Maite Maiora: " Mendaroko harakinaren alaba izaten jarraitzen dut, neska normal bat"


Argazkiak: Arnaitz Rubio/@ArnaitzRU - Jordi Saragossa

#Harmaila aldizkariko bigarren zenbakitik ateratako elkarrizketa. Aldizkaria erosteko, paperean edo bertsio digitalean, web orri honetako denda atalean.

-Nekatuta nago, zenbateko tartea daukat lehenengo neskarekiko?

- Lasai Maite, oraindik kilometro asko falta dira, eta oso-osorik zaude. Eutsi buruari, buelta emango diozu!

- Bai? Bale. Eskerrik asko!

Mont Blanc-eko ultra trailean izan genuen elkarrizketa hori, iaz, 100 kilometroko proban.Gaztetatik ezagutzen dut Maite, institutuan ez ginen urruti ibili, eta geroago, gure amaren jantzi-dendan ere aritu zen lanean, saltzaile. Kolore biziz janzten zen neska bizizale hura gailurraren gailurrean ikusiko nuenik... sinesteko ere! Munduko mendi lasterkari onena dela diote, eta tituluek ere hala baieztatzen dute. Lasterkari bikainaren gainetik, oinarrian dagoen pertsona umila azpimarratuko nuke nik; nirekin bederen, beti bezain gertuko aritu da.Chamonixeko helmugara iritsi zenean, eskerrak eman zizkigun lasterketan laguntzen aritu ginen guztioi. Nik berari eman nahi dizkiot eskerrak, emakume mendizale, langile eta borrokalaria den neurrian, askoren eredu delako. Gertutik segitzen ditut Maiteren lorpenak, eta lasterketez, mendiaz, argazkiez galdetu diot elkarrizketa honetan. Beste hainbat gauzari buruz ere bai. Ordu eta erdiz ibili gara kontu-kontari, mendian bezala, aspertu gabe aspertzeraino.

Nor da Maite Maiora?

Maite Maiora Elizondo Mendaroko harakinaren alaba da, 1980an jaiotakoa, hiru anai-arrebetan gazteena. Herri txiki bateko biztanlea eta neska normal bat.

Nondik datorkizu mendizaletasuna?

Gure etxeko kultura beti izan da oso euskalduna, mendizalea ere bai. Mendi garairik igo gabe, baina, gure adineko euskal familia askotan bezala, gure etxean ere igandeetan ohikoa zen Urbiara edo Xoxotera igotzea. Niri neroni betidanik gustatu izan zait mendia, hondartza baino gehiago. Elurra ere asko gustatzen zait. Etxean ez dira oso elur zaleak izan baina ni bai, gaztetan elurretako posterrak neuzkan gelan itsatsita.

Noiz eta nola hasi zinen korrika?

Gure etxean beti izan gara kirol zaleak, jarduteko zein ikusteko, eta bereziki korrikazaleak. Anaietako bat gazterik hasi zen korrika, 13-14 urterekin, eta gurasoek beti lagundu izan diote zaletasun horretan. Gogoan daukat anaia ikusten nuela eta inbidia ematen zidala, eta pixkanaka ni ere hasi nintzen. Erdi ezkutuan hasi nintzen korrika, lotsa ematen zidan oso poliki nindoan eta. Korrika egitea gauza erraza dirudi, baina sekula korrika egin ez duen norbaitentzat bi kilometro jarraian egitea ez da txantxa. Atera kontuak, kilometro bat egiteko 6-7 minutu behar badira, guztira 15 minutu egin behar dira korrika segidan, eta bada zerbait. Eta niretzat ere hala zen. 24 bat urte neuzkan orduan. Nahiko berandu hasi nintzen.


Korrika egitea gauza bat da, ordea, eta oso bestelakoa lasterketak egitea.

Bai! Gogoan daukat behin Donostiako maratoira lagundu niola anaiari eta inbidia eman zidan. Neska pila bat ikusi nituen korrika eta hauxe pentsatu nuen: “Hauek gai badira, ni zergatik ez?” Egunen batean nik ere maratoia egin nahi nuela erabaki nuen orduan. Hasieratik goian jarri nuen langa! (barrez) Beti gustatu zait denean hobetzea eta korrika ere hobetu nahi nuenez, azkenean, helburu bat jartzea zen onena, entrenatzeko aitzakia izateko. 2010. urtean Gasteizko maratoi erdia ordu eta erdian amaitzea jarri nuen helburu, eta orduan hasi nintzen prestatzailearekin lanean, Etor Mendiarekin.

Hasieratik ari zara, hortaz, Etorrekin?

Bai hasieratik nago Etorren “sektan” (barrez), eduki dudan prestatzaile bakarra da. Zerbaitek funtzionatzen badu, zergatik aldatu? Oso ongi moldatu gara hasieratik, eta orain oso ongi ezagutzen dugu elkar, bai gorputzez eta bai buruz, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.

Gasteizko maratoi erdia izan zen hortaz, zure lehen lasterketa?

Ez, urtebete lehenago Zumaian egiten den herri lasterketa batean atera nintzen, hura izan zen nire lehen lasterketa. Gero Etorrekin hasi eta Gasteizko maratoi erdia ordu eta erdian amaitzea jarri nuen helburu. Orain erraza dirudi, baina denbora hori egiteko korrika egin behar da, eta ni hasi berria nintzen. Azkenean ez nuen helburua bete, ordubete eta 31 minutuan edo amaitu nuen lasterketa. Gogoan daukat anaiak lagundu zidala eta azken kilometroetan esaten zidala: “Animo Maite, 1:32tik jaistea ez da txarra” (barrez). Ni triste ez geratzeko-edo esaten zidan, jakina.

“Ez naiz onena goraka, ezta beheraka edo lautadan ere, baina hiruretan nahiko ondo moldatzen naizela esango nuke”

Eta halako batean, mendi lasterketetan hastea erabaki zenuen...

Nik asfaltoan segitzen nuen korrika, baina halako batean, Xoxoteko kilometro bertikala egitea proposatu zidan Etorrek, prestakuntza gisa. Probatu, eta gustatu egin zitzaidan. Xoxoteko kilometro bertikala izan zen beraz, nire lehen mendi lasterketa; bigarrena, berriz, Olaztiko mendi maratoi erdia. Oso oroitzapen onak dauzkat, eta bi lasterketa horiek bereziak dira niretzat.

Zuretzat, baina, Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan da beti bereziena.

Bai. Ikusi nuen lehen mendi lasterketa Zegama-Aizkorri mendi maratoia izan zen, 2004. urtean izan zela uste dut. Nik banekien maratoi hori existitzen zela, eta lagun artean joaten ginen ikustera, baina egia esan, ez nuen ulertzen oso ondo zer zen: mendian 42 km korrika? Hura zorakeria zen niretzat. 22-23 urte neuzkan orduan, eta ez nuen korrika egiten. Korrikalariak ikusten nituenean harri eta zur geratzen nintzen. Eta mutilak tira, baina neskak? Halako batean pentsatu nuen: hauek egin badezakete, nik zergatik ez? Giroa ere izugarria da. Orain jende asko joaten da, baina orduan ere bai. Gu Arantzazutik joaten ginen beti, eta gogoan daukat autoa aparkatzeko arazoak izaten genituela. Guretzat Aizkorri berezia da, gainera, gipuzkoar askorentzat bezala. Ordutik bihotzean eraman dut lasterketa hori.

Noiz erabaki zenuen parte hartzea?

Xoxoteko eta Olaztiko mendi lasterketen ostean Karakateko igoera egin nuen Elgoibarren. Etxeko lasterketa da, guretzat munduko txapelketa. Orduan Pako Iriondo joaten zen saria ematera, elgoibartar kuttuna, Euskal Mendizale Federazioko presidentea. Pakok oso harreman estua zeukan Zegama-Aizkorri lasterketarekin, eta berak hitza eman zidan dortsala lortuko zidala. Esan eta egin, dortsala lortu zidan. Gaur egun ematen du mendi maratoiak erraz egiten ditugula, baina ez da tontakeria, eta buru-belarri jarri nintzen prestatzen. 2010. urtea zen, eta halaxe, 2011n atera nintzen lehen aldiz Zegama-Aizkorri maratoian.

Ez daukazu ahazteko...

Oso oroitzapen polita daukat: helmugara iritsi baino bi kilometro lehenago Elgoibarko lagun batekin egin nuen topo, eta elkarrekin sartu ginen helmugan. Oso hunkituta iritsi nintzen, malkoak ere ateratzen zitzaizkidan. Lehen mendi maratoia zen niretzat, Zegama-Aizkorri handia. Oso pozik nengoen.

Noiz hasi zinen Euskal Selekzioan?

Urte hartan bertan, 2011n. Zegama-Aizkorri egin ostean berehala deitu zidan Kepa Larreak. Oso azkar gertatu zen dena, baina normala ere bazen, orduan ez baikinen neska asko ibiltzen mendian korrika. Oso oroitzapen ona daukat: Kepa Larrea, Fernando Etxegarai, Jabi Olabarria, Oier Ariznabarreta… nesketan, berriz, Nerea Amilibia, Elena Calvillo, Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia eta Aitziber Ibarbia. Eneko Allende eta Jokin Lizeaga ere ezagutu nituen. Urte hartan Munduko kopako probak egin genituen Italian, eta Espainiako txapelketatik ere deitu ninduten. Oso garai polita izan zen.

Zenbat urte egin zenituen selekzioan?

Bi urte. 2012a ere selekzioarekin egin nuen, eta orduan bai, Zegama-Aizkorri mendi maratoia jarri nuen helburu. Baina oso urte txarra izan zen: laneko oposaketak prestatzen ari nintzen, eta buruz oso nekatuta nengoen. Selekzioan egoteak ere kezka sortzen zidan, maila eman nahi nuelako. Urte hartan erori egin nintzen Zegama-Aizkorrin, eta sorbalda atera zitzaidan. Pixkanaka osatu nintzen, baina geroago berriz ere atera zitzaidan, eta nire errendimendua asko jaitsi zen, behea jota nengoelako buruz. Udan selekzioarekin Italiara joan ginen, Giir di Mond lasterketara, eta hor aldaketa bat eduki nuen. Lasterketei garrantzia handirik eman gabe, opor giroan egon ginen, eta pixkanaka buelta ematen hasi eta berriz hasi nintzen lasterketekin gozatzen. Denboraldia amaitu eta 2013an sorbaldako ebakuntza egin behar nuenez, Selekzioan ez jarraitzea erabaki nuen.

“Txirrindularitzan Frantziako Tourraren pareko zerbait da Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa. Txirrindulari batentzat Tourra irabaztearen pare da mendi lasterkari batentzat Zegama-Aizkorri irabaztea. Egia esan, pentsatu ere ez duzu egiten horretan, ezinezkoa iruditzen zaizulako”

2013an etenaldia egin zenuen, hortaz?

Hori zen asmoa, baina ez nuen bete. Aurreko urtean Zegama-Aizkorrin erori egin nintzenz, Josuk (bikotekideak) esan zidan ebakuntza atzeratu eta Zegama osterako uzteko, aurreko urteko arantza ateratzeko. Horixe zen asmoa, baina urtea oso ondo hasi nuen, jauzi kualitatibo handia egin nuen, eta esaterako, Zegama-Aizkorri bost ordu azpitik amaitu nuen. Orduan ikusi nuen ezin nuela ebakuntza ekainean egin. Udako denboraldia egin nuen, eta irailean operatu nintzen. Ordurako La Sportiva taldeak materiala ematen zidan, eta pixkanaka taldean sartu nintzen.


Urte hartatik aurrera, goraldi izugarria izan duzu.

Bai, ebakuntzatik nahiko azkar osatu nintzen, eta 2014a oso ona izan zen. La Sportivan bete-betean sartuta nengoen jada, eta munduko kopako probetan podiumeko postuak lortzen hasi nintzen. Zegama-Aizkorrin ere hirugarren egin nuen. Uztailean, ordea, berriz erori nintzen, eta berriz atera zitzaidan sorbalda. Baina ezin zidaten berriz ebakuntzarik egin aurreko ebakuntzako torlojuak desagertu gabe zeudelako oraindik. Horregatik, denboraldia amaitu eta 2015ean berriz ebakuntza egitea zen asmoa.

Baina 2015ean ez zinen atera Zegamako maratoian.

Ez. Zegama baino hiru aste lehenago beste eroriko bat izan nuen, eta belaun-hezurrean haustura egin nuen, hezurretako edema neukan. Niretzat pentsaezina zen Zegama-Aizkorrin ez ateratzea, eta konturatu ere ez nintzen egiten, baina kaletik herrenka nindoan. Etxekoei esaten nien: begira, ondo nago! Eta harrituta begiratzen zidaten. Azkenean ikusarazi zidaten gaizki nengoela, eta lasterketa bezperan erabaki nuen ez ateratzea. Gogorra izan zen, baina orduan ikusi nuen nahi izatea ez dela nahikoa. Egun hartan ikusi nuen buruak nahi zuen arren, gorputzak ezin zuela. Handik hiru astera munduko probara joan ahal izan nintzen, Anecyn (Italia), artean ere hezurretako edema neukala. Hirugarren amaitu nuen, eta tira, urtea pixka bat arindu zidan horrek.

Sorbalda, hezurretako edema belaunean eta ondoren pitzadura, ezta?

Bai, kontatuko dizut nola gertatu zen. 2015eko abendurako neukan data sorbaldako bigarren ebakuntza egiteko. Denboraldia amaituta zegoen, oso entrenatuta nengoen, eta prestakuntza hura baliatuz aspaldiko ametsa betetzea erabaki nuen: Donostiako maratoia egitea. Egun horretan, ordea, lan egin behar nuen, eta orduan Josuk egun horretan Europa osoan zeuden maratoi guztien zerrenda atera zidan, bat aukeratzeko. Gertuen Malagakoa zegoen, eta hara joan nintzen. Sorbaldako ebakuntza baino 10 egun lehenago izan zen. Maratoiaren prestakuntzan asko gozatu nuen: 7-8 astez oso entrenamendu espezifikoak egin nituen. 5.000, 6.000 eta 10.000 metroko serieak. 2 ordu eta 49 minutuan amaitu nuen lasterketa, oso denbora ona zen. Baina orduan psoas inguruan hasi zitzaidan mina. Ebakuntza baino egun batzuk lehenago korrika pixka bat egitera atera eta 20 minutu neramatzanean gelditu egin behar izan nuen. Hanka arrastaka neukala itzuli nintzen etxera. Femurrean haustura neukala jakin gabe joan nintzen sorbaldako ebakuntzara. Oso garai txarra izan zen, ezjakintasunarengatik eta min neukalako. Bi hilabete geroago, 2016ko otsailean egin zidaten erresonantzia, eta orduan jakin nuen zer neukan. Garai hartan gauza bakarra neukan buruan: gaurko eguna pasatzea, eta bihar gaur baino pixka bat hobeto egotea. Oso gogorra izan zen.

Korrika gehiegi egiteagatik hautsi zitzaizun femurra?

Bai, korrika egitea sagu baten parekoa da hezurrentzat, raka-raka jan egiten du. Neure buruari gehiegi eskatzen niolako gertatu zitzaidan. Burua gehiegi estutzen duzunean gorputzak ere leher egiten du. Atsedena beste sendabiderik ez dago hezurretako desgaste hori osatzeko. Oso garai txarra izan zen, baina gauzak lasaiago hartzen ikasteko balio izan zidan.Hala ere, Zegaman atera zinen.Bai, atera nintzen. Gogoan daukat apirilean Josuk proposatu zidala Zegamako igoera bertikala egitea. “Maratoia ezingo duzu egin agian, baina bertikala egin dezakezu, goraka bakarrik baita!”. Niri bururatu ere ez zitzaidan egin halakorik, eta egia esan, ilusio handia egin zidan. Eta hala erabaki nuen bertikala egitea, baina maratoiko dortsala utzi gabe. Azken unera arte ez nuen erabat baztertu nahi maratoian ateratzea. Lesioak hobera egin zuen pixkanaka, eta iritsi zen Zegamako asteburua. Bertikala ostiralean izan zen, eta maratoia igandean. Gogoan daukat bertikaleko igoera osoa oilo-ipurdiarekin egin nuela. Sekula berriz korrika egingo ez nuen beldur nintzen, eta han egotea oparia zen niretzat. Eguraldi zoragarria izan genuen, jende asko animatzen, oso hunkituta nengoen, eta gainera irabazi egin nuen! Bertikalak indarra eman zidan, eta maratoia lehiatzeko moduan ez nengoen arren, banekien amaitzeko moduan nintzela. Eta igandean atera egin nintzen. Hotz handia egin zuen, eta jendeak oso gaizki pasatu zuen, baina ni pozarren nindoan. Maratoian ateratzea opari bat zen niretzat, eta gainera, bosgarren amaitu nuen. Oso asteburu ederra izan zen.Uda hartan munduko txapelketa ere irabazi zenuen.Bai, Buff Epic Trailen, Kataluniako Pirinioetan izan zen. Denboraldia uste baino askoz hobeto zihoan, baina abuztu bukaeran, beste haustura bat eduki nuen behatzean. Orduan hasi nintzen pentsatzen ahalegin eta neke hura guztia gehiegi zela. Gorputzak ezin ziola eutsi eskatzen nion mailari.Askotan esan izan duzu Zegama-Aizkorri irabaztea obsesio bihurtu zitzaizula.Txirrindularitzan Frantziako Tourraren pareko zerbait da Zegama-Aizkorri mendi-lasterketa. Txirrindulari batentzat Tourra irabaztearen pare da mendi lasterkari batentzat Zegama-Aizkorri irabaztea. Egia esan, pentsatu ere ez duzu egiten horretan, ezinezkoa iruditzen zaizulako. Gogoan daukat 2013ko Gabonetan, Jakan (Espainia) ginela, Ainhoa Txurruka Zegama-Aizkorriko zuzendariak esan zidala hurrengo urterako hautagaietako bat nintzela, maratoia irabazteko. Barrez hasi nintzen, adarra jotzen ari zelakoan, baina egia esan, Ainhoa beti izan da sorgin samarra horrelako gauzak asmatzeko (barrez).2017an bete zenuen ametsa.Bai, pixkanaka lesio guztietatik osatu nintzen, eta iazkoa oso urte ona izan zen. Nire ingurukoek bazekiten niretzat obsesio bihurtu zela Zegama-Aizkorri irabaztea, eta nire pena zela mendi lasterketetatik erretiratuko nintzela ametsa bete gabe.


Niretzat munduko txapeldun izatea baino gehiago zen Zegama irabaztea. Tranparik egin gabe noski, baina kosta ahala kosta irabaztea zen nire ilusioa: lasterketa ona edo txarra egin, gozatu edo ez, baina irabazi egin nahi nuen. Eta azkenean, iaz lortu nuen. Lasterketa ona egin nuela uste dut, hasieratik itsutu gabe. Aizkorriko igoeran erasoa jotzea zen nire asmoa, eta hala egin nuen. Silvia Rampazzo italiarra nahiko gertu izan nuen gero Oltzen, baina azkenean Andraitzen gora atzean utzi eta helmugara lehenengo iritsi nintzen. Ezin dut azaldu zer izan zen… amets bat egia bihurtzea. Ondo atera zen, baina lan handiaren emaitza izan zen garaipen hura.

Errekorra ere ezarri zenuen, gainera.

Bai, nire lehentasuna irabaztea zen, baina errekorrarena ere polita da. Nolabait erakusten du ez nuela kasualitatez irabazi, borrokatu eta gauzak ondo egin nituelako irabazi nuela.

Argazki zoragarri asko dituzu, Maite, baina bat aukeratzekotan Sancti Spiritun Josuri eskua ematen ari zarena aukeratuko nuke nik.

Bai, niretzat ere oso argazki berezia da. Bikotekidea izateaz gain, kirol mundu honetan nire babesik handiena ere bada Josu. Oso pertsona alaia da, oso baikorra. Jendeak uste du ero samarra dela, baina kontrakoa da, oso zorrotza da, askotan gehiegi. Niri sekula ez dit ezer eskatu, baina bera dena ematen saiatzen da beti. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta badaki ni nola animatu. Sancti Spirituko momentu horretan nik banekien Josu han ikusiko nuela. Bat-batean ikusi nuen, eta eskua eman zidan. Ez zidan ia ezer esan, “aupa, neska!” besterik ez. Baina nik eskua estutu nion, eta ulertu zuen ondo nindoala. Hitzik gabeko elkarrizketa izan zen, bion artekoa. Bi eskuak indarra egiten ari dira argazki horretan, elkarri indarra ematen ariko bagina bezala. Oso polita da.

“Niretzat munduko txapeldun izatea baino gehiago zen Zegama irabaztea. Tranparik egin gabe noski, baina kosta ahala kosta irabaztea zen nire ilusioa: lasterketa ona edo txarra egin, gozatu edo ez, baina irabazi egin nahi nuen. Eta azkenean, iaz lortu nuen”

Sare sozialetan ere berak idazten du zure ordez, ezta?

Bai (barrez). Sare sozialetan egotea garrantzitsua da gaur egun, babesleek lasterketak irabaztea baino gehiago baloratzen dute hori. Josu ni baino hobeto moldatzen da horretan, nik baino irudimen handiagoa dauka (eta nik baino asti gehiago ere bai). Batzuetan idazten dituenak irakurri eta barre egiten dut, eta nik neuk ere “atsegin dut” ematen diot neure izenean ageri den horri (barrez).

Talde on batean zaude, baina zu ez zara honetaz bizi, udaltzain egiten duzu lan Elgoibarren. Nola bateratzen dituzu entrenamenduak, lasterketak eta lana?

Azkenean Tetris moduko bat da. Beste askok bezala garrantzia handia ematen diot elikadurari, atsedenari, lanari eta ordenari. Muturreraino antolatu behar dut, dena ondo atera dadin. Astean sei egunez entrenatzen naiz, eta askotan libre daukadan eguna entrenamenduak antolatzeko erabiltzen dut. Eta, noski, baita etxeko kontuak eta bestelakoak egiteko ere. Ez dago sekreturik: antolatzea, beste modurik ez dago. Amak ere izugarri laguntzen dit. Norberarentzat ama beti da onena, eta nirea ere halaxe da (barrez). Erosketak egiten laguntzen dit, arropa garbitzen ere bai. Askotan gaizki sentitzen naiz ez dudalako nahi etxekoandrea denik sentitzea, baina gero konturatzen naiz berak ere eskertu egiten duela guri laguntzea. Oso harreman estua daukagu, eta oso ongi moldatzen gara. Egia esan, inguruko denen laguntza ere asko nabaritzen dut.

Nola lortzen duzu hainbeste entrenatzea?

Mendiak asko betetzen nau, eta entrenatzen asko gozatzen dut. Mendi lasterkariok asko gozatzen dugu lasterketak egiten, baina benetan gustatzen zaiguna entrenatzea da. Gehienetan bakarrik entrenatzen naiz, nire momentua da, eta oso gustura ibiltzen naiz. Gainera, nahi dudalako egiten dut hau, ez nau inork derrigortzen.

Elikadura asko zaintzen duzu?

Bai, saiatzen naiz ondo jaten, eta alkoholik ez dut edaten. Ez zait batere gustatzen alkohola. Gainera, lanean ikusten dut alkoholak arazo asko sortzen dituela, eta nazka ere hartu diot. Frijituak, esaterako, ez zaizkit gustatzen, baina gozozalea naiz, eta gure etxean beti dago txokolatea (barrez).

Badaukazu lasterketa aurreko maniarik?

Ez. Tira, korrika hasi aurretik azken musua ematea norbaiti, bai, asko gustatzen zait hori. Normalean Josuri ematen diot, baina hura ez badago gurasoei, edo lagunen bati. Lasaitu egiten nau.

Garai batean oso argal egon zinen, orain ere argal zaude, baina ez horrenbeste.

Bai, 2014an, esaterako, oso argal egon nintzen. Gogoan daukat maiatzean nire lehen ultra lasterketa egin nuela, Transvulcania, Kanaria Uharteetan, eta asko entrenatu nintzela. Gainera, hango baldintzak oso gogorrak dira: beroa, hezetasuna… handik 15 egunera hirugarren egin nuen Zegama-Aizkorrin, eta bai, garai hartan oso argal nengoen. Nik uste dut entrenamenduek eraman nindutela argal egotera, ezer berezirik egin gabe. Nik ez nuen argaltasun hura bilatu, eta ez nion garrantziarik ematen. Osasuntsu nengoen eta kito.

Eta aurten, zer asmo dituzu?

Orain, neguan asko ari naiz gozatzen eskian, alpinoan nahiz mendikoan. Txikitako zaletasuna berreskuratzea bezala izan da, Candanchuko (Espainia) gaztetako lagunekin egoteko modua ere bai. Oso gutxi ari naiz korrika egiten, baina pixkanaka jarriko naiz. Maiatzaren hasieran atletismo federazioaren munduko txapelketan parte hartu nahi nuke, baina ez dakit posible izango den. Halakoetarako hautatu egin behar zaituzte, eta lanarengatik ez dakit zenbat lasterketa egin ahal izango ditudan puntuagarriak. Handik bi astera Zegama-Aizkorrin aterako naiz, beti bezala ilusio handiz. Mendiko federazioaren munduko txapelketa ere egin nahi dut udazkenean, Eskozian. Munduko kopako proba batzuk ere egingo ditut, eta ondoren La Sportivak Italian antolatzen duen zirkuituko lasterketakere bai. Etxean ere egin nahi dut lasterketaren bat, lagunak eta familiakoak ikustera etor daitezen. Adibidez, Talaia bidea egingo dut berriro; lehen edizioa egin nuen, eta ilusioa egiten dit berriz parte hartzeak. Horiez gain, ultra distantziako lasterketaren bat ere egingo dut aurten.

Azken urteetan ultretan ere oso maila ona eman duzu. Distantzia horretara pasatuko zara?

Ez, urtean distantzia luzeko pare bat lasterketa egitea gustatzen zait, ez besterik. Niretzat mendian egunpasa egitearen parekoak dira ultrak, baina lasterketan. Beste erritmo batean zoaz, beste era bateko sufrimendua da, eta gustatzen zait, baina entrenatzeko ordu asko behar dira, 6-7 orduko entrenamenduetatik 12 ordukoetara egin behar da jauzi, eta ez dut halakorik nahi. Hortxe dago nire muga. Niri korrika egitea gustatzen zait, eta orduan lasterketa laburrei zuku handiagoa ateratzen diet.

Oso pertsona ezaguna zara, baina aldi berean gertukoa. Nola kudeatzen duzu fama?

Funtsean pertsona izatea dago, pertsona normala. Egia da lasterketa aurreko une jendetsuak saihesten saiatzen naizela, atseden hartu behar dudalako, baina gainerakoan ez diot garrantzirik ematen. Jende askok uste du beti dena irabazi behar dugula, baina ez da horrela. Ni ere pertsona naiz, neure prozesua daukat, urtean zehar gorabeherak… Garrantzirik ez ematea eta pertsonak garela ez ahaztea, horixe da oinarria.Kirolaz gain, beste zaletasunik baduzu?Bai, puzzleak egitea. Ahal dudanean beti egiten ditut, areago min hartuta nagoenean. Txikitatik gustatu izan zait puzleak egitea, eta orain ere egiten ditut, handiak, 5.000 eta 6.000 piezakoak. Gero ez ditut inon jartzen, han egoten dira etxean lurrean, baina oso entretenigarria da.

Nola ikusten dituzu emakumeak mendi lasterketetan?

Jendea gero eta hobeto prestatzen da, eta emakumeak ere bai. Kirol gehienetan bezala, gizon baino emakume gutxiago dago hemen ere, baina ez dut uste gizonen errua denik hori, emakumeok gainditu beharreko gauza asko dauzkagula uste dut: gure lotsak, beldurrak, mugak. Lan handia dago egiteko, baina ez dut uste ezer leporatu behar diegunik gizonezkoei.Nolakoa da korrikalarien arteko harremana?Nik neuk, oso ona dela esango nuke. Zorionez, ez gara honetatik bizi, ez dago dirurik jokoan, eta harremana sanoa da. Denean bezala, hemen ere batzuekin besteekin baino gertutasun handiagoa daukazu, baina oro har, harremana oso ona da. Batzuetan zuk irabaziko duzu, besteetan beste batek, baina lasterketa amaitu eta lehia bizia izan duzun lasterkari bati besarkada bat ematea bezalakorik ez dago niretzat.

Zure ustez, zein da zure arrakastaren gakoa?

Nahiko erregularra naizela esango nuke. Ez naiz onena goraka, ezta beheraka edo lautadan ere, baina hiruretan nahiko ondo moldatzen naizela esango nuke. Neure burua oso ondo ezagutzen dut, eta badakit zer egin behar dudan erritmo bati eutsiz helmugara iristeko. Buruz ere nahiko indartsua naizela uste dut, konfiantza handia daukat nigan.Ikusten duzu zure burua, egunean batean, Zegaman lasterkariak animatzen?Bai, noski, eta egin egingo dut.Eta ume asmorik bai?Bai, baietz uste dut. Umerik gabeko bikoteak tristeagoak dira, ezta? Baliteke egunen batean… alaitasun pixka bat ekarri beharko dugu etxera (barrez).

JOSU JUARISTI: " Maiteren arrakasta buruan dago, oinetan baino gehiago”


Nor da Fotoisu eta zein da Josu xerpa?

Josu animatzailea zen hasieran, eta ondoren, egoerak behartuta, lanean hasi behar izan zuen eta xerpa bihurtu zen (barrez). Josu xerpa Maiteren atzetik joaten zen lasterketetan, haren emaitzak hobetzen laguntzeko, ura edo janaria eramanez, edo estrategia prestatzen lagunduz, esaterako. Profilak ikusi, eguraldiaren arabera jan-edana antolatu, arropa… ez genekien ezer, baina besteek nola egiten zuten ikusiz, ahalik eta ondoen egiten saiatzen ginen. Maitek ez dauka astirik dena antolatzeko, nahikoa egiten du entrenamenduak eta lana bateratzen.

Eta nola sortu zen Fotoiosu?

Hasierako lasterketa haietan, Maiteren zain egoten nintzen bitartean, mutil asko pasatzen ziren aurretik (barrez), eta denbora pasa edo, haiei argazkiak egiten hasi nintzen, gehienak ezagunei eta lagunei. Egia da gerora Fotoiosuk izen pixka bat hartu duela trail munduan, eta lantxo batzuk ere egiten ditu. Zenbait lasterketatara ere joan da, sasi-argazkilari bihurtuta (barrez). Hasieran ez zegoen argazkilari asko mundu honetan, eta asko kostatzen zitzaidan Maiteren argazkiak aurkitzea, eta nik ateratzea erabaki nuen. Orain askotan pilatu egiten zaizkit xerpa lanak eta argazkilariarenak.

Nor da Maite Maiora?

Nik uste dut egun denok dakigula nor den Maite Maiora, eta zergatik den ezaguna. Nik hitz batekin definitu beharko banu “kasta” aukeratuko nuke. Baina horren atzean gauza asko daude: buru gogorra izatea, lana erruz egitea eta muturreko diziplina. Maitek ez du sekula etsitzen, eta elikaduran eta entrenamenduetan, adibidez, ez du ezer barkatzen. Eta ez bakarrik denboraldian, baita hortik kanpo ere. Maitek ez, Maitek urte osoan eusten dio muturreko diziplina horri, eta gainera, urteak daramatza horrela. Berezko ezaugarriak baditu bai (bestela ezinezkoa izango litzateke dagoen lekuan egotea), baina batez ere lana dago Maiteren atzean. Nire ustez, urteetako diziplinari eta lanari esker iritsi da orain dagoen lekura.

Zein da bere arrakastaren gakoa?

Berak esaten du ingurukook asko laguntzen diogula, eta pozgarria da hori entzutea. Ni ahalik eta baikorren izaten saiatzen naiz, ez dudalako uste ezkor izateak onik egingo dionik. Oier Oregi fisioarenera ere nahi duenean joan ahal izatea handia da berarentzat, edozer gertatuta ere konfiantza handia ematen dio eta. Gurasoek ere laguntzen diote, harakinaren alaba da, eta erosketak errazten dizkiote (barrez). Baina Maiteren arrakasta Maiteren buruan dago, oinetan baino gehiago buruan. Korrika egiteko oinak mugitu behar dira, baina horretarako buruak %100ean egon behar du, beti, lasterketa guztietan, eta Maite ona da horretan. Beti da lehiakorra, beti ematen du daukan dena.

Munduko lasterkari onena da?

Bertikaletan faborito da, maratoian ere bai, eta pixkanaka ultra distantziako lasterketetan ere bai. Agian ez dago ondo nik esatea, baina hala sentitzen dut, eta uste dut ez naizela errealitatea handitzen ari: une honetan munduko mendi lasterkari osoena dela esango nuke. Titulu bat ere badauka hori hala dela baieztatzen duena, onena ez agian, baina hiru onenetako bat bai. Maitek burua dauka 40 minutuko lasterketa azkar batean dena emateko, eta neurri berean 15 orduko lasterketa luze batean dena emateko. Distantzia guztietan lehiatzen da, horrek dena esaten du, nire ustez.

#MaiteMaiora #elkarrizketa #mendilasterketa

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio