DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio

Kirolarien Harmaila: Aitzol Atutxa

Boladak


Aitzol Atutxa | Aizkolaria


Makina perfekturik ez da oraindik mundu inperfektu honetan. Eta kirolariak ez dira makina perfektuak, eta zorionez ezta makinak ere, sarritan produkzio kate handi baten piezak direla iruditu arren. Lehenik eta behin pertsonak dira, eta beraien egunerokotasunak zeresan handia izaten du kirolari baten errendimenduan. Norbere poztasunaren araberako errendimendua ematea ez da berritasuna; askorentzat ohikoa da egun txar bat lanetik etxera edo etxetik lanera eramatea. Kirolean ordea, normaltasun horren normalizazioa, anormala da kasu gehienetan. Feedback horretan urruntasuna nabari dut sarritan, eta aldebikotasun horren antzutasunak triste jartzen nau. Kirolarien gertutasuna faltan somatzen dut sarri, lokatzetik urrundu egiten dira maiz.


Helburuak eta emaitzak onak direnean ez duzu horren beharrik , baina gauzak aldrebesten direnean? Herri harmaila bati hegoak moztea, edota kirolari eta zaleen artean lotura diren kazetariei mugak jartzea, kirolari baten errendimenduan zuzenean eragitea da.


Azkenaldian San Mamesen harmailarekin dagoen eztabaida edota pelotan hartutako erabakiak adibide. Beti izan da ezinbestekoa zalea edozein kirolarirentzat, baina babes hori noiz, nola eta zenbat eman behar da? Nor saiatzen da bien arteko haustura hori sortzen? Haustura hauek boladetan zeresan handia dute, kirolarientzat harresi lana egiten dute lotura hauek. Garai txarrenak leunago bihurtzen dira; beste era batera esanda malkarrak zelaitzen ditu.


Maldan behera eta frenorik gabe zoazen horretan, itsasoa zakar dagoen horretan behar duzu lagun - tasuna, baina horretarako aurretiaz landu beharra dago. Laguntasun hori lagunek ematen dute, eta lagunak gauzak ondo doazenean sendotu behar dira, gaizki jartzen direnean bertan egongo direnaren ziurtasuna edukitzeko. Zaleekin berdin berdin.


Kirol guztiak herritik sortu dira, eta horregatik maite ditu herriak. Kirola maite dugun gehienok, pozta - sunak espero ditugun arren , munduko kirolzaleak gogoratu: “Gutxien merezi duenean anima ezazu, gehien behar duenean izango baita”