Julian Gorospe: "Euskal Herriko Itzulia nire lasterketa kuttunena da"

Harmaila aldizkariko bigarren zenbakian, 2018ko Euskal Herriko Itzuliaren aurretik, lasterketaren analisia egin genuen hainbat zatitan banatuta. Horietako bat Julian Gorosperi egindako elkarrizketa izan zen. Itzulia bigarren aldiz duela 30 urte irabazi zuen.


Testua: Iñaki Berastegi @IBerastegi Argazkiak: Arnaitz Rubio @ArnaitzRu eta Lagun Onak


Bi aldiz irabazi du Julian Gorospek (Mañaria, Bizkaia, 1960) Euskal Herriko Itzulia, eta beste hiru aldiz igo da podiumera. Denboraldi hasieran ematen zuen bizkaitarrak bere mailarik onena, eta bereziki astebeteko lasterketak lehiatzera bideratzen zuen bere egutegia: “Hiru asteko lasterketa handietan ere lider izan nintzen, baina itzuli luzeetan beti izaten nuen egun txar bat”.


Euskal Herriko Itzulia lehendabiziko aldiz irabazi zenuenetik 35 urte pasatu dira. Euskal Herriko promesa handienetako bat izan zinen orduan, 1983an.

Ez Euskal Herrikoa soilik, Espainia osokoa ere bai. 1983an kontratu on bat sinatu nuen, eta txirrindularirik baloratuena izan nintzen. Normaltasunez onartu behar dira horrelako gauzak kirolean, hurrengo egunean, agian, zulo batean sartzen zarelako. Arrakasta izateko gauza asko behar dira, eta zortea ere lagun izan behar duzu. Ni ez nintzen trebetasun handiko txirrindularia, jaitsieretan kontu handiarekin ibiltzen nintzen; ez dut inoiz hezurrik apurtu bizikletaren gainean.

Promesa handiena oso denbora laburrean bilakatu zinen, 1982an egin zenuelako debuta profesionaletan. Lehenengo urte hartan Itzulia irabazteko zorian izan zinen. Zapore gazi-gozoarekin amaitu zenuen?

Ez. Lau segundoko aldearengatik galdu nuen. Ibardingo igoeran zortzi segundo atera zizkidan Jose Luis Lagiak. Erasoa jo zuen mendatean gora, baina taldekidea zenez, ez nintzen erasora atera. Azken etapan, Lazkaomendiko erlojuaren aurkako igoeran, etapa irabazi nuen, baina soilik lau segundo berreskuratu nituen. Bigarren amaitzea ere oso garrantzitsua izan zen ni bezalako debutari batentzat. Lagiak eta nik zapore gozoarekin amaitu genuen lasterketa. Mediterraneo kostaldeko lasterketak korritzen hasi nintzen, eta Costa del Azahar lasterketan bigarren amaitu nuen. Beste lasterketa batzuetan parte hartu ostean, Itzulian horrelako maila ematea oso garrantzitsua izan zen.

Urtebete geroago, 1983ko edizioan, lortu zenuen Itzulia irabaztea. Roberto Visentini eta Marino Lejarretaren aurretik geratu zinen. Errezilgo erlojuaren aurkako igoeran, azken etapan, lortu nuen sailkapen nagusia irabaztea. Irabaztea ez da erraza, baina ni ilusio handiarekin atera nintzen edizio hartan. Lazkaomendiko igoera oso gogorra zen niretzat, 3 kilometro ziren, eta niretzat hobeak ziren erlojupeko luzeagoak eta ez hain gogorrak. Errezilgoak 15 kilometro luze zituen, eta ez zen hain gogorra, erritmora joateko aproposa zen. Oso ondo moldatu nintzen. Erlojupeko luzeetan ongi moldatzen nintzen, Frantziako Tourrean 80 kilometroko saio batean hirugarren egin nuen. Itzulian, erlojupekoak motzagoak ziren, eta normalean aldapetan egiten ziren.



Itzulia zure urteroko helburu nagusietako bat zen. Egutegian gorriz markatua izango zenuen, ezta?

Garai hartan, egutegia ez genuen aldez aurretik zehazten. Prestaketak ere ez zuen gaur egungoarekin zerikusirik. Lasterketak korritu hala hartzen genuen sasoi puntu egokia, eta gero erabakitzen genuen, errendimenduaren arabera, lasterketa batean parte hartu edo ez.

Sasoia hartzeaz ari zarela, zuk berehala jartzen zinen lehiarako pronto, eta udaberrian ematen zenuen urteko mailarik onena.

Neguan lan asko egiten nuelako; agian, hiru edo lau kilo hartzen nituen, baina berehala kentzeko gai nintzen. Egunero entrenamendu gogorrak egiten nituen, bizikleta gainean edo gimnasioan. Oso azkar hartzen nuen sasoi puntu ona, baina gero maila jaisten nuen.

Egutegiko beste zein momentutan eman zenezakeen maila altuena?

Pikoak deitzen dioguna, edo mailarik altueneko momentuak, lehen ez ziren existitzen, eta orain txirrindulari batek urtean bat, bi edo hiru piko dauzka. Entrenatu ahala jakiten genuen maila onean geunden, eta bestela, atsedena hartu, eta berriro hasten ginen kilometroak pilatzen.

Eguraldiari ere asko erreparatzen zenion.

Beroarekin ez nintzen ongi moldatzen. Ibilbideko azken urteetan zertxobait hobeto moldatzen ikasi nuen, baina beroarekin arazo handiak izaten nituen hanketan, eta horrek errendimendua jaistea eragiten zidan. Nahiago nuen euriarekin korritu.

Horregatik, Euskal Herriko Itzulia oso aproposa zen zuretzat hainbat arrazoigatik.

Euskal Herriko Itzulia nire lasterketa kuttunena zen. Etxeko lasterketa izateaz gain, garrantzitsua zelako. Niretzako oso aproposa zen, ibilbidea ezagutzen nuen, erlojuaren aurka amaitzen zen lasterketa, eta eguraldia ere lagun izaten nuen. Hiru asteko lasterketa handietan ere lider izan nintzen, baina itzuli luzeetan beti izaten nuen egun txar bat. Lasterketa txikietan lortu nituen garaipenik handienak, erlojuaren aurkako garaipenekin eta Frantziako Tourreko etaparekin batera.

Hasieratik izan zen berezia zuretzat etxeko lasterketa, edo beranduago sortu zaizu Itzuliarekiko sentimendu hori?

Txirrindulari guztientzako zen berezia, denek etorri nahi izaten baitzuten lasterketa lehiatzera. Batetik, garrantzitsua zelako, eta bestetik, hemen zegoen zaletasunagatik eta errepidera inguratzen ziren zaleengatik. Normalean, garai hartako txirrindulari asko eta askoren egutegian egoten zen Itzulia.

Zuretzat lasterketa aproposa izan arren, zazpi urte kostatu zitzaizun berriz ere Euskal Herriko Itzulian podiumeko koxka altuenera igotzera. Horrez gain, behin bigarren izan zinen eta hirugarren ere bi aldiz amaitu zenuen.

Txirrindulari peto-petoen aurka lehiatu nintzen urte haietan, Sean Kelly, Claudio Chiappucci edo Tony Rominger, besteak beste. Txirrindulari horiek Itzulia bezalako lasterketa txikietan beti aurrean ibiltzen ziren. Euskal Herrian, Kelly oso ongi moldatzen zen, eta eguraldiarekin oso maila altua ematen zuen, nik egiten nuen bezala; Kellyk eta Romingerrek hiruna aldiz irabazi dute itzulia. Maila horretako txirrindularien aurka irabaztea ez zen erraza. Gainera, urtero lasterketa ezberdinak korritzen nituen, eta Itzulian ez bazen, beste leku batzuetan lasterketak edo etapak irabaztea lortzen nuen ia urtero: Lizarran, Zornotzan, Andaluzian (Espainia) edo Frantzian. Nire taldeak, Reynolds (Nafarroa), beti denboraldi ona egiten zuen, urte guztian hainbat lasterketa irabazten genituen, eta enpresako jabeak eta zuzendariak oso pozik zeuden; hori zen garrantzitsuena. Etxeko lasterketak ere oso garrantzitsuak ziren, nola ez, taldearentzat.

Sean Kelly aipatu duzula, sonatua da Ibardinen 1984an irabazi zenion etapa, eta hartara,Ibardinekin arantza kentzea lortu zenuen garaipen harekin. Zer duzu buruan, mendate hartan bertan 1990an lortutako etapa garaipena, ala 1982an Lagiaren aurka han Itzulia galdu izana?

Garai hartan, portu mitikoetako bat zen, eta lasterketako puntu garrantzitsu bat. Igoera ez da hain gogorra, baina azkeneko 500 metroak desnibel handikoak dira. Egia esan, 1984ko Ibardineko etapa hura Kellyk irabazten utzi zidan. Jaizkibelen gora erasoa jo nuen, eta Kelly atzean geratu zen. Itxaroteko eskatu zidan, sailkapen nagusia irabazteko arerioak atzetik zituelako, eta horren trukean, etapa irabazten utzi zidan. Horrelako gauzak ere gertatzen ziren.

Edizio haietan Ibardin mendate nagusietako bat zen, orain Arrateko santutegirako igoera den bezalaxe. Ibilbidea asko aldatzen zen urte haietan, edo, orain bezala, nahiko molde egonkorra zuen?

Orain baino gehiago aldatzen zela esango nuke, bereziki erlojuaren aurkako probak ezberdinak izaten zirelako urtetik urtera. Gainera, lasterketako azken egunean proba bikoitza izaten genuen: goizean errepideko etapa, eta, arratsaldean, erlojuaren aurkako proba. Orain, gauzak aldatzen dira, baina ikusten da Arraten erabakitzen dela edo erabaki beharko litzatekeela lasterketa.



Momentu kritikoren bat izan zenuen Euskal Herriko aldapa gogor horietan?

Momentu kritiko asko izan nituen. Lasterketa irabazteko aukera izan eta gero kale egitea gertatu izan zitzaidan. Igoera ez oso pikoak hobeak ziren niretzat. Deskarga niretzat oso bizia zen, adibidez. Gogoan dut 1998ko edizioa; Erik Breukinkek irabazi zuen Itzulia, eta azkeneko bi etapak ere beretzat izan ziren. Zegaman amaitu zen errepideko azken etapa, eta egun berean, arratsaldez, Otzaurteko mendatean erlojuaren aurka aritu ginen, eta herbeheretarrak irabazi zidan. Hirugarren amaitu nuen itzulia.

Urkiolan, etxetik gertu duzuen mendatean, ez zen inoiz etapa bat amaitu.

Dena den, Urkiola niretzat mendate gogorregia zen garai haietan. Oso mendate gogorra da, beste bost kilometro izango balitu, Frantziako Tourreko mendiko etapa bat amaitzeko leku aproposa izango litzateke.

Euskal Herriko Itzulian izandako aurkariez mintzatu zara: Kelly, Chiappucci, Breukink, Rominger… Baina, Marino Lejarretarekin izan zenuen lehiak ere zeresana eman zuen. Itzulian beti haren aurretik ibili zinen.

Marino, Fede Etxabe, ni eta beste txirrindulari asko geunden goi mailakoak. Stephan Rochek urte batean Zumaian irabazi zion Itzulia Federi; Fede oso ongi moldatzen zen hemen. Marinori dagokionez, egia da nik hemen emaitza hobeak lortu ditudala, Marinok ez duelako inoiz Itzulia irabazi, ezta etapa garaipenik lortu ere. Hemendik kanpo, ordea, bera ni baino hobeto moldatzen zen.

Miguel Indurain bera ere atzetik izan zenuen 1990ko edizioan. Sailkapen nagusia irabazi zenuen zuk, eta nafarra hirugarren sailkatu zen, biak talde berean ari zinetela. Edozein ibilbidetan moldatzen zen ongi Miguel, baina berarentzat eguraldi hotza eta hezea ez ziren aproposa, eta niretzat, bai. Pentsa Frantziako Tourrean eguraldia lagun zuenean zer nolako maila ematen zuen.

Indurainek Frantziako Tourra bost aldiz irabazi zuen. Lasterketa handi bat irabazteko itxaropena zuen jendeak zurekin.

Aukerak izan nituen, baino ezin izan nuen lortu. 1983An, Espainiako Vuelta irabazteko aukera izan nuen, baina hiru astetako itzulietan beti egunen batean kale egiten nuen. Bernard Hinaulten aurka galdu nuen 1983an, eta 1990ean ere aurrean izan nintzen, baina Marco Giovannettirentzat izan zen garaipena. 1983an 23 urte nituen; oso gaztea nintzen. Orain dudan esperientzia garai hartan izango banu, itzuli hura irabaziko nukeela uste dut. Urduri jarri nintzen Hinaulten aurka, eta nire erritmora jarraitu beharrean lehertu egin nintzen. Dena den, ez naiz horrekin geratzen. Ibilbide ona egin dut, urte asko egon naiz, talde on batean ibilita gainera. Baloratuta sentitzen nintzen, eta txirrindularitza nik nahi nuenean utzi nuen.


Jarraitzeko aukera izango nuen seguruenik, baina ez nahi nuen moduan. Gazteak pasatzen hasten ziren, eta 34 urterekin zaharrak sentitzen ginen; Perico Delgadok ere urte hartan utzi zuen, 1993an. Arlo horretan, gauzak aldatuz joan dira. Davide Rebellin hor dabil 46 urterekin, eta badaude 40 urte bete ostean profesionaletan jarraitu dutenak. Gure garaian, 32, 33 edo 34 urterekin erretiratzen ginen. Indurain ere 32 urterekin erretiratu zen.

Astebeteko itzulietan liderra, eta hiru asteko itzulietan taldeko liderraren laguntzailea. Horrela definitu daiteke Julian Gorosperen lana garai hartako Reynolds taldean?

Erlojuaren aurkako etapak irabazteko ere balio nuen. Garaipena lortzeko aukera eduki nezakeen itzulietan, taldea beti laguntzeko prest izan nuen. Kale ere egin nuen, noski. Esaterako Katalunian, etapa gogorrak zeuden, eta igoeretan nahiko ondo moldatzen nintzen arren, denboraldi amaieran izaten zen, eta ez nengoen sasoirik onenean. Miguel Indurain eta Perico Delgadorentzat lanean aritu nintzen garaiak oso politak izan ziren. Parisen talde guztia batera elastiko horiarekin sartu ginenean oso polita izan zen.

Euskal Herriko taldeetan egin du ibilbide guztia Mañariako txirrindulariak. S.C Durangesa taldean eman zituen lehendabiziko pausuak, eta Cafes Baquen aritu zen afizionatuetako urte guztietan. Ondoren, profesionaletara jauzia Reynolds talde nafarrarekin egin zuen, eta ibilbidea ere bertan amaitu zuen, talde berean, ordurako Banesto izena hartu zuen Eusebio Unzueren egituran. 1993 hartu zuen erretiroa, eta lau urte beranduago, Olarra taldeko kirol zuzendari bezala aritu zen urtebetez. Eta, handik, Euskaltel-Euskadira. 1998an egin zuen bat egitura lanjarekin, eta 2006an, taldetik baztertu, eta ez zioten kontratua berritu. Iban Mayo da Euskal Herriko Itzulia irabazi duen azken euskal herritara. 2003an, duela 15 urte lortu zuen garaipena, zu Euskaltel-Euskadiko zuzendari zinela.

Zuzendari bezala ere lasterketa oso berezia izan zen niretzat. Bertako talde batentzat, soilik bertako txirrindulariekin osatutako taldea izanik, oso garrantzitsua zen guretzat etxean lortzen genuena. Etxeko taldearekin etxean irabaztea lortu zitekeen gauzen artean politena zen. Eta sailkapen nagusiaz gain, etapak ere irabazi genituen. Txirrindulari nintzenean bezainbeste gozatu nuen lasterketaz kotxean aritu nintzenean. Zuzendari bezala egin nituen urteak oso politak izan ziren.

Dena den, urte dezente dira etxeko txirrindulari batek lasterketa irabazten ez duela.

Txirrindulari euskaldun profesional gehiago zeuden orduan. Orain, bat edo bi onak ateratzea oso zaila da. Egia da etxeko txirrindularientzat garrantzia handia izaten jarraitzen duela Itzuliak. Baina orain gehiago kostatzen da gurasoek haur bati bizikleta bat ematea, errepideetan dagoen arriskuarekin. Eta ezin da ahaztu, egun, kirol gehiago egiten direla, haurrek aukera gehiago dituztela, alegia.

Etorkizun labur batean, Itzulia etxeko txirrindulari batek irabaz dezakeela uste duzu?

Noski baietz. Izagirre anaiei edo Mikel Landari aukera asko ikusten dizkiet. Urteko antolaketari ere erreparatu beharko genioke, baina txirrindulari hauek oso maila onean daude. Nire garaian bezala, kalitate handiko txirrindulariak etortzen dira Itzulia irabazteko asmoz; Valverde eta beste batzuk. Baina etxekoen mailari erreparatuz aukerak ikusten ditut, Landa bera Tourra irabazteko aukerekin ere ikusten baitut.

Bederatzi urte eman zenituen Euskaltel-Euskadin. Urte politak izan direla esan duzu, baina amaiera ez zen amestutakoa izan. Zer gertatu zen?

Taldeko zuzendariek erabaki zuten zuzendariak aldatzerako orduan lurraldetasuna kontuan hartzea. Alegia, zuzendari bizkaitarrak, gipuzkoarrak eta arabarrak txandakatu behar zirela. Txomin Perurena aritu zen nire aurretik, gipuzkoar bat, eta nire ordez Igor Gonzalez de Galdeano hasi zen. Nik esan nuen ez zitzaidala inporta egituran bigarrena izatea, baina ez zidaten kontratua berritu nahi izan. Oso gutxi baloratu zuten egindako lana.

Hori izan zen txirrindularitzatik urruntzeko arrazoi nagusia?

Esatari bezala ere aritu nintzen komunikabide batean behin zuzendari izateari utzi nionean. Baina egia aitortzearren, taldetik atera nintzen modua izan zen urruntzeko arrazoi nagusia. Are gehiago taldea nola desagertu zen ikusi ostean. Gaurkotasuna jarraitzen dut, baina urrutitik ikusten dut ziklismoa.

Zuri ez ezik, euskaldun zale askori eragin dio talde horren desagertzeak.

Asko nabaritzen da, bereziki Tourrean. Euskaltelen garaietan, asteburuetan ezin zen Pirinioetako mendateetan etapa amaiera bat jarri, jende gehiegi hurbiltzen zelako. Tourrarentzat ere oso garrantzitsua zen. Eta Itzulian ere nabaritzen da, selekzio bat ginen, eta kuadrilla handiak hurbiltzen ziren errepidera taldeari babesa ematera. Herriak mugitzen ziren.

Murias taldea lehenengo aldiz izango da Itzulian aurten, eta Euskadi Fundazioak ere pausu bat aurrera eman du aurten.

Odriozolaren taldea uste dut oraindik ere diru aldetik juxtu samar dabilela. Dena den, bide bat zabaldu dute, eta ea lortzen duten aurrera egitea. Egun, txirrindulari gutxiago daude hemen, eta gainera, txirrindulari horiek kanpoan ere aukera gehiago dituzte goi mailan aritzeko. Fundazioa ere hor dago, Landaren laguntzarekin, baina niretzako aproposena litzateke bi egiturek bat egitea, ideia bera duten bi egitasmo daudelako leku berean.

Zer espero daiteke 2018ko Itzuliari buruz? Contadorrek erretiroa hartu du, eta iazko irabazlea, Valverde, ikusteko dago nola iritsiko den lesio larri baten ostean.

Iazkoarekin alderatuta, aldaketa txiki batzuk daude. Igoera asko sartzen badituzu ez dira gizon azkarrak etortzen, eta hori ere begiratzen da. Iazko erlojupekoa eta aurtengoa ezberdinak izango dira. Faboritoei dagokionez, nik Valverde orain ez dut irabazteko gai ikusten. Kanpotarren bat ere seguru ondo arituko dela, eta Ion Izagirre seguru etorriko dela. Ea aukerarik baduen ormaiztegiarrak lasterketa irabazteko.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio