta irabazi nuenean eman nuen. Volta garai hartan ospe handiko lasterketa bat zen, baita nazioarteko txirrindularientzat ere.

Espainiako Vueltan, bigarren parte hartzean, bosgarren amaitu zenuen. Hori ere lorpen garrantzitsua da hasiberri batentzat.

Parte hartze mailari erreparatuta, emaitza ona izan zen. Nire maila hor egotekoa zela ikusi zen. Hurrengo urtean, 1981an, Giovanni Battaglinek irabazi zuen edizioan, Teka-k ez zuen parte hartu. Vueltak talde kanpotarrekin eta bertakoekin zuen harreman ezberdina salatu nahi genuen. Antolatzaileek aurpegira barre egiten ziguten, eta taldeko zuzendaritzaren babesarekin, erabaki hura hartu genuen.




Frantziako Tourra korritu zenuten.

Baina Tourra prestatzeko, Vuelta egin beharrean, Frantzian bigarren mailako egutegia egin behar izan genuen. Prestakuntza aldatu genuen, eta Tourrera ez ginen ongi iritsi. Gainera, harbideetan ere Roubaix-ra bidean sekulako etapa gogorra korritu genuen, infernua izan zen hura niretzat. Nire benetako denboraldia Tourraren ostean hasten zen.

Donostiako klasikoa, Ordizia, Getxo, Gaztelako Itzulia, Narancoko igoera eta Asturiasko etapa irabazi zenituen. Urtea txarra ere ez zen izan.

Ez, noski. Ikusi zen urte hartan ere asko egin nuela hobera eta horretan jarraitzen nuela.

1982an korritu zenuen berriz ere Vuelta. Korritu ez ezik, bigarren amaitu zenuen, eta Angel Arroyok positibo eman ostean, zuri eman zizuten azken garaipena.

Ez zen urte berezia izan. Pena izan zen nola bukatu zen edizio hura, ni etxera bigarren bezala joan nintzelako. Telefonoz jakinarazi zidaten Espainiako Vuelta irabazi nuela, baina horrela garaipenak ez dira disfrutatzen.

Gutxienez, garaikurra bidaliko zizuten, ezta?

Ez, Arroyo geratu zen garaikurrarekin eta maillotarekin. Horrek ez dit burukominik ematen. Itzuli hartan eman nuen kirol mailari ematen diot nik garrantzia; zer egin nuen eta zer eragin nuen gizarte mailan. Hori da niretzat garrantzitsuena. Aho zapore mingots hori alde batera utzita, Vuelta bikaina egin zenuen. Kataluniako etapa batean ihesaldi bat sortu zen eta Reynoldseko Angel Arroyo han sartu zen. Sailkapen nagusiari dagokionez ez zitzaigun iruditu Arroyo arriskutsua zenik, baina, handik aurrera, ondo eutsi zion lidertzari. Parte hartzea ere ez zen beste mundukoa.

Urte hartako Tourrean nahi eta ezin aritu zinen.

Lehenengo parte hartzean kolpe izugarri hartu nuen, eta urte hartan ere bai. Nahi eta ezin, bai. Lehenengo urte haietan ez nekien Tourra ongi korritzen. Intentsitatea ongi neurtzea eta pelotoian ongi mugitzea falta zitzaidan. Indarrak ongi gordetzen ere ez nekien. Bihotzarekin korritzen nuen, eta hori dela eta, batzuetan, ez nuen energia benetan behar zenerako gordetzen.

Sorpresa mundialean eman zenuen 5. amaituta. Zuretzat ere sorpresa izan zen?

Niretzat ere bai. Ingalaterrako Goodwood autodromoan amaitu zen lasterketa, aldapatxo batean. Mundialaren aurretik hitz eginda neukan hurrengo denboraldia Italiako talde batean korritzeko, bertako txirrindularitza probatzeko gogo handia nuelako. Hemen egoera nahasia zen, depresiboa, ez zen asko irabazten eta negar asko egiten zen. Mundiala lehiatu aurreko egunetan esan nion Txomini Alfa-Lum taldera nindoala. Mundialaren lehenengo itzulietan ez nintzen ondo aurkitu, baina azkenaurreko itzulian erasoa jo eta bakarrik joan nintzen aurrera. Atzetik italiarrak tiraka hasi ziren eta azkenean Giuseppe Saronnik irabazi zuen mundiala. Tropelak harrapatu ninduen, baina beste esprint bat jotzeko indarra izan nuen bosgarren amaituz. Ez dakit indarrak nondik atera nituen.

Italiara joatea erabakita zenuen arren, Bartzelonako aeroportuan azken eskaintza bat egin omen zizun Espainiako talde indartsu batek.

Kelmek eurekin sinatzea nahi zuen, baina nik erabakia hartuta neukan. Italiako txirrindularitza barrutik ezagutu nahi nuen, taldeak beste era batera antolatzen eta kudeatzen zirelako, batik bat.

San Marinora joan zinen bizitzera, Alfa Lum taldea bertakoa zelako. Hori ere bada kasualitatea.

San Marino existitzen zenik ere ez nekien, eta Alfa Lum taldea ere ez nuen sekula entzun eskaintza izan nuen arte. Oso gustura eman nituen han hiru urte, eta bikain tratatu ninduten.

Espainiako Vuelta helburu nagusia izatetik Italiako Girora begira jarri zinen.

Bai. Italiarrentzako Giroa zen lasterketa garrantzitsuena, Tourra baino are garrantzitsuagoa. Nik Giroa probatzeko gogora ere baneukan.

Zazpi aldiz parte hartu duzu Italiako Giroan, eta guzti horietan lehenengo hamar sailkatuen artean amaitu duzu. Marka polita da hori.

Bernard Hinaultek irabazi zuen Espainiako Vueltaren ostean parte hartu nuen lehendabiziko aldiz Giroan. Seigarren amaitu nuen, ongi ibili nintzen, baina gorabehera handiak izan nituen. Etaparik ez nuen irabazi, baina oker ez banaiz, hiru etapatan bigarren amaitu nuen. Zorte txar apur bat izan nuen.

Kronologikoki, Espainiako Vuelta lehiatu zenuen Giroaren aurretik. 1982ko edizioan errepidean lortu zenuen emaitza errepikatu zenuen, baina arerioen maila altuagoa izan zen edizioa hartan, gogoratzen den onenetarikoa.

Nire Espainiako Vuelta onena 1983koa izan zen. Bernard Hinault, Julian Gorospe, Alberto Fernandez, Hennie Kuiper, Laurent Fignon eta Greg Lemond edizio hartan izan ziren.

Zaragoza eta Soria arteko etapa hartan galdu zenuen lidertza, Gorosperen mesedetan, Bernard Hinaultek antolatu zuen ihesaldi baten erruz. “Amorru handia” sentitu zenuela esan zenuen etapa amaitu ostean hedabideei egindako adierazpenetan.

Bai, tropelean ongi lan egin izan bagenu, aldea askoz ere laburragoa izango zelako. Pelotoian Lemond eta Fignonek traba egin zuten, abiadura moteltzen zuten edo taldea apurtzen saiatzen ziren erasoen bitartez. Hinaultek jokoz kanpo harrapatu nahi ninduen, azken garaipenerako aukerarik gabe utzi. Saronni eta Kuiperrekin taldetxoa egin zuen aurrera joateko. Bi horietakoren bat atzean geratu izan balitz euren taldeek nirekin lan egingo zuten seguruenik Hinault harrapatzeko. Jende garrantzitsua sartu zen taldetxo horretan eta ni aliaturik gabe geratu nintzen atzean. Valladolideko erlojupekoan galdu nituen gero aukera guztiak. Hala ere, aho zapore onena utzi didan edizioa, Melcho Maurik irabazi zuenarekin batera.

Hinaultek zu aukerarik gabe uzteko ihesaldia antolatu zuen. Baina, etapa batzuk lehenago, zuk eta beste txirrindulari batzuek, Hinaulti denbora sartzeko aukera izan zenuten ihesaldi batean. Perico Delgado, Alberto Fernandez, Julian Gorospe eta zu ez omen zineten ongi konpondu.

Viellako helmugara bidean izan zen hori. Delgado, Fernandez eta Gorospe ihesaldian sartu ziren, eta ni tropeletik tiraka hasi nintzen. Azkenean, ihes egin nuen, eta Bonaiguan behera bat egin nuen aurrekoekin. Nik amaiera ezagutzen nuen, eta apur bat gehiago arriskatu nuen ihesalditik tiraka. Viellara iritsi ginenean, baina, inork ez zuen buruan jarri nahi. Azken metroak ongi egin nituen eta garaipena lortu nuen. Hobeto konpondu izan bagina ez dut uste Hinaulti denbora askoz ere gehiago aterako genionik.

Hiru urte eman zenituen Italian, 1983tik 1985ra. Garaipenei dagokionez, agian ez ziren urte emankorrenak izan.

1984an Italiako Giroan 4. postuan amaitzeaz gain, etapa bat irabazi nuen. Italian eman nituen denboraldietatik kaxkarrena hirugarrena izan zen, 1985ko denboraldia. Osomoko lasterketa eta Santanderreko kriteriuma irabazi nituen. Urte haietan pisua gutxi kontrolatzen genuen, eta San Marinon nengoenean asko jaten nuen. Nire arazo nagusia hura zen. Familia giroko hotel batean bizi nintzen San Marinon, etxean bezala. Etxekoandreak jateko asko ematen zidan, eta nik dena jaten nuen. Hemendik Italiara joaten nintzenean ongi hasten nintzen, baina bertan asteak eman ostean, beheraka egiten nuen.

Txomin Perurenaren eskutik bueltatu zinen, 1986an, Seat-Orbeako txirrindulari izateko.

Italiako zikloa amaitu zen, eta etxera bueltatu nahi nuela garbi neukan. Gainera, Seat-Orbea taldera joan nahi nuen. Txominekin hitz egin ostean lortu nuen bueltatzea, eta lidertza partekatu nuen Cabestany eta Mujikarekin.



Itzulerako urtean Espainiako Vueltan bosgarren amaitu zenuen eta Girora ez zinen joan. Tourra buruan izango zenuen, ezta? Zure orduko hitzak dira: “Tourra niretzat amesgaizto eta obesio bat da”.

Gutxi gorabehera, bai. Lasterketa garrantzitsuena zen eta nik ez nuen lortzen gauzak ondo egitea. Sailkapen nagusian 18. postuan amaitu nuen arren, uste dut urte hartan hasi nintzela ikasten Tourrean gauzak nola egin behar ziren. Tourra intentsitate handiko lasterketa zen, pelotoian tentsio handia nabaritzen zen, eta nik ez nuen lortzen hori guztia ondo kudeatzea.

Hiru itzuliak oso jarraian lehiatzen ziren, eta lehena Espainiako Vuelta zen. Egungo egoeran, Espainiako Vuelta abuztuan hasi eta irailean amaituko balitz, aukera gehiago izango zenituen.

Nik uste dut baietz.

Bueltatu gaitezen 1987ra. Lehenengo aldiz erabaki zenuen urte berean hiru handiak lehiatzea. Ez al zen erokeria galanta?

Giroa berriro korritzea nahi nuen. Baina, taldeak Espainiako Vuelta eta Frantziako Tourra korritzea ere nahi zuen. Jose Luis Uribezubia txirrindulari berriztarrak noizbait esan zidan Fuentek balentria hura egin zuela eta erokeria galanta zela. Ordutik aurrera buruan sartu zitzaidan eta noizbait saiakera egin behar nuen.

Zuzendariari hirurak lehiatu nahi zenituela esan zenionean berak zer esan zizun?

Txomin oso abenturazalea zen, eta nire ideia ongi iruditu zitzaion. Giroan laugarren amaitu nuen, Vueltan 34. postuan, eta lehendabiziko aldiz Tourra aurreneko hamarren artean amaitu nuen. Nik Vuelta ongi prestatzen nuen, baina urte berezia zenez, beste modu batera antolatu nuen denboraldia eta Vueltara justu samar iritsi nintzen. Hiru asteko itzuli bat egin ostean ni sasoiko jartzen nintzen, eta beste itzuli handi bat korritzeko maila bikainean nengoen. Euskal Bizikleta ere irabazi nuen Tourretik bueltan.

Lehendabiziko aldiz lortu zenuen, benetan, Tourrean zure maila ematea?

Bai, nire lekuan jarri nintzen. Posible ikusten nuen aurreneko hamar sailkatuen artean sartzea, hori zen nire lekua, zalantzarik gabe. Edizio hartan gutxiago arriskatu nuen, ez nuen beti aurpegia eman, bigarren plano batean korritu nuen eta abenturak beste batzuentzat utzi nituen. Etapa batzuetan ezin izan nuen onenekin egon, eta lehertu beharrean, bigarren multzo bat bilatu nuen etapa amaitzeko edo aurrekoak harrapatzeko.

“Ez zait zailegia iruditu hiru itzuliak amaitzea”. Zure hitzak dira.

Ez zitzaidan zailegia iruditu, egia da. Pentsa, Tourretik etorri ostean ere lasterketa pila bat irabazi nituen: Donostiako klasikoa, Urkiolako igoera eta Euskal Bizikleta. Donostiako klasikoa hiru bider irabazi dut eta laugarren bat irabazteko zorian izan nintzen; ia nirea ere kontsideratu daiteke. Izan ere, Jaizkibelen gora erasoa jo nuen eta Gastonek bakarrik eutsi zidan. Helmugan eman zidan errelebo bakarra. Hiru asteko itzuliak ez ziren gogorrak niretzat, ez amaitzeko behintzat. Astebeteko itzuliak baino errazagoak dira, aurrera eta aurrera jarraitu behar duzu.

Aurreko urteko balentria ez zenuen errepikatu 1988an, eta hiru asteetako itzulietako sailkapen nagusiei dagokionez, zure urterik eskasena izan zen.

Taldean esan zidaten ez zela komeni berriro ere urte berean hirurak korritzea. Gainera, Espainiako Vueltan erori eta erretiratu egin nintzen. Erorikoa izan ostean, hurrengo eguneko erlojupekoa korritzea lortu nuen, baina, mina neukan. Erradiografia bat egin zidaten eta ikusi zuten eskafoidesa apurtuta neukala. Hori horrela, Tourra ezin izan nuen nahi bezala prestatu eta ez nintzen sasoiko iritsi. Prestakuntza on bat egiteko nik intentsitateko lasterketa egunak behar nituen.

Azkenik, zure ibilbideko azken zatian, profesional bezala korritu zenuen hamargarren urtean, lortu zenuen Frantziako Tourrean zure benetako maila eman eta bosgarren egitea.

Apurka apurka lasterketa ondo irakurtzen ez ezik, konfiantza gehiago ere hartu nuen, lasterketa horretan gauzak nola egin behar ziren ikasi nuen. Tourra korritzen ikasi nuen, alegia. Gorputza hobeto erregulatzea eta indarrak nolanahi ez xahutzea, hori izan zen egin nuen aldaketa nagusia. Erlojupekoan ongi moldatu nintzen, baita 73 kilometro luze zituen batean, baina taldekako erlojuaren aurkakoan ez ginen ondo moldatzen. Prestatu ere ez genuen egiten taldekakoa.



Zure hitzekin jarraituz: “Nire bigarren gaztetasunean sartu nintzen 30 urterekin, eta orain, betiko gaztetasunean sartuko naiz”. 32 urte zenituenean esan zenuen hori.

Hamar itzuli handi amaitu nituen jarraian; 1988ko Frantziako Tourretik 1991ko ediziora arte. Ikusten nuen hiru itzuliak lehiatuta ere, maila onena azkenengoan, Tourrean ematen nuela. Are gehiago, Tourraren ostean nire mailak gora egiten jarraitzen zuen. Ezin nuen egutegi hura aldatu. Halere, egia da, azkenean gehiegi estutu nuela gorputza, eta 1991an nabaritu nuen: Vuelta topera lehiatu eta hirugarren amaitu ostean, Giroan ere 4. amaitu nuen. Giroan dena eman nuen eta han sortutako nekea gainean eraman nuen denboraldi guztian. Eta hori Frantziako Tourrean ikusi zen, 53. amaitu nuelako. Orduan hasi nintzen ikusten gorputza hainbeste jipotzeak ondorioak zekartzala.

Hitz egin dezagun zure palmaresaz. Esaterako, kostatu zitzaizun etxeko lasterketa, Zornotzako Udaberriko klasikoa, irabaztea. 14 aldiz parte hartu eta behin irabazi duzu. Kosta ala kosta irabazi behar zenuen.

Behin irabazi ezkero nahikoa da [kar, kar, kar]. Gainera, ondo ez nengoen urte batean irabazi nuen lasterketa. Irabazi nuen eta listo. Ordizia ere plaza garrantzitsua zen zuretzat.

Hasieran ospe handiko lasterketa zen, baina pixkanaka indarra galtzen joan zen. Italian nengoenean oso ongi portatu ziren, gonbidapena jaso genuen, eta nik Tourra amaitu bezain pronto, eskertza modura, Ordiziako klasika korritzen nuen. Bi aldiz, Tourra igandean amaitu, hegazkina hartu, eta astelehenean ordizia korritzen nuen. Bertakoiei behin esan nien, niretzat, Frantziako Tourra Ordizian amaitzen zela.

Eta ezin dugu ahaztu Montjuiceko igoera.

Bost aldiz irabazi nuen. Lasterketa oso aproposa zen niretzat. Korritu nituen lehenengo edizioetan lasterketa oso esplosiboa zen, gero kilometro kopurua handitu zuten, eta apur bat esentzia hori galdu zuen. 1981an ez korritzea erabaki nuen, aurreko urtean irabazi ostean, gutxiago ordaindu nahi ziotelako irabazleari. 1982an, ordea, Teka-k ia derrigortu egin ninduen korritzea, eta esan daiteke, ia nahigabe irabazi nuela; entrenatu ere ez nuen egin lasterketarako. Azken aurreko igoeran erasoa jo nuen han nengoela erakusteko, azken aldapan atzera geratzeko asmoarekin. Bakarrik iritsi nintzen helmugara.

Eta Itzuliarekin zer gertatu zen?

Ez etaparik ez ezer ez. Postu onak eta bai, podiumak, baina hortik aurrera garaipenik ez. Urtero lehiatzen nuen, etapa garaipenak ez ziren garrantzitsuak niretzat, sailkapen nagusia irabazi nahi nuelako. Azkeneko urteetan saiatu nintzen etapa garaipenak lortzen, baina ezin izan nuen bat bera ere lortu. Itzulia irabazi ez izanak ez nau arduratt Gogoan dut Francesco Moserrek esaten zidala beste era batera korrituta etapa garaipen gehiago lortuko nituela, baina nik nire erara korritu nahi nuen. Berari ez zitzaion komeni nik korritzeko nuen era. Nirekin haserre edo pikatuta bazaude, gusturago korrituko dut zure aurka. Eraso egiteko esaten zidan eta nik erantzun: “Txiki-txiki egingo zaitut”. Julian Gorospe eta Marino Lejarreta. Espainiako Vuelta eta Euskal Herriko Itzulian batak lortu zuena besteak beratzeko nahi zuen. Julian denboraldi hasierako txirrindularia zen, eta ni, berriz, denboraldiko bigarren zatikoa edo amaierakoa.

Nola zen bion arteko harremana? Tentsiorik bazenuten edo hedabideetan irakurri zitekeen harremanetik oso urrun zegoen errealitatea?

Kaleko pertzeptzioa zen hori, prentsak sortutako zerbait. Harreman ona geneukan, lasterketetan arerioak ginen, baina normaltasunaren barrruan. Hiru urteko aldea dago bien artean, baina zonalde berekoak gara, eta afizioa ere bien artean banatzen zen. Gipuzkoan txirrindulari garrantzitsurik ez zegoenez, ni hartu ninduten erreferente bezala eta bizkaitarrek Julian hartu zuten. Pentsa, bizkaitarra izanda, Gipuzkoako kirolari onenaren saria edo urrezko danborra jaso nituen. Julian eta bion arteko harremana ona zen, fortzatutako tentsio bat izan zen, kaleko giroan arnastu zitekeena, baina ez bion artean zegoen zerbait.

Hasieran aipatu dugu 1992an erretiratu zinela, eta erabakia aurreko denboralditik hartuta zeneukala. Egoera horri buruz zer iritzi zeukan ONCE zure taldeak? ONCE-k nik jarraitzea nahi zuen, ez dakit noiz arte, baina jarraitzea nahi zuen. Gure garaian, 35 urterekin erretiratzea bizikleta berandu uztea zen, beteranoa zen 35 urterekin korritzen jarraitzen zuena. Ismael anaiak esaten zuen 30 urterekin erretiratuko zela eta halaxe egin zuen. Ondo entrenatzen jarraituz gero maila onean jarraitzeko aukera izan nezakeen, baina txirrindularitza ere ez da betirako. Mentalki ere, eta hainbat arrazoirengatik, denboraldia luze egiten hasi zitzaidan; hainbeste denbora etxetik kanpo, entrenamendu luzeak eta bakarka egitea, eguraldi kaxkarra edo lasterketako tentsioa. Ondoren, zuzendari izatera pasatu nintzen ONCE-n bertan. Oso urte onak izan ziren. Puerto operazioa amaitu arte egon nintzen bertan; erantzukizun handirik gabe, nahi nuen karreretara joaten nintzen, eta niretzako oporretara joatea bezalakoxea zen lan hura.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio