"Laborategi" inprobisatuetako harribitxiak




Testua: Iñaki Berastegi @IBerastegi Argazkiak: Roberto Zarrabeitia


Egunkari bat osatzen duten sail guztietarako argazkiak atera ditu bere ibilbide profesionalean Roberto Zarrabeitia (Buenos Aires, Argentina, 1953) argazkilariak. ‘Egin’ egunkaritik ‘Deia’-ra joan zen Argentinan jaiotako bilbotarra, gizarte mugimenduekin zerikusia zuten ekitaldi eta bestelakoetan argazkiak egiten hasi eta gero. Bilbotik haratago ere bidaiatu zuen Athleticen

atzetik, eta Euskal Herriko Itzulian motor gainean argazkiak ateratzen ibili zen urte askoan, besteak beste.


Anekdota interesgarriz jositako liburu irekia da Roberto Zarrabeitia. Erretiroa hartu eta hamar urtera, horietako asko ahaztu egin zaizkiola dio, edo behar bezala ez dituela gogoratzen, gutxienez. Elkarrizketa lotzeko asmoz, telefonoz jarri gara harremanetan bilbotarrarekin, eta ez du aukera alferrik galdu lehen anekdota baten zatitxoa kontatzeko: “Elkartzen garenean hobeto kontatuko dizut, baina ez zait inoiz ahaztuko Javier Clementek kubata erronda bat ordaindu zigunekoa”.


Javier Clemente Athleticeko jokalari izan zenak 1981ean hartu zuen lehen taldea zuzentzeko ardura, Iñaki Saez ordezkatuz. 1968tik 1974ra jantzi zuen elastiko zurigorria, eta Ramon de Pablo Marañonek egin zion sarrera gogor baten ondoren, hainbat ebakuntza egin eta erabat osatzen ez zela ikusita, erretiroa hartu zuen. Lesio hari buruz hauxe zioen Clementek Jot Down aldizkarian: “Sabadellen jokatu genuen partida hura, euri asko egin zuen egun batean. […] Baloi bat zelai erdian geratu zen. Haren bila joan nintzen, eta Marañonek alde batetik sarrera egin zidan. Takoekin goikaldean kolpatu ninduen eta zorte txarra izan nuen lokatzetan trabatuta geratu zitzaidalako hanka. Sarrera txarra eta zorte txarra”.


Arenas, Barakaldo eta Bilbao Athletic zuzendu ostean eman zioten aukera lehen taldeko aulkian esertzeko. Laugarren postuan amaitu zuen denboraldia Athleticek, eta UEFA jokatzeko sailkatu zen. Denboraldi hura amaitutakoan, balorazioa egiteko bildu ziren Bilboko Ercilla hotelean Javier Clemente, Zarrabeitia eta Deiako kazetari bat: “Ez dut kazetariaren izena esan nahi [kar, kar, kar]. Uda giroko larunbat bat zen, maiatzekoa edo ekainekoa, denboraldia amaitu berri zegoelako. Ercilla hoteleko irudia oso ondo gogoratzen dut, bakoitza non geunden eserita ere ez zait ahaztu. Ez dut esango ohikoa zenik, baina kubata pare bat eskatu genituen bakoitzak, elkarrizketa egiten ari ginen bitartean. Ordaintzeko asmoa genuenean, baina, konturatu ginen ez nik ez nire lankideak ez genuela dirurik ekarri. Clementek ordaindu zituen kubata haiek, eta gu oso eskertuta gaude keinu harengatik. Dena den, momentuan, egoera harekin lotsatuta geunden”. Orduko figura garrantzitsuenetako bat zen Javier Clemente, zuen karguagatik eta bere izaeragatik.


Egungo beste entrenatzaile ezagun batekin alderatu du Zarrabeitiak: “Seguruenik, Clemente eta Jose Mourinho dira kazetariei saltsa gehien ematen dieten bi entrenatzaileak. Noizbait topo egin dut prestatzaile portugaldarrarekin”. Clementeren istorio edo anekdota hau, baina, erabat gogoratu gabe amaitu behar izan du: “Ez dut gogoan argazkiak hotelean soilik edo kanpoan ere egin nizkion. Agian kanpoan ateratzeko eskatu nion eta pikutara bidali ninduen. Hori ere ez zen harritzekoa izango”.


Barakaldoko entrenatzailearekin ez ezik, zurigorrien entrenatzaile izandako beste hainbatekin ere anekdota bitxiak ditu Zarrabeitiak. Javier Clementeren ostean Jose Angel Iribarrek hartu zuen taldearen ardura, eta atezain historikoaren atzetik lekukoa Howard Kendall ingelesak hartu zuen. Everton taldearen historiako entrenatzaile eta jokalari mitikoetako bat izan zen Kendall. Aurrena, jokalari bezala, Liverpooleko taldearekin Ingalaterrako liga eta Charity Shield edo Superkopa irabazi zituen 1970ean. Preston North End, Birmingham, Stoke City eta Blackburn Rovers taldeetan ibili ostean, azken denboraldi bat jokatu zuen Evertonekin. Dena den, 1979an, Blackburn Roversen, aulkia eta berdegunea uztartu zituen, entrenatzaile-jokalariaren lan eginez. Baita Evertonen ere, aulkian eseri zen lehendabiziko urtean. Sei urte eman zituen Toffee-en aulkian, 1987ra arte, eta Evertonekin titulu gehien irabazi dituen entrenatzailea da; bi liga, Errekopa bat, FA Cup bat eta hiru Charity Shield.


Moda-modako entrenatzaile hura fitxatzeko ideia Pedro Aurtenetxe presidentearena izan zen. Zarrabeitiak Kendall ezagutu zueneko istorioak, baina, bestelako abiapuntua dauka. Lan egun normal batean eta ezustean jaso zuelako enkargu hura: “Atxarte mendira joan behar izan nuen bertan mendizale batek istripua izan zuelako. Bertara iritsi nintzenean pentsatu nuen argazki dotoreak ateratzeko aukera izango nuela. Sendatu zuten mendizalea, eta Ertzaintzaren laguntzarekin, Atxarten behera hasi ginen”. Orduantxe hasi ziren “komeriak” argazkilariarentzat: “Kriston bertigo sentsazioa sartu zitzaidan. Ipurdiz egin nuen beherako bide guztia. Ertzain batek zeraman mendizalea, eta tarteka mendizalea utzi eta laguntzera etortzen zitzaidan. Ia beste ertzain pare bat bat eskatu behar izan zituzten niri laguntzeko”.


Gauerdi aldera iritsi zen Zarrabeitia Deia egunkariak Bilbon zuen bulegora. Ohartxo bat aurkitu zuen mahai gainean: “Bihar goizeko seietan aireportuan egon behar duzu. Liverpoolera zoazte Howard Kendall elkarrizketatzera”. Eduardo Rodrigalvarez kazetariarekin batera egin behar zuen bidaia. Biek ala biek ez zekiten tutik ere ingelesez: “Eduardo, ez duzu ingelesa menderatzen, eta nik ere ez”. Rodrigalvarezek esan zion ez zegoela inongo arazoik, baina Zarrabeitiak ez zion sinetsi eta tematu egin zen: “Eduardo, zuk ez duzula ingelesez hitz egiten! Eta nik ere ez, nola ez dugu arazorik izango, bada? Kendallek frantses apur bat hitz egiten badu ni agurtzeko kapaza izango naiz, baina ez eskatu askoz ere gehiago”. Hirugarren pertsona bat falta zen bidaia hartan; laguntza izan zuten, “tranpatxoa”, alegia, elkarrizketa hura egiteko: “Santiago Segurola kazetariaren lagun bat Londresen bizi zen, eta Liverpoolera gure osteko hegaldian etorri zen itzultzaile lanak egitera. Fokker motako hegazkin batean egin genuen bidaia: ikaragarri mugitu zen hegazkina hegaldi hartan”.


Baina ingelesa ez menperatzeak sortu zizkien arazoak ez ziren elkarrizketara mugatu, lana amaitutakoan Zarrabeitiak Rodrigalvarezi “trago batzuk hartzera” joango ziren galdetu ziolako: “Bai, noski”, erantzun zion kazetariak. Pub batean bi whisky eskatzen saiatu zen Rodrigalvarez. “Two whisky”, etengabe errepikatzen zion Rodrigalvarezek zerbitzariari, baina hark ez zion ulertzen. Hitz berberak erabilita beste pub batzuetan saiatu ziren, baina ez zuten ezer lortu: “Eduardo, hoteleko tabernan hartuko dugu tragoa, seguru galiziarra den zerbitzariren bat topatuko dugula”. Halaxe izan zen. Hoteleko tabernaren izkina batean edaten amaitu zuten biek, leku berean ezkontza bat ospatzen ari ziren bitartean. Beranduago jakin zuten bi whisky eskatzeko erabili zuten esaldia ez zela egokia: “Two scotch, erabili behar omen zen”.


Duela lau urte zendu zen Kendall, eta hori aprobetxatu zuen Beñat Zarrabeitiak, Roberto Zarrabeitiaren semeak, Naiz.eus-ko Marakana Txikia blogean entrenatzaile ingelesari buruz idazteko. Era berean, testu hark aitaren anekdota osatzeko balio digu gaur: “Kendalli buruzko nire lehen oroitzapenak ez du futbolarekin zerikusirik. El equipo A telesaileko furgoneta beltzaren antza zuen jostailua ekarri zidan aitak, Liverpoolera Kendall elkarrizketatzera joan zenean. Europan moda- modan zegoen entrenatzailea zen. […] Pedro Aurtenetxeren apustua izan zen, Clementek eta Sarabiak izan zuten liskarrak sortu zuen barne dramaren eta 80ko hamarkadan ligako tituluak irabazi zituen taldearen desegitearen ostean noraezean zebilen ontzia zuzentzeko ahaleginean”. Beñat Zarrabeitiak gogoratzen duenez, besapean kontratu “gozo” bat zekarren: “Urtean 30 milioi pezetatik gora kobratuko zituela uste zen, garaiko Athleticentzat errekorra izango zen kantitatea. […] Ez zuen lan erraza izan, une zailak ziren”.





Juan Carlos Latxaga kazetari ezagunak ere Howard Kendallen heriotza apobetxatu zuen Juego de Cabeza blogean hari buruz hitz egiteko. Howard Kendall, Athletic maitatu zuen ingelesa, titulua erabili zuen. Bi denboraldi oso eta hirugarren denboraldiko 11 partida zuzendu zituen Kendallek, 102 partida, kargugabetu zuten arte. Txetxu Rojok ordezkatu zuen. Amaiera hura honela gogoratu zuen Latxagak: “Bigarren urtean gauzak okertu ziren, eta Newcastlen eskaintza batek Turinera egin behar zuten UEFAko bidaia bat zirko bat bihurtu zuen. Orduz geroztik, ez zen ezer berdina izan, eta ez zuen ezertarako balio izan trantsizio garai batean Kendallek ligan lortu zituen 4. eta 7. postuak, lehen taldearekin Alkortak, Garitanok, Lakabegek edo egungo presidente Josu Urrutiak debuta egin zuten garai batean. Hirugarren denboraldian hamaika jardunaldi baino ez zuen iraun. Neurriz kanpoko kritikak jasan behar izan zituen eta baita gaizki esandakoren bat edo beste. Bere agurreko malkoek munduari erakutsi zioten bere bihotz handi zurigorria”.


Liverpoolen Rodrigalvarezek eta Zarrabeitiak egindako elkarrizketa hartatik zera gogoratu du argazkilariak: “Oso pertsona naturala zen, adiskidetsua; bere emaztea ere oso maitagarria zen. Ingelesei dagokien elegantziarekin hartu gintuen bere etxean, eta etxeko jardinean egin genuen elkarrizketa. Txandal bat zeraman jantzita. Ehuneko ehunean sartu zen elkarrizketan”. Athleticetik alde egin ondoren, urte batzuk geroago, hotel batean egin zuten topo Kendallek eta Zarrabeitiak: “Besarkada bat eman zidan, eta jendeari esan zion ni izan nintzela Athleticekin sinatu zuenean lehendabiziko argazkiak egin nizkiona”.


Hoteletako “laborategiak”


Liverpoolera egindako bidaiaz oroitutakoan berehala etorri zaio argazkilari bizkaitarrari burura ideia bat: “Hoteletan izutzeko moduko gauzak egiten genituen”. Zarrabeitiak dioenez, ikustekoak ziren bidaien ostean argazkilariek nola uzten zituzten hoteletako gela batzuk: “Beirut ez zen ezer gela haien alboan”. Hori ulertzeko, argazkilaritzaren historian urteak egin behar dira atzera, argazkien manipulazio edo errebelazio prozesua kimikoa zen garaietara. “Material asko eramaten genuen argazkilariok: hainbat likido mota, bandejak eta abar luze bat. Bidaia haietako batean, Hyatt izeneko hotel batean hartu genuen ostatu. Errotulagailu antzekoa zen aparatu bat banuen, berotu egiten nuen, eta likidio batan sartu, prozesu kimiko haietako batean erabiltzeko. Bada, berotzeko entxufatu nuenean, hoteleko solairuko argi guztiak erre nituen. Hoteletako gelak ‘laborategiak ziren”, esan du barrezka Zarrabeitiak.


Zaragozako hotel batean egindakoa ere ez da txikikeria. Realak eta Atletico Madrilek La Romareda futbol zelaian jokatu zuten 1986-1987 denboraldiko Kopako finala, 1987ko ekainaren 27an. Argazkiak egitera bidali zuen Deiak Zarrabeitia. Bero sapa ikaragarri baten azpian, bederatzigarren minutuan Lopez Ufartek aurreratu zuen talde gipuzkoarra, Realarekin jokatu zuen azken neurketan, eta Da Silvak ordu laurden beranduago partida berdindu bazuen ere, Txiki Begiristainek 35. minutuan berriz ere txuriurdinak aurretik jarri zituen. Dena den, partida penaltietan erabaki zen Rubiok norgehiagoka berdintzea lortu zuelako. Bakero, Mujika, Txiki Begiristainek eta Larrañagak penaltiak sartu zituzten, eta Atletico Madrilek jaurti zituen lau penaltietatik bi huts egin zituen. Azkena, Arconadak gelditu zion Quique Ramosi. Reala txapeldun. Azken titulua, iaz nesken taldeak kopa irabazi zuen arte.


Makina bat lan eman zion final hark Deiako argazkilariari. Hoteleko langileei ere makina bat lan eman zien Zarrabeeitiak: “Gelako komuna txikiegia zen gure laborategiaren muntaia egiteko. Bainera bat zegoen, eta komuneko ate bat kendu eta bainera gainean jarri genuen lan egiteko. Partida jokoan zela, hotelera igo eta jaitsi ibiltzen ginen, argazkiak errebelatzeko. Zer izan zen hura… Gainera, penaltietara erabaki zen. Buff, nola utzi genuen hotel hura…”. Las Palmaseko istoriotxoak ere hotel batekin du zerikusia: “Taldearen hotel berean nengoen ni, baina beste lankide batzuek beste hotel batzuetan hartu zuten ostatu. Hala, prentsa-areto inprobisatua nire gelan jarri genuen. Nik ez nuen erretzen, baina zigarro usaia Bilboraino eraman nuen”.


Prozesu kimikotik automatikora. Aldaketa hura barrutik bizitzea tokatu zitzaion argazkilari bilbotarrari. “Orain makinak automatikoak dira. Guk eskuz enfokatu behar genuen, futbolarien aurretik edo atzetik korrika egiten genuen bitartean. Argazkiak ondo atera behar genituen. Orain argazkia aurkitu baino ez dute egin behar, pertsonaia edo dena delakoa enkoadratu. Pentsatzeko denbora gehiago dute”. Zernahi ere, aldaketa horretan aitzindari puntu bat ere badauka bere argazkilari jardunak. Izan ere, atzerrian Athleticek jokatu behar zuen partida baten aurretik, argazkiak errebelatzeko makina automatiko “primitibo” bat erosi zuen: “Diru asko balio zuen. Erabili zuen lehendabizikoetako bat izan nintzen. Ez dakit nola baina nahiko ondo moldatu nintzen, behintzat eguna salbatu genuen. Partidaz ez naiz asko akordatzen, baina gogoan dut aparta zen jokalari beltz bat bazuela aurkariak eta sekulako gola sartu zuela”.


Argazkilari on batek “baliabide asko” izan behar ditu, argazki onak atera nahi baditu: “Kasualitatea eta zortea ere oso garrantzitsuak dira. Guk, esaterako, asko inprobisatzen genuen. Hori bai, gertatu behar edo gertatu daitekeen zerbaiti aurre hartzea ere oso garrantzitsua da. Usaina hartzen jakitea, alegia”.


Bidaia asko egin zituen Egin eta Deiarako lan egin zuen urte haietan. Horietako batean, Herbehereetan eta Belgikan izan zen. Athleticek Herbehereetan antolatu zuen stage bat bertatik bertara jarraitzera joan ziren. Erredakziora entrenamenduetako argazkiak bidali ostean, Bilbotik dei bat jaso zuen: “Roberto, Alkortaren argazki pila bat bidali dituzu. Mesedez, jarriozu haize-errota bat atzean jokalariren bati”. Baina Zarrabeitiak dioenez, gertuen aurkitu zezaketen haize-errota 50 kilometrora zegoen. Halaxe azaldu zion bere nagusiari, baina hark ez zuen ulertu: “Nahikoa dugu! Jokalariak haize-errotaren batekinjarri behar dituzu, argazkiari testuingurua emateko”. Baina ez zegoen tokitik ezin dela atera dio Zarrabeitiak. Bilbora bueltatu zenean, azaltzeko zailak ziren gauza asko azaldu behar izan zizkion bere nagusiari. Haize-erroten afera gutxi ez balitz, Zarrabeitiak itzulerako hegaldia galdu zuen Bruselako aireportuan.


Hegazkinera igotzeko zorian zela, hegazkinera sartzeko atea mutur aurrean itxi zioten. Gertatu zena ezin zuen ulertu: “Nire lankideari pasatzen utzi zioten baina niri ez. Ez dakit zergatik izan zen, pasaporteko argazkian baino azal kolore ilunagoa nuen baina tira… Urduritzen hasi nintzen”. Konponbide baten bila hasi zen, baina gaztelaniaz apur bat hitz egiten zuen langile batek ‘ez zidan lagundu nahi izan’. Azkenean, gaztelaniaz ondo moldatzen zen neska batekin topo egin zuen lehiatila batean: “Nire hegaldiko atera deitu zuen. Bi minututan han banengoen hegazkinera igotzeko aukera neukan. Ezinezkoa zen. Nire ateraino 200 metro edo bazeuden, eta nik 40 kilotik gora neramatzan soinean”. Hegazkinak Bilborako bidea hartu zuen, eta Zarrabeitia Bruselan geratu zen.


Hotel bat bilatu zuen eta taxi bat hartu zuen bertara joateko. Taxi gidariak egin zion eskaintza oso berezia izan zen. Halaxe esan zion: “Ateratzeko asmorik baldin badaukazu nik ezagutzen dut gaua libre daukan eta hiria ondo ezagutzen duen neska bat”. Nekatuta zegoela erantzun zion Zarrabeitiak, baina besteak berehala berritu zion eskaintza: “Bueno, bestela, nahi izanez gero, ezagutzen dut gaua libre daukan mutil bat”. Bidaia bitxia. “Badakizu zer eskaini nahi zidan ezta? Konpainia, edo ordaindutako sexu harremanak [barrezka]. Azkenean, bere kabuz, afaltzera atera zen. Lasai-lasai afaldu zuen, baina espainiarrez beteriko autobus bat iritsi eta jatetxea aztoratu zuten. “Falta zitzaidana! Hotelera noa”, gogoratu du bilbotarrak.


Titulua eta gabarra, ezustean


Las Palmaseko anekdotari heldu dio berriz Zarrabeitiak. 1983ko maiatzaren 1 hura magikoa izan zelako zurigorri guztientzat. Hamar urteko titulu lehorteari amaiera eman zitzaion Las Palmasen. Ligako azken jardunaldira Real Madril Athletic baino bi puntu gehiagorekin iritsi zen. Valentzian jokatu behar zuen Real Madrilek, eta Las Palmasen Athleticek. Santandergo Racing, Osasuna eta Valentzia jaitsiera postuetan zeuden, eta Las Palmas eta Celta, ozta-ozta, jaitsieratik kanpo, jardunaldi bakar baten faltan. Osasunak 1 eta 0 irabazi zion Bartzelonari, eta Celtak 3 eta 1 galdu zuen Valladoliden etxean. Beste bi partidetan (Valentzia-Real Madril eta Las Palmas-Athletic), are gehiago zegoen jokoan lau taldeentzat. De Andresek bere atean hirugarren minutuan sartutako golarekin aurreratu zen Las Palmas, baina partida 1-5 amaitu zen zurigorrien alde, Sarabiak bi aldiz, Argotek, Danik eta Urtubik sartutako golei esker. Athletikek berea bete zuen, eta ezustea Valentziatik etorri zen, etxeko taldeak 1 eta 0 irabazi ziolako Real

Madrili. Las Palmas, Celta eta Racing jaitsi ziren Bigarren mailara.




Athletic ligako txapeldun, 27 urte geroago. Juan Carlos Latxaga kazetariak honela gogoratzen du Juego de Cabeza blogean: “Ramos Marcos epaileak partidaren amaier adierazi zuenean, Bilbon eta Bizkaian milaka pertsona atera ziren kalera titulu hura ospatzera; inork gutxik espero zuen titulu hura bereganatzea. Txapeldun berria zen jokalariren batek hotelean oraindik sufritu egin zuen Estudio Estadio telebista saioan madrildarrek Valentzian izan zituzten gol aukerak ikusita”.


Esan bezala, ospakizunak ez ziren nolanahikoak izan. Lehen aldiz, Bilboko itsadarra gabarra gainean pasatu zuten txapeldunek Bilboko udaletxera bidean. Garaiko kalkuluen arabera, milioi bat pertsona inguru gerturatu zen ospakizun haietara. Ordura arte, industrializazioaren Bizkaian, gabarra haiek burdina garraiatzeko erabili zituzten.


Zarrabeitia eta garaiko kazetari zein argazkilarientzat gabarra ere “ezezaguna” zen: “Las

Palmasen izan nintzen. Azken segundoak izugarri luzeak izan ziren. Eta ondoren ospakizuneko argazkiak egitera joan nintzen. Gabarra gainean ibiltzearena ezagutzen ez genuen zerbait zen”. Duela urte gutxi, berriz ere gabarra ateratzeko aukera izan zuen Athleticek, 2016an, Bartzelonari Superkopa irabazi zionean; Kopako txapeldunorde izateagatik jokatu zuen Athletikek final hura. Hori horrela, gabarran ospatzea alboratu zuten.


Dena den, kasu hipotetiko batean, Zarrabeitiak uste du ezingo liratekeela biospakizun haiek alderatu: “Jende kopuru berbera joango balitz ere ospakizuna ezberdina zatekeen. Ingurua asko aldatu da; ikusgarria zen Bilboko labeetako edo La Navaleko langileak garabi gainean titulua ospatzen ikustea. Hori, orain, ezinezkoa da. Ibilbidekohainbat lekutan jarri ginen hura guztia argazki bidez harrapatzeko”.


Herbehereetako egonaldia baino zertxobait hobeto gogoratzen du Baqueirako eski estazioan egon zenekoa. Luis Fernandez zen orduan zurigorrien entenatzailea: “Ziurrenik, hemen izan dugun entenatzaile gogorrena da. Juleni [Guerrero] zion inbidia, gorroto edo dena delakoak berarengandik zertxobait aldentzen gintuen”. Eta euren lana egiteko zailtasunak jartzen zituen entrenatzailea izan zen Zarrabeitiak gogoan duenez: “Ez zuen egiten genuena, gure lana, ondo ulertzen. Bitartekaritza lanari esker lortzen genuen askotan gure lana ondo egitea”. Baqueirara eski egitera eraman zituen behin Fernandezek jokalariak. Pabilioi batean zeudela, argazkiak ateratzen saiatu ziren taldea jarraitzen zuten argazkilariak. “Askotan jartzen zizkigun trabak. Bi minutu baino ez zirela izango esan genion, eta azkenean lortu genituen argazkiak”.


Hori eginda, jokalariak, eskiekin, txango bat egitera joan ziren. Eurek eskiatzen ez zekitenez, eta eskirik ere ez zutenez, Zarrabeitiari eta beste argazkilari bati jokalarien kontrako bidea hartzea bururatu zitzaien, argazkiak aurrez aurre ateratzeko. Hala egin zuten, eta bidean zeudela, nora zihoazen galdetu zien pertsona batekin topo egin zuten. Zarrabeitiak halaxe erantzun zion: “Zuri zer inporta zaizu! Eta nor zara zu guri hori galdetzeko”. Elurretako trajea zeraman guardia zibil bat zen.


Hain justu, Espainiako presidente zen Jose Maria Aznar egun haietan Baqueirako inguru haietan eskiatzen zebilen. Zarrabeitiaren erantzunaren ostean, ondoan zegoen etxetxo bateko inguruetara eraman zituen bi argazkilariak guardia zibil hark. Galderak egiten hasi zitzaiezkien, Jose Maria Aznar, eskiatzen, albotik pasa zitzaienean. Zarrabeitiari bat-batean zerbait bururatu zitzaion: “Presidente, egun on! Zer moduz? Hemen zaude berriro ere? Gero hotelean elkartuko gara”, esan zion gaztelaniaz. Eta Aznarrek erantzun: “Bai noski. Gero arte”. Guardia zibil hura harrituta geratu zen eta bi argazkilariei joaten utzi zien. “Zortea izan genuen. Aznar pozik izango zen egun hartan niri hala erantzuteko. Egoerei aurre hartzea garrantzitsua da”. Azkenean onik atera ziren egoera hartatik, eta euren helburua, jokalariei argazkiak ateratzea, lortu zuten.


Athleticen aulkitik pasatu diren eta izaera serioa zuten bi entrenatzaile aipatu ditu Zarrabeitiak: Clemente eta Fernandez. Hirugarren bat ezin ahaztu: Juup Heynckes. Harekin ere badu ongi asko gogoratzen duen pasarte bat. Bi garaitan eseri zen alemaniarra Katedraleko etxeko aulkian: 1992-1994 eta 2001-2003 aldietan. Gogoan duen istoriotxoak 1992ra garamatza. Heynckesen aurkezpen egunean, argazki dotoreak ateratzeko asmoz, Zarrabeitiak Heynckesi ea bere etxera joan zitekeen galdetu zion, eta alemaniarrak ezezkoarekin erantzun.





Hilabete baino gehiago igaro zen, ezustean, Zarrabeitiak Heynckesen deia jaso zuenean: “Argazkiak ateratzeko, nahi baduzu, etxera etorri zaitezke”. Algortan bizi zen Heynckes, Begoña galerien ondoan. Argazki ugari atera zituen, baina batekin bereziki akordatzen da: “Ikusgarria zen katu pertsiar bat atera zuen. Benetan dotorea zen”. Horren ostean, Algortako portua eta beste zenbait tokitan atera zizkion argazkiak. Erreportaje benetan dotorea geratu zela gogoan du. “Ez dakit zergatik deitu ninduen. Ez nion sekula galdetu. Ezezkoa jaso ostean bere erabakia eta intimitatea errespetatu nituelako izango zen”, azpimarratu du Deiako argazkilari izandakoak. Heynckesi buruz dituen oroitzapen gehienak onak dira “Serioa izatearena bere lanerako aurpegia zen. Distantziak-eta markatzen zituen, eta jokalari batzuk gogorra zela uste zuten. Nire ustez, ez zen hainbesterainokoa. Luis Fernandez gogorragoa zen”.


Argazkilari-kazetari eta protagonisten garai bateko gertutasunaz ere hitz egiten du Heynckesen jokabideak. Faktore bat baino gehiago hartu behar dira kontuan: “Lanean ibiltzen zen kazetari, argazkilari eta hedabideen kopurua askoz ere baxuagoa zen. Lau katu ginen. Prentsako arduradunik ez zegoen ia-ia, ez zelako behar. Guk asko errespetatzen genituen protagonistak. Gainontzekoek zer egin zuten bagenekien, eta ez genuen inor itotzen”.


Motor gainean


Bidaiak, hegaldiak, hotelak… Baita motor gaineko lanaldiak ere. Euskal Bizikletako, Euskal Herriko Itzuliko edo Euskal Herriko egun bateko lasterketetako lan egunak, zehazki. Urte askoan aritu baitzen Euskal Herriko lasterketa garrantzitsuenetako argazkiak ateratzen. Horrenbestez, gure errepideetan gertatutako momentu historiko batzuetako lekuko izan zen. Esaterako, Marino Lejarreta Autzaganen erori zenean. Harmaila-ko 6. Zenbakian gogoratu zuen Lejarretak berak 1992ko Udaberriko klasikoan izandako erorketa hura: “Bizkarrezurra apurtu nuen. Galdakaoko ospitalean 40 egun eman nituen ohetik altxatu ezinda. Nire azken denboraldia errepidean amaitu nahi nuen. Errioxan eta Kolonbian korritu ostean, Montjuic-eko lasterketa izan zen azkena”. Hamalau aldiz parte hartu zuen Udaberriko Klasikoan Lejarretak, eta behin irabazi zuen. Eroriko larri hura, etxetik gertu izan zen. Bertatik bertara bizi izan zuen egoera hura Zarrabeitiak, nahiz eta ez zuen ikusi Lejarreta lurrera erortzen: “Erori eta minutu batera iritsiko nintzen ni. Esan zigutenaren arabera, Fernando Astorki lasterketako medikuak salbatu zuen Lejarreta. Harengatik ez balitz, agian orain Berrizkoa gurpildun aulki batean legoke. Gu iritsi ginenerako lurrean zegoen”.


Lejarreta ez ezik, Zarrabeitia bera ere erori izan da, kasu honetan motorretik, lasterketan argazkiak ateratzen ari zela: “Pilotoari bizkarra emanda joaten ginen. Ezustean balazta zapaltzen bazuen, zentzu literalean, hegan egin eta lurrera joaten ginen”. Baina horiek ez dira motor gainean pasatu zituen pasarte beldurgarri bakarrak: “Mendateetan behera egiten genituen zatiak gogoan ditut. Txirrindulariak animaliak dira, 100 kilometro orduko abiaduran jar daitezke aldapa behera, eta gainera motoei paretik kentzeko eskatzen diete. Garrasika hasten zitzaizkigun, enbarazu egiten genielako edo. Ikaragarriak ziren une haiek”.


Hala ere, Euskal Herriko Itzuliko moto gainean bizi izan duen tentsio handiko une bat aukeratu beharko balu, zalantza gutxi izango luke: “Lasterketa apurtu behar zen aldapa batean jarri nintzen, zuzendariak baimena eman ondoren. Baina, motoan zihoan ertzain batek ez zidan baimenik ematen. Minutu bat egongo nintzela esan nion, baina, hala ere, ezetz. Gainera, amildegi batera eraman nahi gintuen. Azkenean gure asmoei uko egin eta helmugara joan ginen”. Baina afera hura ez zen han amaitu: “Etapako lanak amaitutakoan Ertzaintzako sarjentuarengana hurbildu nintzen, hil nahi izan ninduen ertzaina zein zen jakiteko asmoz. Lana zapuztean gain, amildegitik bota nahi gintuen. Denak ixilik geratu ziren, eta kontu hura ere halaxe amaitu zen”. Itzuliak lagunak egiteko ere balio izan zion: “Eibarko taldetxo bati Pantanirekin argazki bat atera nien, eta lagunak egin ginen”.


Pasatu behar ziren komeriak guztiek, baina, beti zuten saria lasterketa haietan; cateringa: “Ekitaldi eta itzuli haietatik gehien gustatzen zitzaidana zen. Foie asko jaten nuen [barrezka]. Abraham Olanoren atzetik ere ibilitakoa da Roberto Zarrabeitia. 1996 edo 1997koa da gogoan duen istorioa. Olano Mapei-GB taldean zebilen, eta Xabier Usabiagak Euskaldunon Egunkaria-n gogoratzen duenez, 1997ko denboraldirako arau berri bat jarri behar zuten indarrean. Horren ondorioz, “taldeek ezingo dituzte 22 txirrindulari baino gehiago izan, eta arau berriak Mapei-GB taldea bete betean joko du. Irtenbide bat Abraham Olano buru delarik talde berri bat sortzea da, eta negoziaketak atzo hasi ziren”. 1996ko abuztuaren 8ko egunkarian zetorren albistea.


Negoziaketa haien egunerokotasuna ekarri zuen Usabiagak Euskaldunon Egunkariako lerroetara, eta bazirudien “akordioa begi bistan” zegoela. Lehenengo bilera ostean, bi aldeak “oso gustura” atera zirela idatzi zuen egungo ETBko aurkezleak: “Abraham Olanoren inguruan sor daitekeen taldea itxua hartzen hasi da. Asteazkenean bi aldeak elkartu eta gero, hitzarmena lortzeko bideak aldapa handirik gabea dirudi. Olanok, Tourra lortzeko, egin duen kirol saiakera ziurtatu nahi du ezer sinatu aurretik”.


Hilabete geroago, irailaren 7an, egunkarietan zetorren Abraham Olanoren talde berria Banesto izango zela. Egunkarian halaxe azaldu zuen Usabiagak: “Abraham Olano anoetarrak Banesto taldearekin korrituko du datozen bi denboraldietan. Munduko txapelduna, Jose Miguel Etxabarri [Banestoko ugazaba] eta Giorgio Squinzzi [Mapeiko ugazaba] akordio batera heldu dira azkenean, eta horrela Olanok behingoz erabaki du bere etorkizuna. Juan Fernandezek, berriz, ez du talde berria ateratzeko proiektuan etsi”.


Hiru talderen arteko negoziaketak izan ziren, azkenean. Mapei taldearen eta Juan Fernandezek sortu nahi zuen egituraren arteko negoziaketak ez ziren itxi, eta Banestorekin sinatu zuen Olanok. Gipuzkoarrak fitxaketa hura nola egin zen azaldu zuen Jot Down Magazine aldizkarian: “Juan Fernandez nirekin Amasan (Gipuzkoa) bildu zen MX Onda taldearekin sinatzeko. Donostiako Klasikoan negoziatzeko gonbidapen bat egin zigun, diru asko mahai gainean jarrita. Hortxe mugitzen hasi zen gauza, nik beste urtebeterako kontratua nuelako Mapeirekin. Lasai nengoen, ez neukan mugitzeko asmorik, baina Kelmeren gonbidapen bat iritsi zitzaidan. Italiara joan nintzen zer gertatzen zen esateko. Squinzik Juan Fernandezekin hitz egin zuen, eta hura martxan jarri zen Espainiako talde bat ateratzeko, Unipublicek Espainian zeukan taldearen zati bat eta Clas espainiarraren zati bat batuz. Tartean Banesto sartu zen, eta eurekin sinatu nuen”.


Beraz, munduko txapeldunaren etorkizunak zeresan handia eman zuen urte hartan. Banesto talde nafarrarekin sinatu zuen, Miguel Indurain osteko garai berrietarako. Hori horrela, taldeak Iruñean kontzentrazioa egin zuen, Iruñeko kanpoaldean dagoen NH El Toro hotelean, zehazki. Hara bidali zuten Zarrabeitia. “Maillot berriarekin harrapatu nahi genuen Olano, baina hasieran ezin izan nuen irudia lortu. Elur dexente bota zuen egun haietan. Hotel inguruan ibilita, zirrikitu bat aurkitu nuen argazkiak ateratzeko. Zuhaitz baten gainean hiru ordu eman nituen Olanoren argazki hura lortu nuen arte”. Boxeoko lanetan ere ibilitakoa da. La Casillako kea eta zarata gogoan ditu, urtarrilaren 6ko borrokak edo gauetan antolatzen zirenak. “Puro eta zigarroen kea ikaragarria zen. Lan egiteko ez zigun kalte egiten, ohituta geunden, baina seguru nago gure osasunari mesede ez ziotela egin lanegun haiek”.


Elkarrizketa bukatu eta ordubetera Zarrabeitiari beste pasarte bat etorri zaio gogora: 1978an Algortan egin zen Bizkaiko traineru txapelketakoa. Balizara argazkiak ateratzera joateko ontzirik ez zuen aurkitzen argazkilariak gaztetxo talde batekin topo egin zuen arte. Eurekin batera joan zen ziaboga egiten zen lekuraino, argazkiak, halamoduz bada ere, atera zituen, eta orduan komeriak. Gazteak lehertuta, nekatuta, lehorrera bueltatzeko ia indarrik gabe zeuden; “Ontzi txiki hartan geunden, eta lanak amaitu ostean nekatuta zeudenez, ezin ginen bueltatu. Nik ez nekien arraunean. Erakutsi egin behar izan zidaten, esku bat bota, eta lehorrera bueltatzeko”.




Kasualitatez hasi zen argazkilaritzaren munduan Roberto Zarrabeitia, eta azkenerako, istorio eta argazki bikainez osaturiko ibilbide luzea egin zuen: “Nire lekutxoa egin nuen, hasieran profesionala ez banintzen ere. Hasieran profesionaltasuna falta zitzaidan, baina ikasteko interesari esker lortu nuen”. Baina, kirolarekin eta futbolarekin loturiko artxibo garrantzitsua badu ere, Berria egunkariari aitortu bezala, “inoiz ez da futbolari lotutako argazkiekin bereziki ona” izan. Beste mota batzuetako argazkiak nahiago zituen, elkarrizketa hartan gogoratu bezala: “Jendeari ateratakoak. Gainontzekoak erlatiboki errazak ziren, baina pertsonek bere zailtasuna zuten. Denetariko pertsonak aurkitu ditut, eta batik bat horregatik nago harro argazkilari izateaz, jendearekin sortutako harremanengatik. Egun, etxekoek ez dute nirekin Bilbora etorri nahi izaten; kale bat gurutzatzeko denbora bikoitza behar izaten dut”.


Agerikoa da jende asko ezagututakoa dela Zarrabeitia. Kendallen edo Heynckesen istoriotxoek ere argi uzten dute jende asko ezagutu ez ezik, jendeak estimua diola argazkilari bilbotarrari. Baina ibilbide eta jardun hark ere bere zama bazuen, eguneroko lan astun eta gogorrarena.


Beste garai bateko kontuak dira. Lasaiago bizi da orain. Hamar urte badira lana utzi zuenetik, eta ez du faltan botatzen. Lan “oso gogorra” omen da, eta Zarrabeitia “nekatuta” zegoen: “Tentsio eta urduritasun asko sorrarazten duen lana da”. Behin lana utzita lortu du garai hartan lortu ez zuena: Athleticekin gozatzea: “San Mamesen edo tabernan lagunekin orain hasi naiz gozatzen. Lanean nengoenean, lanerako nengoen”. Gainontzekoek gozatzeko moduko harribitxiak bere artxiboan daudenak dira. Eta berak kontatutako anekdotak ere ez daude kategoria horretatik urrun.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio