Kirolarien Harmaila: Ane Barandiaran

Bihotza, urdin kolorekoa

Ane Barandiaran | Softbol jokalaria


Iritsi da amaiera, agur esateko unea. 

Ez dakit hau nola egin, ez didate egiten irakatsi, ez dakit nondik hasi. 

Atletiko San Sebastianeko taldera iritsi nintzenean, nire erretiroa bertan biziko nuela pentsatu nuen hasieratik. Etxeko talde bat, bertakoa, txuri-urdina, nire aitak beti nahi izan zuen bezala...

2015. urtean jantzi nuen lehenengoz kamiseta txuri urdina, txiki-txikitatik Anoetan animatzen nituen jokalari horien antzerakoa, alegia.

Alemanian eta Herbehereetan jokatzeko aukerak alde batera utzi eta Donostian gelditzeko erabakia hartu nuen. Garai hartan ez nuen argi bide zuzena hartzen ari ote nintzen, bizitzan behin gertatzen omen dira gauza hauek, eta ni laugarren aldiz ezetza ematera nindoan. 

Talde txiki batera ekarri ninduten; lagun talde batera, urteetan elkarrekin jolasten aritu den familia batera. 

Hasiera ez zen erraza izan. Berria nintzen, bai ni eta bai nirekin batera Oriotik edota beste klubetatik etorritako jokalariak ere. 

Ez geunden bertako dinamikan sartuta, taldea oso indartuta ikusten zen bat-batean... Aldaketa asko nabaritu ziren denbora gutxian.

Lan asko egin genuen elkarrekin, bai zelai barruan baita zelaitik kanpo ere. 

Zein garrantzitsua den konexio hori gauzak ondo joan daitezen. Eta hala izan zen. 

2015. urtean iritsi ginen zuzenean Ohorezko Mailako Ligako finalera, inongo eztabaidarik gabe, guztiek faboritotzat hartuta eta historian lehenengo aldiz, txapeldunak izan ginen. 

Hau honela, esan dezakegu, aro berri bati hasiera eman geniola. 

Hurrengo urteetan gure palmaresa hazten eta hazten joan zen. Urtez urte taldearen lana eta saialdi guztiak emaitzeetan isladatzen joan ziren, eta nahiz eta kontatzerako garaian erraza iruditu, errealitatea guztiz kontrakoa izan da. 

5 denboraldi: 3 Liga, 2 Erreginaren Kopa, zilarrezko domina bat eta urrezko beste bat, aurten lortua, Europako txapelketan. 

Emaitzei begira, alde profesionalaz hitz egitea eta bost denboraldi hauek deskribatzea barruan daukadan guztia ateratzea baino sinpleagoa litzateke. 

14 urte daramatzat mundu honetan sartuta, 14 urte lehenengoz eskularru bat ezkerreko eskuan sartu nuela. Europan zehar bidaiatu dut Euskal Selekzioarekin, Espainiako selekzioarekin, Atlantiko itsasoa zeharkatu dut hiruzpalau aldiz kirol honi esker... Ehundaka partidu jokatu ditut, eta oraindik ez naiz gai urdin kolore honi agur esateak sortzen didan minaz hitz egiteko. 

Agur esateko unea iritsi da. Agur familia bati, nire taldeari, nire taldekideei, afizioari. Maitatua sentiarazi didaten pertsonei, une zailetan eskua eman eta altxatu nautenei, gauzak okertu direnean, nire presentzia izatea eskertu dutenei. Berezia sentitu naiz bertan, maitatua. 

Nire bizitza profesionalean hasi eta zuzenean nire bizitzako partaide izatera pasa diren pertsonak ezagutzeko aukera izan dut. 

Milaka ordu pasa ditugu elkarrekin, hainbat zelaitan, furgonetetan bidaiatzen, ehunka malko, milaka irribarre... bizi ohi dugunok soilik uler ditzakegun sentimendu horiek guztiak datozkit burura. 

Amaitu da. Ez dago atzera bueltarik. Zaila da une horiek guztiak ez direla berriro errepikatuko pentsatzea. Atletiko San Sebastianen pasa ditut nire profesionale ibilbideko urte onenak, Donostian, etxean. 

Pertsona eta kirolari bezala sortu eta heldu naiz. 

Orain, bide berri bati ekiteko ordua iritsi da, baina jakin badakit, noan tokira noala, nire bihotza urdin kolorekoa izango dela eta urte hauek guztiak ahaztezinak izango direla. 

Etorkizunean, atzera begiratu eta Donostian jokatutako denboraldi hauek guztiak errespetu eta maitasun handiz gogoratuko ditut. Bai kluba, bai tekniko eta entrenatzaileak, baita nirekin segundu bakoitza partekatu duten jokalari horiek ere.

Duela bost urte, ez nekien erabaki zuzena hartzen ari ote nintzen. Gaur badakit, ez dut inoiz erabaki hoberik hartu. 

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio