DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio

JON MAIA: ' Gure adierazpide kulturala da arrauna'


#HARMAILA0 Argazkiak: Arnaitz Rubio

Itsasoari begira jarri zen Jon Maia bertsolaria Zumaiara bizitzera joan zenean sei

urte zituela. Arraunlari izan zen 11 urtetik 18 urte bitartean, eta ‘Apaizac obeto’

espedizioan 2.000 kilometroko bidaia egin zuen arraunean Ternua inguruan,

2006an. Bada nor arraunaren inguruan gogoeta egiteko, eta eginda duen hori azaldu du.

“Itsasoari begira egindako gogoeta batzuk dira ondorengo bertso hauek”, kontatzen du Benito Lertxundik kantuan hasi aurretik ‘40 urtez ikasten egonak’ diskoaren zuzeneko grabazioan. Itsasoari begira gogoetan bertso horiek osatu zituena Jon Maia da (Urretxu, Gipuzkoa, 1972). Zumaiara bizitzera joana sei urte zituela, itsasoa aurkitu zuen umea zela. Eta erabat maite-mintzen hasi zen.

1978 zen, eta orduko hartan, beste itxura bat zeukaten Euskal Herriko portuek eta ibaiek. Aspaldikoaren kutsua, iraganaren kresala joan gabe zeukaten oraindik. Maia umeak ziurrenik ez zien erreparatuko ezaugarri eta bereizgarri horiei. Gerora egindako gogoetak dira horiek. Oso gerora. Gertakari, bidaia edo ekimen batek lotu baitzuen betirako itsasoarekin Maia. Hala kontatu du berak: “Apaizac obeto espedizioak bizitza aldatu zidan”.

2006ko kontuak dira. Albaola elkartearen baitan, itsas espedizioa egin zuten sei euskal herritar arraunlarik eta mikmak etniako amerindiar batek. 2.000 kilometro arraunean, ‘Beothuk izeneko traineru tradizional batean, Euskal Herriko baleazaleek XVI. eta XVII. mendeetan Ternuan eta San Laurendi ibaian zehar utzitako arrastoak berreskuratzeko asmoz. Maia zen sei euskal arraunlarietako bat, eta kronista ere izan zen.

Bidaia handi hori baino lehen, ordea, hasia zegoen Maia gogoetak egiten itsasoaz. Benito Lertxundik diskora eramandako bertsoak lehenagokoak dira, esate baterako. Eta 1981etik 1989ra arraunlari ere izan zen Maia, Zumaiako Aita Mari arraun elkartean. Umetatik izan du lotura itsasoarekin, eta urteen joanean estutzen joan da harreman hori. Gogoeta sakon bihurtzeraino.

Maiarena ez da arrauna kirol lehia bezala bakarrik hartzen duen gogoeta. Harago doa. Denboran eta mamian. “Arrauna egun batean kirol bihurtu zen, baina ez zen hor sortu. Mendeetan eta mendeetan egon izan da Euskal Herrian. Kirol bihurtu aurretik lanbide izan zen. Gure kirol nazionalek ofizioetan dute sorburua, kirola ez zen jardueran, eta arrauna ere hor kokatzen da”. Gehiago zehaztu du definizioa: “Arrauna da uretako, itsasoko eta ibaietako kirola”.

Burua eraman du bere begiekin inoiz ikusi ez zuen garai urrun batera, imajinazioaren bidez kontakizun historiko eta zehatzetan bildurikoa ahora ekartzeko: “Garai batean, ohikoa zen ibaietan herritarrek arraun egitea. Bazuen funtzio industriala, soziala eta zerbitzuzkoa, baina hori dena galtzen joan zen, galtzen utzi dugu, eta konturatzerako, lehia baino ez zaigu geratzen”. Iraganeko zerbait da arrauna, berreskuratu beharrekoa, Maiaren ustez: “Ondarea da, azken batean”. Beste kirolen aldean, arraunak bereizgarri hori duela nabarmendu du Maiak: “Futbola, adibidez, ez zait iruditzen adierazpide kulturala euskal herritarrontzat”. Arrauna harago doala iruditzen zaio: “Bertakoa da, gurea, bertako izaera baten berri ematen du, bertatik sortua da, bizitzeko modu baten berri ematen du”. Euskal Herriko zaharrenetakoa dela gogoratu du: “Duela 700 urte, jendeak arraun egiten zuen Euskal Herrian”. Ematen dio horrek gaur egungo arraun adierazpideari, lehiari alegia, esanahi berezia: “Ordutik dator bai, baina oso kontuan eduki behar da trainerua oso berria dela, tresna oso sofistikatua”. Gaur egungo arraun lehiak ez du zerikusi handirik, esaterako, garai bateko baleazaleen jardunarekin: “Balea txalupak beste gauza batzuk ziren. Trainerua asmatu zenerako balegintza ia desagertuta zegoen. Estropadak ez datoz baleen arrantzatik”. Baina lotzen ditu zerbaitek. Lehiak ere bai. Garai batean, herrien arteko iskanbilak izaten ziren baleak zeinen uretan eta zein herritako arrantzalek arrantzatua izan erabakitzeko. Orain ere lehia herrien artekoaizaten da arraunean. “Herrien arteko epaiketak izaten ziren lehen arazo horiek konpontzeko, eta epaiketa horiei esker dokumentazio zehatza iritsi da gureganaino, eta gauza asko dakizkigu garai hartatik. Istripuek ere agiri andana zabala utzi digute”.

“SINBOLISMO ASKO DAUKA ARRAUNAK”

Kontua da urteen joanean arraun lehiak eutsi egiten diola zaletasunari, nahiz eta Maiak ñabardura handi bat egin kontu horri: “Zaletasuna badago bai, eta udan jende asko egoten da arraun lehiari adi, baina kirolari arraunlariak zenbat dira proportzioan?”. Geroago helduko dio gai horri, etorkizunera begira jarriko denean. Arraun zaletasuna lotua ikusten du iraganarekin: “Gure ondare izanik, gure sustraietatik datorrelako eta gure historia zein izaeraren adierazpide delako, beste kirol batzuek baino askoz sinbolismo gehiago dauka”. Gehiago sakondu du azalpena: “Herri izaera ordezkatzen du arraunak, futbolak ez bezala, adibidez. Arraunlariak herriaren ordezkari kulturalak dira, ez bakarrik kirolariak”. Horregatik lortzen du bere ustez udan zaleak erakartzea, herriaren memoria historikoan kokatua dagoelako arrauna. Baina erakarri zezakeena baino gutxiago erakartzen duela iruditzen zaio. Eta iraganetik etorkizunera egin du jauzia.


“ARRAUN LEHIAK AZPIAN EZ DU OINARRIRIK”

Ezinbestekotzat jotzen du arrauna ondare kultural bezala berreskuratzea, eta uste du horrek indarra emango liokeela lehiari: “Kulturalki handituko balitz arrauna gure bizitzetan eta gizartean, lehiak beste neurri bat hartuko luke”. Arraunlari falta dabil bazterretan, eta talde batzuk justu antzean osatuta atera dira lehiara uda honetan. Hori konpontzen lagunduko lukeela ziur dago: “Inork ez badu arraun egiten gustuz eta ezertarako, nondik atera behar ditugu arraunlariak?. Ez dago inoren buruan arraunlari izatea. Telebista bidez ikustea beste kontu bat da, oso ezberdina”.

“Arraunlariak atzera begira egiten du arraunean, aurrera joateko”, azaldu du hitzekin jolastuz Maiak, eta arrauna ondare bezala berreskuratu beharra lotu du baieztapen horrekin, bideak eta moduak aipatuz: “Iraganean daukagu zer izan zen arrauna kostaldeko herrietan. Ez dugu ezer asmatu behar. Hor daukagu. Ondare hori ekar dezagun gaur egunera, eta gurea den zerbait berreskuratuko genuke, herri bezala berezi egiten gaituen hori. Hori eginda, aurrera egingo luke arraunak, eta herri bezala ere aurrera egingo genuke”.

Nola egin ere pentsatua dauka, gutxi asko: “Politikak zeregin handia dauka. Landu egin beharko lirateke hainbat gauza. Alokairu zerbitzuak sustatu eta jarri, eskolak arraun jardueretara gerturatu, ikuspegi historikoa landu... Hori dena lagungarria litzateke”. Puri-purian dagoen gai batekin lotu du: turismoarekin. “Turismo identitarioa bultza daiteke, eta itsas ondarea litzateke kostaldeko herrietan, zer izan garen erakutsiz, eta edertasun hori baliatuz erakusteko kanpotarrei”. Euskal kostaldean daukagunari balioa eman behar zaiola erabat sinetsita dago: “Guk daukaguna oso zaila da edukitzea, eta ezin da erosi. Historia da hori. Balioan jartzen bada historia, gauza asko egin daitezke”. Kanpotarren begietara erakargarriak garela gaineratu du: “Gu zer garen eta izan garen oso erakargarria da jende askorentzat, eta gu zer garen eta izan garen horretan, itsasoak eragin handia dauka”. Itsasoa eta Euskal Herria elkarri lotutako bi izate dira, hor ez da inolako dudarik, baina bereizi egin direlakoan dago: “Itsasoaren gure ikuspegia oso mugatua da lehen gure arba-soek zutenaren aldean. Hondartza da guretzat gaur egun, aisialdirako itsasontzia edukitzea, eta udan estropadak ikustea. Ez gara asko kezkatu gure historiaz, eta itsasoak izan duen funtzioaz euskaldunontzat”. Baieztapen indartsuarekin amaitu du gogoetaren zati hau: “Euskal Herria ezin da ulertu itsasorik gabe”.

“BESTE HERRIALDEETAN EZ DUTE GALDU ARRAUN ONDAREA”

Maiaren hitzetan, Euskal Herriak badu nora begiratu itsas ondarea berreskuratzeko lanean, bai baitira herrialde batzuk iraganeko ohiturak galdu gabeak: “Irlandan eta Suedian, esaterako, arraun lehiak ez dauka ia presentziarik. Beste toki batzuetan olinpiar erako arrauna lantzen dute, baina bi herrialde horietan, apenas. Itsasontzi tradizionalei lotuta jarraitzen dute. Hor jarraitzen dute lehengoan, eta ez dute nortasuna eta izaera galdu. Asko dira arraun egiten duten herritarrak, belaontzian ibiltzen direnak edo antzinako nabigazioa lantzen dutenak”.


Irlandako egoera adibide zehatz batekin atondu du: “Duela 300 urteko moldeari eusten diote ontzigintzan, eta antzinako ontziak bezalakoak egiten dituzte, batere sofistikatu gabeak. Iragana orainaldira ekarri dute, eta ondare hori ez da galdu han”.

Euskal Herrian ere badira saiakerak ondare hori gaurkotzeko, eta baten berri ondo daki Maiak: Albaola elkartea. ‘Apaizac obeto’ espedizioaren antolatzailea. “Ezagutu nuenean Albaola, konturatu nintzen bakarrak zirela Euskal Herrian. Beste era batera bizi dute arrauna, eta itsasoarekiko harremana. Badira hogei urte hasi zirela, eta gauza ezberdinekin ekin zioten”. Emakume arraunlariak ekarri ditu gogora: “Orain normaltzat hartzen dugu hori, baina duela hogei urte Albaolakoak hasi ziren emakumezkoak arraunean jartzen”. Arrauna ondare bezala berreskuratzeko bidean, hainbat pauso eman dute Albaolakoek: “Esate baterako, Euskal Herriko ibai nabigagarri guztiak zeharkatu zituzten , eta trainerua erreleboka kostaldeko herri guztietara eraman, herriz herri eskifaia aldatuz”. Arrauna lehiarekin bakarrik lotzen dutenek zer esaten zieten gogoratu du: “Arraro begiratzen zieten Pasaian, esanez arrauna lehiaketa dela, eta ea beraiena zer zen”.

Politikari batek esan ziena ere ondo gogoan dauka Maiak, ‘Apaizac obeto’ espedizioaren harira agintari horrekin elkartu zirenean: “Berak ez zizkigula oporrak ordainduko esan ez zigun, bada”.

“APAIZAC OBETOn PARTE HARTZEA KONTXAN LEHIATZEAREN PAREKOA IZAN ZEN”

“Zeinek esango zidan niri arraun egiten bidaiatuko nuela?”, galdetu du Maiak. “Arraunlaria izana nintzen, baina espedizionario izan behar nuenik...

Albaolaren bidez izan zuen aukera esperientzia berriak bizitzeko. Zenbaterainoko zirrara eragin zion, baieztapen honekin biribildu du: “Bizitza aldatu zidan, beste bizitza bat ekarri zidan”. 2.000 kilometro egin behar zituzten arraunean, egunean hamar-hamabi orduz, antzinako erropekin eta baliabideekin.

“Ordutik, itsasoari begira bizi naiz”, esan du. Eta nerabe zela ezagutu zuen lehiarako arraunaz gain, beste bat bazela ikusi zuen: “Bidaiari esker konturatu nintzen badela arrauna sentitu eta bizitzeko beste era bat”. Poza eman zion horrek, burua ireki. Baina solasaldian, nostalgiak hartu dio gaina berriz: “Zein jende gutxik daukan batela gure Zumaia honetan, hiruzpalau baino ez dira eta...”.

Eta berriz hasi zaio burua lanean, ondarea berreskuratzeko bideen gaiarekin: “Euskal Herria herri indartsuena zen ontzigintzan eta nabigazioan, baina utzikerian desagertzen joan da. Harrigarria da zer izan ginen, eta nolako utzikeriarekin desagertu ziren lanbideak, gure bizitzatik kanporatzeraino. Bagoaz pixkanaka aurreraka, zorionez. Aukera pila bat ematen ditu landu gabekoak: aisialdia, pedagogia, nabigazioan talde lanak daukan zentzua, naturarekin duen harremana, denok batera lan egin beharra belan eta arraunean... kontzeptu solidarioa dauka eta kulturala, beste kirol gehienek ez daukatena. Naturarekin bat egin behar da, gutaz hitz egiten du (identitatea), herri bezala marka bat da, bereizi egiten gaitu”.

Bagoazela esan duenean, bere herriko Bateleroak aipatu ditu, besteak beste: “Ari dira berreskuratzen ontzigintza, ontzi zaharrak berreraikitzen, eta beste herri batzuetako antzeko taldeekin elkarlanean ere ari dira”. Urrun dago oraindik, dena dela, Bretainia bezalako eredua, Maiaren arabera: “Itsas kulturako jaialdi erraldoiak antolatzen dituzte, eta hemen falta zaigu horretarako. Baina pauso txikiak ematen ari gara, eta bada zerbait. Uste dut hasia dela itsasoa lekua berreskuratzen, eta ez fisikoki bakarrik. Baina asko dauka berreskuratzeko”.

Bide horretan aurreneko urratsetako bat hau litzateke Maiaren ustez: “Ikusgarri bihurtu behar dugu arrauna, ikusten den zerbait. Udan azaltzen da bakarrik, eta lehian. Demagun ibaietan hasten garela berriz ikusten jendea arraunean, batera eta bestera, aisialdian, eskolei pedagogia eginez eta abar. Ikusten den zerbait izango litzatekeenez, jendearen begiradaren bidez buruan sartuko litzaioke jendeari berari, eta agian, arraun lehiaz daukagun ikuspegia aldatuko litzaioke jendeari. Gogorra dela iruditzen zaie, eta ez erakargarria. Beldurtu egiten du jendea arraunak, umeak batez ere gurasoen bidez. Gogorra da arrauna’ esaten dute gurasoek Nik esaten dut ea futbola ez den gogorra. Arraunean nekez ikusiko ditugun lesio larri askoak izaten dituzte futbol jokalariek”. Gogoetak dira, itsasoari begira Maiak urteetan egindakoak. Sakonak. Mamitsuak. Iragana, oraina eta geroa lotzeko. Benito Lertxundik ‘Itsasoari begira’ kantan bukatzen du, “azken arnasa eman nahi nuke itsasoari begira”. Maia da hori idatzi zuena. Nolakoa izango ote da orduan gure itsas ondarearen presentzia gizartean? Baliteke, Maiak itsasoa ezagutu zuenean bezala, iraganeko kresala eta aspaldikoaren kutsua izatea berriz ere.


#Arrauna #JonMaia #ApaizacObeto #Kultura