Kirolarien Harmaila: Mikel Bildosola

"Non gauden jakitearen garrantzia"



Mikel Bildosola | Igerilaria


Kirol munduan, bizitzako beste arlo guztietan bezala, amets egitea gogoko izaten dugu. Sarritan entzun - irakurri izan dugu mantra bat bezala saltzen diguten “amesteko gai baldin bazara, egiteko gai zara”, iragarki merke batetik ateratako eslogana. Ezinezkoak diren gauzak agintzen diguten jendeaz inguraturik gaude, txundituta uzten gaituzten amaigabeko istorioak eta kontakizunak entzuten ditugu, baina, guzti horietatik, zeintzuk dira baliagarriak eta benetazkoak direnak?

Kirol munduari begira, ezagutzen ditugu norbanakoaren gainditze prozesu itzelak, zinemetako pantailetara eramateko hainekoak direnak, baina errealistak izanda, zeintzuk dira aukerak gu horrelakoen protagonistak izateko? Estatistikak dio, oso aukera gutxi ditugula. Hori dela eta, gure helburuak finkatzerakoan, hobe da hauek eskuragarriak izatea, bestela bueltan etorriko zaizkigunak latzak izan daitezke.

Nire bizitzan, beti izan dut gogoko esnaturik amets egitea, baina horrek ez ninduen bultzatzen ezinezkoak diren helburuak finkatzera. Gustoko dut amestea, eta askotan pentsatzen dut: “Hau edo bestea entrenatzen badut, eta elikatzeko ohitura zehatz hau eramateko gai baldin banaiz... ikaragarrizkoak izango dira emaitzak!”. Horrelakoak nire buruaren bueltan izatea gogoko daukat (eta nork ez?). Errealitatean aldiz, beti jakin izan dut emaitzak lortzeko eraman dudan bidea zein izan den, nire emaitzak nola eraiki ditudan oso argi daukat, eta horrek laguntzen dit etortzeko direnak ikuskatzeko. Inoiz ez dizkiot nire buruari bete ezin nituen helburuak ezarri, horrek ez du esan nahi zailtasunik ez zeukatenik edota anbizioz beterik ez zeudela, baina ez ziren ezinezkoak. Etxean, gurasoek esandakoez beti oroitzen naiz: “zure buruarekiko zintzoa izan zara? Erabili duzun denbora guztia baliozkoa izan da? Ondo aprobetxatu dituzu eskura izan dituzun lanabes guztiak?...” Beti baietz erantzuten nuen, noski, naiz eta jakin horrela ez izan. Baina horrek lagundu nau nire ibilbidean, helburuak finkatzerakoan, planikifazioan, funtsezkoak diren gauzak ondo aukeratzen eta profitatzen.

Funtzezkoa da non gauden jakitea, eta nora heldu nahi dugun, baina garrantzitsuagoa da nora heldu gaitezken argi eukitzea. Askotan atsekabe handiak hartzen ditugu finkatutako helburuak ez zihoazelako bat ez gure gaitasunekin, ezta egindako lanarekin.

Zintzoak izan, errealitateari ez muzinik egin eta zuek markatutako helburuei bitarteko dituzuen guztiekin heldu. Horrela heldu nintzen ni Munduko Txapeldun izatera, baina hori beste batetarako utziko dugu.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio