Kristalezko sabaia hausten.


Honelaxe definitzen du Leire Narbaizak kristalezko sabaia: “Zer da hori? Emakumezkook buru gainean duguna, ikusezina dena begiz, baina hor dagoena. Gizon eta emakumeak berdinak gara legalki, eta ustez, aukera berdintasuna dugu nahi duguna egiteko. Baina ez da egia. Kristalezko sabaia dugu buru gainean, aurrera, gora, irteten, kanporatzen lagatzen ez diguna, eta negutegi baten moduan, bertan gozo eta eder bagaude ere, barruan egotera behartzen gaitu”.

Kristalezko sabai hori nolakoa den, eta horri nola aurre egin azaltzen saiatu ziren San Telmo Museoan atzo egindako mahainguruan Nekane Arzallus, Delteco Gipuzkoa Basketeko presidentea, Ainhoa Azurmendi,psikologo eta kirol aholkularia, eta Ane Urkiri kazetaria.

Hasteko, Arzallusek presidente bezala izan duen bilakaera aztertu zuen, nabarmenduz taldeak erabateko babesa eman ziola presidente izendatu zutenean, postu horretarako pertsona “aproposena” zelako. Era berean, presidenteen rol motak ere aztergai izan zituzten hiru parte hartzaileek, nabarmenduz presidente gizonak harrotasun puntu bat gehiago dutela.

Garbian ateratako beste ondorioetako bat izan zen emakume bat presidente izateak ez duela zertan esan nahi berdintasunaren aldeko kontzientzia duenik pertsona horrek.

Gizonak eta emakumeak batera lehiatzeko aukera planteatutakoan, Azurmendik oso argi esan zuen ez dagoela horren alde, haurren taldeetan edo helduagoek osatutakoetan.




Kuotak ere hizpide izan zituzten elkarrizketatuek. Argi geratu zen, garrantzitsua bada ere emakumeak goi mailan ikustea, entrenatzaile, presidente edo epaile bezala, estrategia ezin dela soilik horretara mugatu, azpitik, oinarrian egin behar delako lana. Hain zuzen ere, maila horietan emakume asko eta asko daude, gorago joateko bidea itxita dutenak.

Hedabideen papera ere eztabaidagai izan zuten hiru parte hartzaileek. Kantitatea ez ezik, kalitatea ere beharrezkoa dela nabarmendu zuten hirurek, egun, astakeria handiak ikusten baitira hedabideetan. Horrez gain, emakumeen lehiaketetan telebistak eta bestelako hedabideak sartzeak ekarri dezaken onura dela eta, onura horiek kirolarietan eragin positiboa izatea aldarrikatu zuten.

#Mahaiingurua #kristalezkosabaia #emakumeak #Emakumezkoenkirola

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio