DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio

Capoeira Medellinen: dantza sendabide



#Harmaila1

Medellin.

Aho sabaia betetzen duen hitz horietakoa da. Uzten duen zaporea mingotsa izan daiteke, oso: Banda antolatuak, narkotrafikanteak, gerrillak, paramilitarrak, polizia...Politika. Pablo Escobarrek bortizkeriari zuku odoltsu guztia atera bazion ere, indarkeriaren ugerra eta kedarra Medellini itsatsita dago aspalditik, testuinguru eta protagonista ezberdinekin: San Kristobal artekaritza Comuna 13rekin lotzen duen La Loma pasabidea da horren testigu.

Medellin matrioxka baten erara antolatua dago: hiria bost artekaritzatan banatzen da, bakoi-tzean 16 comuna daude, comunen barnean auzo asko, errepidez, kalez, eta jendez josita. Azken zenbakien arabera 2.508.452 biztanle inguru.

Comuna 13 eta La Loma pasabidea dira munduko hiri arriskutsuenetariko honen gunerik arriskutsuenak. 19 auzoz osatua, eta Medellineko mendebaldeko mendietako maldetan kokatua, miseria, sartu eta irteteko zailtasunak eragiten dituen azpiegitura eskasa, barrutik mugitzea nekez ahalbidetzen duen planifikatu gabeko etxebizitza kopuruaren kontrolgabeko hazkundea ( kalezulo eta eskailera estu eta ilunez josita dago), lapurreta eta droga trafiko tasa nabarmena, familia barneko gatazkek ( “La huella invisible de la guerra: desplazamiento forzado en la comuna 13” txostenetik ateratako datuak) guztiz baldintzatzen dute elkarbizitza. Kolonbia mundu osoan indarkeriaren eraginez barne desplazatu gehien dituen herrialdea da, baina XX. mendean egon dira beste arrazoi batzuen ondorioz sortutako barne fluxu migratorioak ere. Bizitza eta etorkizuna hirian errotu nahi zuten guztientzako lekurik ez hirigunean, eta, EduardoGaleanok “ Los Nadie” bezala izendatu zituenak etxebizitzak eraikitzen hasi ziren periferian. Lehen kokagune ilegalak joan den mende hasierakoak dira, 1910.urtekoak. 50. hamarkadatik aurrera lur sailak jarri ziren salgai ilegalki hiru auzo ezberdinetan, eta nekazarien migrazio handien ondorioz sortutako urbanizazio prozesu intentsibo ezberdinak ere eman ziren. 60. eta 80. hamarkada bitartean legez kanpoko hainbat okupazio egon ziren, beranduago legeztatuko zirenak. 1978 eta 1980. urteetan “Veinte de julio” eta “Antonio Nariño” auzoetako mendebaldeko maldek populazio hazkunde handia izan zuten, eta handik gutxira, inbasioa, pirateria eta lurren okupazioren bitartez, beste lau kokagune sortu ziren. 1984. urtetik aurrera suertatzen da, ordea, Comuna 13ko okupazio informal eta inbasio masiboa ( Medellineko liburutegi digitalean Comuna 13ko txostenetik ateratako informazioa).

Bilakaera historiko honetan, estatuak ez zuen inolako esku hartzerik izan: “ Instituzioak comunako liderren oniritziarekin baino ez ziren sartzen auzoetara” diosku Medellineko historialari den Gabrielek. Bere presentzia indartu nahi izan zuenean, Álvaro Uribe presidente ohiak sarraskia eragin zuen Comunan. “ Orión” izenez bataiatutako operazioak, estatuko indar polizialek, paramilitarrek lagunduta gauzatutakoa, biktima zibil ugari utzi zituen. Hildakoen kopuru zehatza ez da oraindik argitara eman. San Javier eta comuna 13ko biztanleak zabor-mendi baten magalean bizi dira. Askok euren etxeko atetik bertatik ikusten dute zabor meta erraldoia. “La escombrera” izena hartzen duen zabortegiak ez ditu soilik hirian sortzen diren hondakinak gorde-tzen, baina: paramilitarrek eta gerrillariek eraildako ehun gorpu inguru bertan lurperatuta egon daitezkeela susmatzen da. “La escombrera” Hobi komuna ere bada. Hego Amerikako bigarren kokagune ilegalik handieneko biztanleak ahanzturan murgildu dituzten agintariak nekez arduratuko dira zaborpean dauden hilotzez.


“Indarkeria 3, 7 edo 9 urteko zikloetan ematen dela egiaztatuta daukagu”- argitzen digu Gabrielek. “ Hauteskunde garaietan alde batetik, eta auzoetako belaunaldi aldaketa garaietan bestetik. Belaunaldi bakoitzak bere erantzun propioak aurkitu behar ditu, eta hemengo umeek gerra daukate erreferentzia ia bakar-tzat”. Baina gatazka gune zergatik izan da, eta egun ere bada, itxuraz ezer gutxi duen eremu hau?

Gabrielek argi dauka: “La Lomako pasabidea kontrolatzen duenak bi artekaritzetarako sarbidea kontrolatzen du. Planifikazio ezak hori eragin du. Ez dago auzo batzuetara sartzeko beste biderik. Baina hori ez da garrantzitsuena. La Lomako pasabidea kontrolatzen duenak Medellinek itsasora daukan sarrera eta irteera bakarra kontrolatuko du. Hirira edo hiritik sartu eta irtengo diren gai guztien kontrola. Legezkoak nahiz ilegalak...Eta Kolonbian gaude”. Geldiunea egin, eta gure isiltasuna hitz egiten jarraitzeko gonbidapentzat hartu du. “Ezin du inork sinetsi alkatetzak eta gobernuak pasabide honen kontrola noren eskuetan egon izan den ez jakitea. Orduan, zeren truke utzi die kontrola? Pasabidea blokeatzen duenak herrialde osoa blokeatzen du. Medellin Kolonbiako bigarren hiririk garrantzitsuena da. Beraz, gobernuari xantaia egiteko ahalmena dauka pasabide hau kontrolpean daukan unean uneko talde armatuak? Nork gobernatzen du benetan Kolonbia?”

“La huella invisible de la guerra: desplazamiento forzado en la comuna 13” txostenaren arabera, Comuna-ren kontrola hartu duten talde ezberdinek estatua ordezkatu dute bertan. Baina testuinguru zail honetan sortu dira herri ekimen interesgarriak ere: auzoetan gazte ekimen ugari sortu da arte eta kirolaren bidez Comuna 13ko umeei indarkeriaz haragoko bide eta irteerak badaudela sinetsarazteko. Antzerkia, dantza, pintura, grafitiak, futbola...eta capoeira.

Irakasleak bere izena ez argitaratzeko eskatu digu. Irakurleak jar diezaiola gustukoen duena. Comuna 13n hazi eta hezitakoa da. Miguel, bere ikasleetako bat, baita.

Irakaslea 13 urterekin hasi zen capoeira ikasten, eta denboraren poderioz kirola besterik ez zena pasio bilakatu zen. Capoeiraren bitartez garatu zuen buru-bihotza, eta kirola eta dantzaren arteko muga lausoan kokatzen den jarduera honensorterrira joatea erabaki zuen: Brasil aldean jarduera fisikoaren atzean loratzen den filosofia eta teknika barneratu zituen. Jakinduria nahikoa pilatuta zeukala uste izan zuenean Comunara itzuli, eta bere auzoko hainbat guraso deitu zituen batzar batera.

Halaxe hasi zen Comuna 13ko umeekin lanean. Miguel beranduago gerturatu zen entrenamenduak egiten ziren gelara. Astean birritan gelan sartu, eta albo batean esertzen zen saioa ikustera. Ezer esan gabe. Heldu, eseri, ikusi, joan. Erritualki. Hala ikasi zuen capoeira esklabotza garaian sortutako adierazpen kulturala dela, edo garapenean funtsezkoak diren aldagaiak lantzen direla bertan (emozioen jabe izan, norberaren eta ingurunearen kontzientzia hartu erabakiak hartzeko gaitasuna hobetzeko etab). Capoeirak harrapatuta zeukan Miguel. Baina ez zen txokotik irteten ausartzen.

Miguel ez zegoen gurekin irakaslearekin hitz egin genuenean. “Hemengo umeen espektatiba ia bakarra eskolatik irten eta dirualortzea da. Ahal duten bezala. Berdin zaie nola. Euren arteko tratu txar asko ikusten da. Etxean eta kalean ikusten dutena da. Gure xedea eurek ikusten dituzten jarrerez aparteko erreferente izatea da. Ezin dugu euren etxean bezala jardun. Izateko eta egiteko modu ezberdinak daudela erakutsi behar diegu”.Berarekin hitz egin aurretik ikusi dugun entrenamenduan irakasleak makila bat hartu du. Miguel hemen egon izan balitz, jakingo luke makila horren izena zein den. “Arriskua”. Irakasleak nahi erara mugitzen du, eta umeek makila saihestu behar dute. Beldurra saihestu behar dute. Horretarako, espazioa kontrolpean izatea nahitaezkoa da, estropezu eginez gero arriskuak kolpatu egingo bait ditu. 7 eta 10 urte bitarteko ume hauek “ errepideko zuloei, alkoholari, drogei, labanei eta armei” diete beldur, besteak beste. Aiztoak ez omen dira armak eurentzat. Baina badira beldurgarriak.

Entrenamenduak prestatzeko irakasleak auzoaren momentuko arazoak hartzen ditu aintzat, eta elkarbizitzarako abileziak sustatzen saiatzen da: “elkarren artean era osasuntsuan komunikatzen ikasi behar dute, asertiboak izaten, enpatia garatzen...”Berak 7 eta 17 urte bitarteko umeak jasotzen ditu talde ezberdinetan. Metodologia horizontala erabiltzen du. Adin ezberdinetako umeak biltzen ditu talde berean guztiek euren ikaskideez zerbait ikasteko aukera izan dezaten. “ Euren artean ukitu daitezen ahalbidetzen duten jarduerak prestatzen ditut. Beste pertsona bat ukitze hutsa bada berez terapeutikoa. Sozializatzeko modu ezberdinak daudela ohartzen dira”.Entrenamenduko beste momentu batean irakasleak serio hitz egin die umeei: “ Pentsa oso ilun dagoen bide baten sarreran nagoela. Aurrera egiten badut arin helduko naiz etxera, baina oso oso ilun dago. Han aurreko beste bide hori luzeagoa da,baina argi asko dago, ondo ikusten da dena. Nondik joango naiz etxera?”


Miguelek jakingo luke erantzuna. Ziur.Irakasleak hitz egiten darrai: “ Capoeiristak behaketaren bidez arriskua saihesteko ahalmena dauka. Gogoratu: norberaren burua defendatzeak ez du esan nahi bestea jo behar dudanik. Jo aurretik...” “ Saihestu!!!!” oihukatzen du bat batean neskato mehar batek. Entrenamenduetan filosofia eta teknika tartekatzen ditu. Kurtsoak aurrera egin ahala mugimendu tekniko zailagoak erakusten dizkie umeei.

Miguelek 19 urte beteko ditu aurki. Entrenamenduak ikustera joaten zen garaian adingabea zen. Halako batean, zutitu eta nekez oihukatu zuen: “ Uno!!!! “. Capoeirako mugimendu bat egiten saiatzen ari zen. Orduan konturatu zen entrenatzailea Miguelek ezgaitasun kognitibo batzuk zituela: arazo motorrak eta hitz egiteko zailtasun handiak zeuzkan. Entrenatzailea Miguelengana hurbildu eta barkamena eskatu zion. Ez zen gai izan bere taldeko partaide izan nahi zuela ulertzeko. Ordutik aurrera Miguel capoeira praktikatzen hasi zen erregularki. Grina zeukan. Entrenamenduak hasi baino ordubete lehenago iritsi ohi zen gelara, eta urduri egoten zen capoeira saioa noiz hasiko zain.“ Nire ikaslerik onena bilakatu zen azkar”. Capoeirako mugimendu ezberdinak praktikatzen ikus zenezake uneoro Miguel Comuna 13ko kalezuloetan zehar. Urteak aurrera egin ahala, bere hanketako gaitasun motorrak hobera egin zuen. Hasieran burutu ezinezko mugimenduak egiteko gai da. Eta agi denez, eguneroko bizitzan ere islatu da hori. Entrenamenduak hasi aurretik ez zuen apenas hitzik esaten. Gaur egun, elkarrizketa batean hala nola parte hartzen du, ahal duen moduan komunikatuz, eta “ eskerrik asko” edo “ondo” bezalako hitz sinpleak erabiltzen ditu. Medikuak 18 urteko bizi esperantza eman zion Migueli. Bizirik dago. Pozik. “ Capoeirak gutxienez urtebeteko oparia egin dio”.

#Medellin #Capoeira #Comuna13 #kirola #dantza