DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio

Editoriala: 6. zenbakia

Ametsak, amesgaiztoak


Errealitate bilakatu diren ametsak, amets izatetik amesgaizto izatera igaro direnak, edo bata eta bestea izan ondoren ahanzturak irentsi dituenak. Denei egin die bere tokia Harmailak zenbaki honetan: gazitik zein gozotik edan dugu, eztarrian trabatuta gelditu zaizkigu gure protagonistek bizi izandako hainbat pasarte, begiak ere busti ditugu beste hainbatetan, nostalgiaz edo tristuraz, baina azkenerako ahosabaian itsatsita geratu zaigun zaporea gozoa izan da.


Esklerosi anizkoitzak harrapatu zuen orain dela zazpi urte Asier De La Iglesia saskibaloi jokalaria. Gaixotasuna onartzeko eta bizitzeko modu asko daude, denak onargarriak, denak balekoak, gaixoak hala erabakiz gero, baina ezin ukatu Zumarragako kirolariak hartutako bidea harrigarria ez denik. Bere elkarrizketako titularrak argi eta argi uzten du darabilen bizi filosofia: “ Gaixotasuna eduki baino lehen bezala bizi naiz: zoriontsu”. Egitea esatea baino zailagoa da, ordea, eta egunero landu eta lantzen duen jarrera da, bizitzari eta gaixotasunari tamaina hartuz, bata zein bestea ekuazio beraren bi aldagai direla onartuz: “ Ez dauzkat bi bizitza, gaitzaren aurrekoa eta oraingoa. Pertsona bezala eta bizitza ikusteko modua ez zaizkit aldatu”. Ez du inoren eredu izatea bilatzen, baina bere esperientzia beste askorentzat baliagarria izan daitekelakoan egiten du lan. Denborale bete-betean dantza egiten ikasi du.


Denboraleak, handinahiak eta kudeaketa eskasak eragindakoak, bidali zuen pikutara Itxakoren ametsa. Eskubaloiko talde nafarrak balentria ederra gauzatu zuen urte gutxi batzuen buruan, hamar titulu pilatzeraino, euren burua Europako onenen artean kokatzeraino. Kirolariek zelai barruan erakutsitako mailatik oso urrun aritu ziren agintariak, ordea, eta konturatzerako zorretan itota desagertu zen taldea. Lortutakoari aitortza egin nahi izan diogu, Itxakoren historia ahanzturatik ateraz, euskal kirolaren historian letra larriz idatzi beharreko izena dela aldarrikatuz.


Euskal kirolaren historiaz ari garela, bere lekua pedal kolpe indartsuz egin du Marino Lejarretak. Bere senari jarraituz aritu izan da beti, onartu duen arren batzuetan hori bere kalterako izan dela: “Bihotzarekin korritzen nuen, beti emankorra ez bazen ere”. Ia hiru hamarkada igaro dira bere azken lasterketan parte hartu zuenetik, eta hala ere, zalantza izpirik gabe gogoratzen ditu bere ibilbidea markatu duten hainbat gertakari eta bizipen. Argi eta sakon aritu zaigu txirrindularitzen iraganaz, orainaz, eta baita geroaz ere.


Errealitate bilakatu diren ametsak, amets izatetik amesgaizto izatera igaro direnak, edo bata eta bestea izan ondoren ahanzturak irentsi dituenak. Kirol ikasgaiak, batzuetan gogorrak, besteetan ederrak, bizitza bere bezala.