Editoriala: 5. zenbakia

Tamaina hartu nahian


Urtebete pasatxo papereratu genuen HARMAILAren lehen zenbakia. 0 zenbaki digitalak izan zuen harrera beroak hauspotuta paperera salto egitea erabaki genuen, gaur egun komunikabide askok, nahita, edo kasu gehienetan, behartuta, kontrako bidea egiten ari diren garai likido hauetan. Askok pausoa ulertu zuten arren, egon zen, eta ulergarria ere bada, proiektuaren nondik norakoak azaldu eta “baina nora zoazte” aurpegiarekin so egin zigunik ere. “2018an papera? Kirola? Euskaraz? Hamaika ikusteko jaioak gara!” Baina hara non, zenbaki honekin Harmailak bosgarrena egingo du, eta Euskal Herri osoko kirolzaleen etxeetan gure lehen urtebetetzea ospatuko dugu.


Dena esate aldera, ezer gutxi genekien idazteaz kanpoko lanez aldizkaria martxan jarri genuenean. Hamabi hilabete hauetan denetarik egitea egokitu izan zaigu, eta gustura egin dugu lan, euskara normalizatuko bada mota guztietako komunikabideak behar dituela sinetsita. Hasiera-hasieratik kirola eta kirolaria erdigunean jartzeko apustua egin dugu, eta hilabeteen joan-etorriak erakutsi digu badagoela masa kritikoa halako apustu bat sostengatzeko. Ustekabeko ate batzuk zabaldu zaizkigu, eta parez-pare zabalik behar luketen beste batzuk ezustean itxita aurkitu ditugu, baina guretzat garrantzizkoenak diren bi babesak lehen egunetik izan ditugu: bat kirolariena, eta bestea irakurle zein harpidedunena.


Kirolarien kasuan, bereziki pozgarria suertatu zaigu gure aldizkariak kirol txikien aldetik jaso duen harrera beroa. Harribitxiak, kontatzea merezi duten kontu pila aurkitu ditugu komunikabide generalistetan toki eskasa izaten duten kirolarietan. Merezi lukete mass medietan arreta askoz handiagoa, baina bitartean, gure Harmaila beti zabalik izango dute. Eduardo Galeano handiak zioen bezala, “jende txiki askok, leku txiki askotan, gauza txikiak eginez mundua alda dezake”. Mundua agian handitxo geratuko zaigu, baina gure kirolaren mikrokosmosean arnasgunea izatera helduko bagina, nahikoa eta sobera. Balioak sustatzen dituen kirolaren bozgorailu izan nahi du Harmailak, berdintasuna oinarri.


Badakigu, eta komeni ez ahaztea, harpidedunek sostengatzen dutela gure aldizkaria. Harmailako lehen eserlekuak bete zituztenek orain daukate harpidetza berritzeko aukera. Gure konpromisoa argia da: orain arte eraman dugun lan ildoan sakontzea, eta kalitatearen aldeko apustua indartzea, bai edukietan (testuak eta argazkiak) zein edizioan (maketazioa eta papera). Helburu hori betetzeko argi ikusi dugu hobe dela gauzak txukun eta patxadaz egitea, korrika eta erdipurdika baino. Horregatik, urtaro aldaketarekin batera helduko zaizu etxera Harmaila hemendik aurrera, urteko harpidetzaren aldizkari kopurua mantenduz (bost zenbakitarako harpidetza). Irakurlearentzat ez da itxaronaldi luzea izango, eta guri ditugun helburuak betet

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio