Fausto Mota: "Burua hotz mantentzea ezinbestekoa da Dakar rallyan"


Fausto Mota Argazkia: Fotop / Victor Eleuterio Costa

Parte hartu duen bost edizioetan amaitu du Fausto Mota (Porto, Portugal, 1977) Portugalen jaiotako gasteiztarrak Dakar rallya. Iaz bezala, aurten ere helburua bete du lortutako 31. postuarekin. Saudi Arabian lehenengo aldiz korritu da rallya, eta aldaketa gustatu zaio Xraids taldeko pilotuari. Hala ere, une oso gogorrak bizi izan ditu bertan, batik bat, Paulo Goncalves moto gidari eta lagunaren heriotzaren ostean. Gasteizera itzuli berritan hitz egin dugu berarekin.


Iñaki Berastegi @IBerastegi



Iaz, helburua aurreneko 30 pilotoen artean sailkatzea zen, eta lortu zenuen. Aurten 31. postua eskuratu duzun arren, pozik zaude egindakoarekin?


Bai, Top30-a egitea zen nire asmoa. Ez dit axola 29. postuan edo 31. postuan amaitzeak. Nire lekua hori da lasterketa honetan; hori da nik nahi nuena.


Lehendabiziko parte hartzetik, 2011ko ediziotik, nabaria den aurrerapausua eman duzu sailkapen nagusian. Izan ere, 53. izan zinen zure lehendabiziko parte hartzean. Bilakaera horrek eta azken bi edizioetako postuek erakusten dute gora egin duzula, ezta?


Azken bi urteetan gora egin badut, gehienbat, motoagatik izan da. Hobekuntza handia nabaritu dut arlo horretan, nabarmen egin du hobera motoak. Ez dugu arazo mekaniko larririk izan azken bi edizioetan, eta horrek aukera eman digu aurrerago egoteko. Hori bai, Xraids taldean ditugun baliabideekin, gorago amaitzea oso zaila da.


Husqvarna 450 rally replica motoarekin parte hartu duzu aurten ere.


Iazko moto berbera da, bai. Erabat desmontatu genuen, hezurretan, txasisean utzi genuen, eta egitura guztia berregin genuen. Esekiduran aldaketa batzuk egiteko aprobetxatu, eta aurten hobekuntza nabaritu dut aldaketa horrekin. Baina, ez genion motoari beste munduko ezer egin. Motoak ongi erantzutea da nahi duguna. Arazorik ez ematea eta pilotua moto gainean eroso joatea da guk bilatzen duguna. Horretarako, esekidura garrantzitsua da, gidariaren estiloari erantzun behar dio, eta horregatik egin genuen aldaketa hura, hobekuntza bat somatu nezakeela uste genuelako, eta azkenerako, halaxe izan da. Irailean, Marokon, Panafrika rallya korritu genuen; bost eguneko rallya da, 2.000 kilometrokoa. Dakarrera begira probak egiteko toki aproposa da, motoa probatzeko eta "route-book" lana egiteko ere bai. Esekiduran egindako aldaketak bertan probatu genituen. Urteko entrenamendu osoena lasterketa horretan egiten dugu.


Dakar rallya abentura bat da, amaierara iristea da garrantzitsuena, eta zuk parte hartu duzun bost edizioetan amaitzea lortu duzu. Lorpen handia da hori.


Burua hotz mantentzea ezinbestekoa da Dakar rallyan. Burua hotz mantendu, lasai joan. Aurreneko astean ia ez du pena merezi sailkapen nagusiari begiratzeak. Ondo sentitu, arazorik ez izan eta minik ez hartzea da garrantzitsuena. Eta lasai, lasterketak zure tokian jarriko zaituelako. Hainbeste egun eta kilometro dira, ezin garela uneoro sailkapenari begira egon, are gutxiago gurea bezalako talde batean.


Gidatzeko eta rallya ulertzeko duzun modu hori argi ikusten da etapa bakoitzeko emaitzetan; lehendabiziko astean atzerago ibili zara, eta azken etapetan beti 30. postuaren bueltan amaitu duzu.


Lehenengo asteko etapetako profila menditsuagoa zen, eta harri asko aurkitu genituen, ibilbide nahiko arriskutsua zen, eta horrenbestez, lasai hartu genuen, motoa eta gidaria ez kaltetzeko asmoz. Bigarren astean harea aurkitu genuen, dunak, nire gustuko lurra, eta pixkanaka erosoago aurkitu, erritmoa handitu, eta aurrera egin genuen sailkapenean.


Afrikan egin ziren edizioetan parte hartu gabekoa bazara ere, harekin antzekotasun handiagoa izan du Saudi Arabiako honek? Gidari askok hori nabarmendu dute, bereziki Mauritania gogorarazi diela aipatuz.


Dakar-a 2010az geroztik, aurten arte, Hego Amerikan egin da, eta nik 2011an parte hartu nuen lehen aldiz. Nire ustez, Saudi Arabiak lehengai guztiak ditu Afrikako rallyarekin antzekotasunak dituen Dakar-a egiteko, betiko lasterketa antolatzeko, alegia. Argentinan eta Txilen egin zen Hego Amerikako lehen Dakar rallya, eta ondoren sartu ziren Txile, Bolivia eta Peru. Boliviako altitudearekin asko sufritzen genuen. Dakar-a beti beroa, harea eta hautsa izan da, eta ez euria eta hotza, Bolivian bezala. Antolakuntza enpresa bat da, enpresak dirua irabazteko daude -A.S.O-k Dakar rallya edo Frantziako Tourra antolatzen ditu, besteak beste- eta hori lortzeko Bolivia ere sartu zuten. Baina, nire ustez, erabaki okerra izan zen Boliviako ibilbidea sartzea, ez herrialdeagatik, baldintzengatik baizik; 5.000 metrotik gorako altitudean ari ginen, tenperaturak tarteka zero azpitik eta abar. Gidariak asko kexatzen ziren.


Argazkia: Fotop / Jose Mario Dias

Hortaz, aurtengo edizioa fisikoki ez da hain gogorra izan?


Ez nuke hori esango. Edizio honetan, pistatik kanpo 200 kilometro baino gehiago ere egin ditugu. Fisikoki asko eskatzen duten lur zatiak dira, baina Dakar-a hori da.


Aurtengo aldaketa handienetako bat "route book"-ari lotutakoa izan da. Aurreko egunean eman ordez, etapa abiatu baino lehenago eman zaie gidariei eguneko "route book" edo ibilbide zehatza etapa batzuetan. Moto gidarientzako are zailagoa da, baina era berean, mesedegarria, "mapman" edo talde handiei ibilbideari buruzko xehetasunak ematen dizkieten pertsonen eragina mugatu delako.


Erabaki bikaina izan da hori, eta uste dut hurrengo edizioetan etapa guztietan abiatu baino 30 minutu lehenago emango digutela ibilbide zehatza; bistaizo bat eman eta motoan sartzeko denbora baino ez dugu. Lehiakortasuna areagotzen du, talde txikietako eta handietako gidarien aldea murrizten da, eta askoz ere hobea da lasterketarako. Aldi berean, egia da, batez besteko abiadura jaistea ekarri duela, baina erabakia egokia da.


Nolakoak dira ibilbide zehatza aztertetzeko moto gidari batek dituen minutu horiek. Moto edo quad gidariak bakarrik zaudeten bitartean, kotxe, SxS edo kamioi gidariek laguntza dute, ez doazelako bakarrik ibilgailuan.


Oso momentu garrantzitsua da. "Route book"-aren hasieran antolakuntzak ibilbidearen zati arriskutsu edo zailenak zeintzuk diren azaltzen ditu, eta horiek dira gehien aztertzen ditugun puntuak. Lehen guk azpimarragailuekin eğiten genuen lana ordezkatzeko, antolakuntzak kolore zehatz batzuk aukeratu ditu graduak, norabidea eta bestelakoak markatzeko. Euren markatzeko modura egokitu behar dugu.


Lasterketan nabaritu duzue aldaketa hori? Abiadurain baino, "waypoint" edo mugarriak aurkitu edo baliozkotzerako orduan iaz baino gehiago galdu zarete? Nabigazioa zailagoa izango zen.


Ez, abiaduran nabaritu da gehienbat. Nik aurten nabigazioan akats bat egin dut, ezin nuen "waypoint" bat aurkitu, baina toki horretan gidari asko galdu ginen, aurreneko 30 moto gidariak edo. Arrazoia eman ziguten gero, antolakuntzaren nabigazio akats bat zen, eta ez gurea. Satelite bidez jartzen diren mugarri edo puntuak dira "waypoint"-ak, eta hor akats txiki bat izan zuten -gidariek euren ibilgalituetan ikusten du "waypoint" bat baliozkotu duten edo ez-, baina gidariok egindako nabigazio akatsak ere izan dira rallyan.


Beti 30. eta 50. postu artean ibiltzeak, bereziki lehenengo astean, gauza onak eta txarrak izan zituen. Onena, ez duzula pista ireki behar eta beste motoen aztarnak jarraitzeko aukera izatea, eta txarrena, aurretik atera diren moto guztien hautsa "jatea".


Hautsak estalitako bide horretan gehiago edo gutxiago arriskatzen duten gidariak daude. Nire kasuan, hautsa desagertu arte, benetan bidea ikusi arte, ez dut abiadura handitzen. Lasterketak zure tokian jartzen zaituenean, hauts gutxiago duzunean, hor hasten da nire benetako lasterketa. Sekretua hori da, bakoitzak jakitea zein den bere toka rallyan. Noski gustatuko litzaidakeela Dakar-a irabaztea edo aurreko postuetan amaitzea, baina nik Gasteiztik rallyra noanean badakit ezin dudala irabazi. Hori ondo kudeatzea da gakoa, egunez egun lan egitea. Sailkapenak ez dit axola, hurrengo egunean zer ordutan atera behar dudan da jakin nahi dudan gauza bakarra.


Pedro Oliveira zure mekanikaria, laguna eta aholkularia da. Oso garrantzitsua izango da zuretzat.


Nire konfiantzazko pertsona da, motoa bezain garrantzitsua rallyan. Dena kontatzen diot, nire mekanikaria ere bada, eta tartera medikua ere bai. Nire aingerua da [kar, kar, kar].


Edizio honetako gogorrena zer izan den galdetuko banizu, erantzuna zein izango den badakit. Paulo Goncalves moto gidari portugaldarraren heriotza.


Lagun mina zen. Gertuko herri batean jaiotakoa, adin beretsukoak ginen, berak 40 urte zituen eta nik bi gehiago. Hogei urte baino gehiago generamatzan mundu osoan zehar lehiatzen, Brasilen batera egon ginen, Qatar-en, Dubain... Abentura asko egin ditugu batera, Dakar-ean, zein bertatik kanpo. Gogorrena hori izan da, zalantzarik gabe. Antolakuntzak zortzigarren etapa bertan behera utzi zuen moto eta quadentzat, eta erabaki egokia izan zen. Zazpigarren egunean, istripua gertatu zenean, ez geunden etapa bukatzeko moduan. Gogorik ere ez. Omenaldi bat bezala hartu genuen etapa hura ez korritzea.


Argazkia: Fotop / Duda Bairros

Gutxienez, beste lau urtez korrituko da Dakar rallya Saudi Arabian. Zer dauka antolakuntzak hobetzeko?


Lehenengo aldia da bertan egiten dela eta antolatzaileei denbora eman bahar diegu gauzak hobetzeko. Nik uste etapa bakoitzean kilometro gutxiago egin eta abiadura apur bat moteltzeak mesede egingo liokeela lasterketari, eta iruditzen zait horren aldeko apustua egingo dutela. Erlojuaren aurkako 500 kilometro egin beharrean, egokiagoa da 400 inguru egitea abiadura baxuago batean, etaparen ordu kopurua mantenduz. Antolakuntzak urtero lasterketaren "feedback"-a eskatzen digu, zer gustatu zaigun eta zer ez jakiteko. Lur egokia da lasterketa on bat egiteko.


Rallya hasi aurretik BERRIA egunkariari hau esan zenion: "Ez nago inondik inora ere ados Saudi Arabiak egiten dituen gauza askorekin, baina hemen ariko naizenez, errespetatu egin behar ditut". Hamabi emakume gidari edo laguntzaile baino ez dira aritu Dakar honetan. Nola ikusi duzu egoera bertatik bertara?


Ohituta gaude Europan dugun askatasunera. Emakumeak berdintasunaren alde borrokan ari dira egunero, eta han ikusten genuen zer nolako mugak zituzten bertako emakumeek. Lasterketan buru belarri sartuta zaude, eta egoera horiekin zerikusia duen momentu baten berri jakin nuen arren, ezin dut erabat baieztatu. Ez dago maila berean, baina lasterketako parte hartzaileok ere bagenituen mugak. Adibidez, ez ziguten urdaiazpiko ogitarteko bat jaten uzten. Bertako legedia bete behar zen, eta hala egin genunen.


Hurrengo urtean bertan espero zaitugu. Zure kasuan, 70.000 euro inguru dira beharrezkoak izena eman eta lasterketari aurre egiteko. Aurten ez duzu zure poltsikotik ezer jarri behar izan, baina ez da erraza izango diru kantitate hori urtero biltzea zure ametsa betetzeko.


Ni bezalako pilotuentzat urtero bi Dakar daude: bi asteetako rallya, eta bestea, rallyan parte hartzeko beharrezkoa den dirua biltzeko urte osoan egiten dugun lasterketa. Zorionez babesleek urtetik urtera nirekin jarraitzen dute. Nik nire lana daukat, eraikuntza enpresa bat daukat Gasteizen, eta babesle horiek gabe munduko rally gogorenean parte hartzea ezinezkoa litzateke.



Afrikara itzultzea bezala


Hala diote Saudi Arabian izan diren gidarietako askok. Mauritaniarekin antz handia omen du Saudi Arabiako paisaiak. Dakar rallya 2009an antolatu zen azken aldiz Afrikako kontinentean. Argentinak eta Txilek hartu zuten lekukoa 2010an, eta Hego Amerikan antolatu da aurtengo ediziora arte Bolivia, Peru eta Txilera lasterketa eramanaz. Baina, iazkoak zerikusi gutxi izan zuen betiko Dakarrarekin. Peruk hartu zuen erantzukizun osoa, eta bertako basamortuan atzera eta aurrera ibili ziren kotxeak, motoak, kamioiak, quadak eta SxS-ak. Aho zapore txarra utzi zuen edizioak, zale zein parte hartzaileengan, eta A.S.O-k Saudi Arabiara lekualdatzea erabaki zuen, rallya bere momentu oneneterara bueltatzeko asmoz.


Bost urterako kontratua sinatu zuen A.S.O-k Saudi Arabiako gobernuarekin, 75 milioi euroren truke. Eta esan daiteke, lasterketari dagokionez, antolakuntzak asmatu duela aldaketarekin. Baina, gizarte ikuspegitik erabakia kritikatua izan da, bertako gobernuak bultzaten duen emakumeenganako jarrera dela eta. Eta hori izan daiteke emakumeen izen ematean nabaritu den jaitsieraren arrazoi nagusia: iaz 17 izan ziren, inoizko zifra altuena, eta aurten, berriz, 12.


Carlos Sainz eta Lucas Cruz (Mini / Espainia) izan dira 2020ko irabazleak autoetan. Argazkia: A.S.O /DPPI

Autoetan, gutxi asko, pronostikoak bete dira. Carlos Sainz (Mini / Esp), Stephane Peterhansel (Mini / Fra) eta Nasser Al-Attiyah (Toyota / Qat) iazko irabazlearen arteko lehia espero zen, eta hala izan da, podiumera hiru gidari hauek igo direlako. Carlos Sainz eta Lucas Cruz bikoteak hirugarrenez irabazi du Dakar-a, eta nabarmentzekoa da, garaiapen bakoitza auto marka ezberdin batekin lortu dutla: aurtengoa Mini etxearekin, 2018an Peugeotekin eta lehenengoa, 2010an, Volkswagenekin.


Azken sailkapena:

1. Sainz / Cruz (Mini) 42H 59' 17''

2. Al-Attiyah / Baumel (Toyota) +6.21

3. Peterhansel / Fiuza (Mini) +9.58


Andrey Karginovek (Kamaz / Errusia) irabazi du kamioietan rallya-a. Argazkia: A.S.O /DPPI/ F.Gooden

Kamioietan laugarren urtez jarraian Kamaz marka errusiarrak lortu du garaipena. Baina, ez da Eduard Nikolaev azken hiru urtetako irabazlearen eskutik etorri, baizik eta Andrey Karginovenetik. Nikolaevek rallya arazo mekanikoengatik utzi bazuen ere, podiumeko lehenengo bi postuetara bi Kamaz igo dira, eta laugarren postuan beste Kamaz bat dago.


Azken sailkapena:

1. Karginov (Kamaz) 46H 33' 36

2. Shibalov (Kamaz) +42.26

3. Viazovich (Max) +2ordu 04.42


Ricky Brabec-ek (Honda / AEB) lehen aldiz irabazi du Dakar-a. Argazkia: A.S.O / C.Lopez

Motoen kategorian, Rallya oso berezia izan da, KTM etxeak ez duelako lasterketa irabazi. 2000. urtean Richard Sainct frantziarrak Bmw-rekin lasterketa irabazi ostean, 2020ra arteko garaipen guztiak bata bestearen atzetik KTM-k pilatu ditu. Aro hori apurtu du Ricky Brabec (Honda / AEB) estatubatuarrak. Hori horrela, Honda etxeak 30 urteko lehorteari agur esan dio. Gainera, Brabeckek iazko arantza atera du, lidertzan zenean motorra apurtu eta rallyari agur esan ziolako zortzigarren etapan.


Azken sailkapena:

1. Brabec (Honda / AEB) 40H 02' 36'

2. Quintanilla (Husqvarna / Txile) +16.26

3. Price (KTM / Australia) + 24.06

-----------------------------------------------

31. Mota (Husqvarna/ EH) + 8 ordu 42.54


SxS kategorian Currie-Berriman (CAN-AM / AEB) bikoarentzat izan da garaiapena eta Quadetan Ignacio Casale (Yamaha /Txilee) izan da onena. Azkenik, The Original sailkapena, asistentzia eta laguntzarik gabe aritzen diren moto eta Quaden sailkapena, Emanuel Gyenes (KTM /Errumania) moto gidariak irabazi du.




DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio