Edurne Pasaban: "Mendia gorrotatzera iritsi nintzen, baina lagunekin bueltatu izanak berpiztu zuen"


Testua: Andoni Urbistondo Argazkia: Edurne Pasaban


Viellako, Aran Bailarako bakean bizi da Edurne Pasaban (Tolosa, Gipuzkoa, 1973). Euskal Herria ahaztu gabe, beste urte erdia Donostian pasatzen baitu bikotea eta Max semearekin. Bizipen asko pilatu zituen 2000ko hamarkadan, Himalayako hamalau zortzi milakoak igotzeko erronkan murgilduta. Oroitzapen onak ditu, baina txarrak ere bai, mendia bera gorrotatzera iritsi baitzen. 10 urte bete dira gaur, maiatzaren 17an, Shisha Pangman bere bizitzako atal garrantzitsua itxi zuenetik. Coaching konferentziak ematen trebatu da azken urteetan, eta bidai agentzia bat ere badu Viellan bertan. Badaki komunikabideen erauntsia etorriko zaiola gainera, baina prest dago: “Polita da jendartea lorpen harekin gogoratzea”.


Prest, gainera etorriko zaizun erauntsia gestionatzeko?


Beno, oso gustura. Komunikabideak zurekin gogoratzea beti da ona, eta hamar urte pasa eta gero bada, seinale ona. Himalayan geundenean komunikabideek euren babesa, oihartzuna eman ziguten, eta orain nola esango diet, bada, ezetz.


10 urte luze… Zer pasatzen zaizu burutik?


Batez ere oso azkar pasa dela hamarkada hori. Bederatzi urte pasa erabili nituen buru-belarri hamalau zortzimilakoak egiteko, eta erronka hori bete ostean, ondorengoak hain azkar ez zitzaizkidala pasako pentsatzen nuen, baina ez da hala izan. ‘Dagoeneko hamar urte?’, pentsatzen dut nire buruarentzat! Bi sentsazio ditut. Bata, urrun geratzen zaidala, beste bizitza bat bizi izan nuenaren sentsazioa, eta bigarrena, beste bat bilakatu naizela. Ez pertsonalki, baina muturreko aldaketa, eta pixkanaka, zahartzen ari naizela. Gauzak asko aldatu dira hamarkada honetan.


Historiarako geratuko da zu izan zinela munduko hamalau zortzi milako gailurrak igo zituen lehen emakumea. Nola kudeatu duzu lorpen hori?


Arazorik gabe. Gauzak momentu jakin batean gertatzen dira. Ni lorpen hori egin izanagatik ez naiz beste inor baino mendizale hobea edo txarragoa. Momentu hura bizitzeko zoria izan nuen, eta oso oroitzapen onak ditut. 90eko hamarkadan eta 2000. urtearen bueltan, mende honetako lehen urteetan, espedizio kopuru handia antolatzen zen Euskal Herrian, Himalayara joateko grina ikaragarria zegoen. Dirua ateratzeko hara eta hona mugitzen ginen, txosnekin, kamisetekin, errifekin… Nik, ondoren, babesleak lortzeko aukera izan nuen, baina sosak bilatzen ibili behar hori oso polita zen. Lan horiek orain galdu egin direla esango nuke, orain talde bat ez da elkartzen gure garaian bezala zortzi milako batera joateko. Norbaitek dirua baldin badu, bere kabuz agentziaren batekin tratua egin eta aurrera egiten du. Espedizio bat egin duen orok badaki ze giro ona, ze konplizitate sortzen zen kideen artean, amets bat lortzeko. Beno, bada egun, hori desagertu egin da, eta pena ematen dit. Jendartea indibidualistagoa bilakatu da azken urteetan.

10-20 urte atzera, ehunka euskal herritarrek zuten bere mendi ibilbidea zortzimilako batean bukatzeko grina: Pirinioetan hasi, Alpeetara pasa, handik Andeetara, eta azkenik Himalaya. Hori bukatu da, zoritxarrez. Jendeari dagoeneko ez dio hainbeste deitzen Himalayako zortzi milako batek.


Ez dago, edo baldin badago, ezberdina da. Zu eta ni elkarrekin egon ginen 2007an, Broad Peak-eko behe kanpamentuan (Pakistan), eta badakizu han nolako giro zegoen. Mendia igo nahi genuen koadrila ezberdinak nahastuta, zuek gure dendetan, gu zuen dendetan, tertulian, kontuak partekatzen… Hark festa itxura zeukan, gustura pasatzen zenituen egunak. Aspaldi ez naizela joan oinarrizko kanpamentu batera, baina joaten diren lagunak baditut, eta ez da halako girorik, ez omen da sumatzen. Ni neu sarri joaten naiz Kathmandura (Nepalgo hiriburura), eta hango kaleetan ere ez da iraganeko espedizio girorik sumatzen. Jendeak galdetzen dit, ea nire semeak (Max, hiru urte) nik egin nuena errepikatzea gustatuko litzaidakeen. Nik bizi nuena ez duela biziko erantzuten diet. Egingo ditu mendiak, baina ez du nik bizi izan nuena biziko.

14 zortzimilako, bederatzi urteetan. Fase ezberdinak egon ziren. Hasiera lagun giroko mundua izan zen, eta garaienarekin hasi zinen, Everestekin. Zergatik?


Egia da Everest izan zela lehen zortzimilako gailurra, baina nire istorioa Himalayan lehenago hasi zen, 1998an, Dhaulagiri igotzen saiatu ginenean. 1996an hasi ginen espedizioa prestatzen, Tolosako Inauterietan txosna, kamisetak eta beste. Dhaulagiri erabaki genuen, baina nora joan batere garbi ez geneukala. Noski, 20 urte pasa eta gero hausnartzen duzu, ‘nora demontre joan ginen?’. Burugabeak gu, zortzimilako zailenetakoa. Abentura zaleak, erabat. Inkontzienteak? Baita ere. Eta ze mendi puska. Pentsa nola hautatu genuen Dhaulagiri. Urte batzuk lehenago Asier Izagirre lehengusua Annapurna II gailurrean egon zen, eta Kathmandun Gregorio Ariz eta Pili Ganuza ezagutu zituzten. Haiek erakutsi ziguten 1979ko Dhaulagiri mendiko pelikula famatua, eta gu, aurrera. Mendi hura ikusi genuen, eta han ze kristo egiten genuen galdetzen genion elkarri. Kontua da Dhaulagirin Silvio Mondinelli eta beste mendizale italiar batzuk zeudela, eta hori erabakigarria izan zen nire ondorengo urteetan. Haiek ezagutu izan ez banitu, ez nintzen zortzimilakoen munduan sartuko. Nirekin Dhaulagirira etorri ziren beste tolosarrak ez ziren ondoren Himalayara bueltatu. Silvio bikotea izan zen gero, eta hark ireki zidan niri Himalayako zortzimilakoen atea. Silvio berari galdetu beharko zaio nolatan erabaki zuen zuten 24 urteko neska muzin bat beraiekin zortzi mila metroko mendietara eramatea.

Zergatik, zure ustez?


Beno, ba euskaldunak betidanik burugogor fama izan dugulako. Nik segitzen nien, asko ez nituen molestatzen, ikasi ere azkar, eta bidea egin nuen. Talde horrek lau zortzi milako zituen, dagoeneko, eta ni lehenengoan. Pentsa, zer eskarmentu zeukaten, eta zer garrantzia izan zuten nire bidean. Etxera bueltatu aurretik esan zidaten: “Gu hurrengo urtean Everesteko Ipar hormara goaz. Etorriko zara gurekin?”.

Eta zer esan zenien?


Joango nintzela, noski. 8.400 metrora iritsi ginen, oxigenorik gabe eta nahiko ondo, baina ezin izan genuen gailurra jo. Baina nire zortzimilakoen bidea hasita zegoen, ordurako. 2001ean iritsi nintzen Everesteko gailurrera, italiarrekin, eta hirugarren ahaleginean.

Zer oroitzapen duzu, munduko gailurrean egindako minutu horiek gogoan?


Bada etsigarri samarra, egiari zor. Hainbeste borroka gailur bat egiteko… Nik nire pelikula propioa egin nuen lehenagotik, 26 urterekin, baina kontrakoa izan zen: iritsi, argazkia, dena korrika eta martxa. Alegia, iritsi eta kito, bukatu da. Beste gauza bat espero nuen, eta Everest-en gainera.

Zer bota zenuen faltan, bada, gailurrean?


Ba ziur aski etxeko norbait, zure gauzak kontatzeko eta beste. Han ordu asko pasa behar dira egonean, eta nire espedizio politenak etxekoak edo lagunak ondoan izan ditudanak izan dira, batez ere Asier lehengusua alboan nuenean. Asier bezala, Ferran Latorre kameralaria, Alex Txikon…

2002an Makalu eta Cho Oyu etorri ziren, eta 2003an Lhotse eta bi Gasherbrum-ak. Sei zortzimilako. Noiz eman zen klik egiten duzun unea, hamalauak lor ditzakezula pentsatzea?


Geroago… Ziur aski Broad Peak-eko espedizioaren ondoren, 2007an edo, Asier lehengusua nire espedizio kide izan zenean. Orduan eduki nuen lehen aldiz, Al filo de lo imposibleTVE-ko telebista programaren laguntzari esker, nire taldea osatzeko gaitasuna. 2004an, K2ra, eta 2005ean, Naga Parbatera, bi zortzi milako horietara ere Al filo-ko taldearekin joan nintzen, baina laguntzaile gisa, ez demagun, espedizioko lider bezala. 2005ean eta 2006an osasun arazoak izan nituen, depresio bat. 2007an Al filo taldeko Sebas Alvaro buruak Himalayara bueltatzea eskatu zidanean, hamalau zortzi milakoak osatzeko, baiezkoa bazen nire taldea aukeratzeko baldintzarekin izan behar zuela esan nion. Niretzat garrantzitsuagoa zen den-dena kontatzeko lagunak edo senideak izatea ondoan, mendizale onak edukitzea adina, eta Asier lehengusua ondoan edukitzea funtsezkoa izan zen niretzat. Orduan esan nuen: ‘Bueno, orain bai’. K2an Juanito Oiarzabalek gonbidatu ninduen, 2004an. Gailurra lortu genuen, kristoren espedizioa, gailur handi hura lehen aldiz igo zen 50. urteurrena, baina ni gonbidatua nintzen. Klik hori, aldaketa, 2007an etorri zen. Dagoeneko zortzi zortzi mila metroko mendi igota nituenean.

Aipatu duzu depresio egoera bat bizi izan zenuela 2005etik 2006ra. Dagoeneko zure sentipenak publiko egin dituzu, 15 urte geroago, eta nola gogoratzen duzu garai hura?


Beno, gauza normal bat bezala, ez? Nik orduan 31 urte nituen, ez nintzen alpinista profesionala, hau da, ez nintzen mendiak igotzetik bizi. Al Filo-k espedizioak ordaintzen zituen, baina etxera bueltatzean nik Abeletxera bueltatu behar nuen, Asier lehengusuak eraikuntzara… Hor buruari bueltak ematen hasi nintzen, ‘nire bizitzan zer egin behar dut’ galdetzen hasi nintzaion nire buruari, Himalayako kontu hura edozein momentutan buka zitekeelako. Izan nituen bikote harremanak ere ez ziren oso arrakastatsuak izan, besteak beste urte erdia etxetik urrun pasatzen nuelako, eta baldintza horietan bada harreman batek irautea ba zaila delako. Ama ere izan nahi nuen. Nire koadrilako emakume gehienak familia bat osatzen hasiak ziren, eta haien bizitza eredu hura egon zitekeen onena zela sinesten hasi nintzen. Krisi handi bat jasan nuen, zulo beltz handi batean sartu, bizi osorako izango zela zirudien bikote harreman bat hautsi ostean. Irteerarik gabeko zirimola gaizto batean murgildu nintzen 2006 urte osoan.

Mendia ere alboratuta eduki zenuen denbora tarte horretan, ezta?

Bai, bai. Erabat. Mendia, gainera, gauza txar bezala ikusten hasi nintzen, nik nahi nuena lortzeko oztopo bat izango balitz bezala. Zortzi zortzi mila metroko mendi igo nituen, baina inork ez ninduela maite sentitzen nuen…


Baina bueltatu zinen.


Gauza asko pasa ziren 2006 urte bukaeran, eta 2007ko hasieran. Eskalatzen ibili nintzen asteburuetan Luis Mari Pikabea Loro eta Xabier Zubieta Zubi-rekin, besteak beste. 2007ko urtarrilaren 13an Taillonen istripua gertatu zen, lagunak hil ziren (Pikabea, Zubi eta Xabier Saralegi 3.144 metroko mendi horretako ipar horman behera amildu ziren 300 metro, eta bertan hil ziren), eta barruan gauza asko mugitzen zaizkizu. Amets asko genituen elkarrekin egiteko, espedizioetara joatea elkarrekin, adibidez. Aurrera egin behar nuela erabaki nuen, mendiak eman eta kendu baitit ezagutu dudan onena. Segitzeko beharra sentitu nuen, eta lagunekin, eta Broad Peak-en, galdu genituen lagunei halako omenalditxoa egiteko beharra sentitu genuen, gailurra eginez.

Ondoren etorri ziren Dhaulagiri, Manaslu, Kangchenjunga eta Annapurna zailak, eta azkena, Shisha Pangma. Ustez zortzimilako errazenetakoa, baina zure kasuan gaiztoenetakoa, igoera arrakastatsua baino lehenago lau ahalegin egin behar izan zenituelako. Amesgaiztoa, Shisha, zuretzat.


Erraz esan duzu, eta ez dago zortzi milako errazik. Guri ere kosta egiten zaigu hori ulertzea. Mendiei zailtasuna kentzeko joera izaten dugu. Guk Shisha beti postrea bezala ikusten genuen: Manaslu egin,eta aklimatazioa egina geneukanez, Shishara joan, igo eta buelta. Odolkiak ordainetan eman zizkigun Shishak, nire ustez merezi zuen errespeturik eman ez geniolako, gutxietsi egin genuelako. Shisha serio, proiektu bezala hartu genuen arte, ezin izan genuen igo. Bosgarren ahaleginean igo nuen.

Eta gailurrean ze sentsazio, Edurne? Han zure bizitzako atal garrantzitsu bat bukatu zen…


Bai, bukatu da, baina baita bertigo apur bat ere. Urteak generamatzan proiektu bat, zerrenda bat... Eta halako batean zerrenda hori bukatu egin zen, ez zegoen mendi gehiago. Hamabosgarren zortzi milako bat zergatik ez zegoen galdetzen nion nire buruari. Nik beste bat nahi nuen. Sentimendu kontrajarriak izan nituen. Poza, bukatu genuelako, baina gero, zer gehiago egin dezakegu? Beste bi zortzimilako egon izan balira, haiek igotzen saiatuko ginen bai edo bai.

Presiorik sentitu zenuen, zortzi milako guztiak igo behar zituen munduko lehen emakumea izateko erronkan?


Babesleen aldetik ez, haiek ez zuten emaitzarik bilatzen, euren markak komunikabideetan azaltzea baizik. Pertsonalki… bukatzeak pena eman zidala esan dut. Niretzat ez zen lasterketa bat izan galdera horretan Nives Meroi italiarra eta Gerlinde Kaltenbrunner sartzen badituzu. Ekuazio horretan Oh Eun-Sun korearra sartzen baduzu, agian izan zen lasterketa bat. Gerlinde eta biok urteak generamatzan zortzimilakoen erronkan, eta kamisetak salduz, behetik hasi eta goraino. Ziklo osoa bete genuen mendizaleak izan ginen. Gerlinde eta biok 10 urte ibili ginen borrokan, eta korearrak hamalau zortzimilakoak hiruzpalau urtetan igotzeko saiakera egin zuen, sekulako giza eta baliabide teknikoekin. Eta hori ez zitzaidan justua iruditu nirekiko, ezta Gerlinde eta Nivesekiko ere. Korearrarekin bai izan nuen lehiaketa puntu bat. Besteekin ez.

Nolakoak izan ziren Shisha igo, eta Euskal Herrira bueltatu osteko egun, aste haiek. Hara eta hona ibiliko zinen, noski…


Etxera bueltatu nintzen, eta horregatik pozik. Etxekoengatik poztu nintzen, batez ere, asko sufritu dutelako nirekin. 14 urterekin Mont Blanc-era joaten utzi zidaten. Esango zuten, hobe mendian ibiltzea, beste gauza okerrago batzuetan baino. Lorpenaren inguruan, iritzi onak bakarrik sumatu nituen, kontrakorik ez, eta asko estimatzen dut hori.

Hamar urte pasa dira balentria hura egin zenuenetik. Zer egin duzu urte hauetan? Non bizi zara, zer egiten duzu?


Beno, erronka hura bukatuta nire burua eta bizitza antolatu behar nituela garbi neukan, ezin nuela berriro zulo beltz batean jausi. Coaching munduan sartu nintzen. Asko ikasi nuen, batez ere etorkizuna nola planteatu nahi nuen. Nire buruari 2020an nire bizitza nolakoa izatea nahi nuen galdetu nion, eta ariketa horrek asko lagundu ninduen: ama izan nahi nuela garbi neukan. Komunikazio alorrean lan egin nahi nuela ere bai, eta bidaiak gustuko ditudala ere bai. Pauta batzuk egin nituen, eta pauta horren %80a bete diren neurrian, ondo sentitzen naiz. Bizitzako une batean hamalau zortzi milako mendiak igotzen zentratu nintzen, 2010etik aurrera beste batzuetan, eta gutxi-asko, lortu dut, pozik nago.

Sei hilabetez bizitzen zara Viellan (Aran bailara, Katalunia), azaroa-apirila bitartean, eta beste seiak Donostian. Nolakoa da zure egunerokoa?


Nire agendaren araberakoa. Enpresetan motibazio eta talde lan konferentzia asko ematen ditut. Espainia, Europa eta Hego Amerikan mugitzen naiz, eta horren baitan antolatzen naiz. Bidai agentzia bat daukagu, Kabi izenekoa, hainbat gidarirekin, eta horrek ere ba lana ematen dit. Etxean nagoenean Max hiru urteko umea eskolara eramaten dut, gero ipar edo mendi eskia egin, eguerdian bueltatu, posta elektronikoak eta beste gestio batzuk egin, bazkaldu, haurrarekin egon, bulegora joan eta hurrengo eguneko irteerak antolatu, martxa horretan (Mendi eskia, zakur lera irteerak Montgharrira eta beste antolatzen dituzte). Donostian gaudenean pixka bat ezberdina da. Lasaiago ibiltzen gara, entrenatuz eta beste. Neguan, egia esan, askoz lanpetuago ibiltzen gara.


Mendiak zer kendu, eta zer eman dizu?


Kendu lagunak. Gaztetasuna ere bai, koadrilarekin eta festan ibiltzeko. Hori orain esaten dut. Bere garaian ez zitzaidan iruditu hain gogorra izan zenik. Eman, bizitzeko modu polit bat. Nik nire zaletasun nagusia nire bizibide bilakatu ahal izan nuen, eta hori ez da erraza.


Lagunak aipatu dituzu. Nola gogoratzen dituzu, mendiak beretzako gorde zituenekin?


Asko joan zaizkit, bai. Inork ez du hil nahi, denok nahiko genuke 80 urterekin Txindokira elkarrekin joan. Oso bizipen gogorrak, benetan. Eta badakizu arriskua hor dagoela, zu ere zaku berean zaudela. Ezinezkoa da heriotzara ohitzea. Ez naiz oso erlijio zale edo praktika zalea, baina zenbait egoeratan, nire burua larri ikusi dudanean, hor goian, edo hor nonbait dagoen norbaiti laguntza eskatu izan diot, aitortzen dut. Hamar urte geroago akaso norbaitek lagundu didalako nago hemen, hala sentitzen dut.

Adibidez K2ko gailurra jo ostean, jaisterakoan gorriak ikusi zenituenean, izozteak eta guzti.


Buf, bai, ez nintzen gogoratzen dagoeneko une horrekin… Esango nuke gizakiok oroitzapen txarrak alboratzeko joera, erraztasuna dugula, eta hori ona da. Noski, beti izango da norbait nire bizitzako une txarren bategatik galdetuko duena. Orduan oroitzen naiz. Bestela apenas. Aurrera begiratu behar da. Laster Donostian ikusiko zaitugu!


Bai, bizitzen ari garen egoerarekin neguko denboraldia bukatutzat eman beharko dugula uste dut, eta etxeratze agindua bukatzen denean etxe aldera bueltatu beharko dugu.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio