Ainhoa Tirapu: "“Eskatzen duguna ez da hainbesterakoa; merezi dugun zerbait da”

Athleticeko jokalaria eta AFE Emakume Futbolarien Elkarteko presidenteordea

Testua: Iñaki Berastegi @IBerastegi Argazkiak: Unai Zabaleta @unaizabaleta


(Elkarrizketa sindikatuek eta patronalak akordioa egin aurretik dago egina)


Iberdrola Ligako bederatzigarren jardunaldiko partida guztiak bertan behera geratu ziren,

emakume futbolarien grebak %90tik gorako jarraipena izan zuelako. Euren eskubideak

bermatuko dituen hitzarmena sinatzeko urrats erabakigarria izan zen. Aurretik jorratutako

bide guztiak agortuta zeudela ikusita erabaki hori hartu zuten futbolariek, eta erabakiak

berehala fruituak eman zituen. Izan ere, asteburu haren osteko astelehenean bertan, eta

lehenengo aldiz, patronalak onartu zuen futbolariek eskatzen zituzten bi gauza

garrantzitsuenak: gutxieneko soldata 16.000 eurokoa izatea, eta lanaldia %75koa. Hori

horrela, patronalari abenduaren 20ra arteko epea eman zitzaion hitzarmen hori betetzeko

beharrezkoa zen dirua lortzeko. Ainhoa Tirapu, Athleticeko kapitaina AFE Emakume

Futbolarien Elkarteko presidenteordea da. Lezaman hartu gaitu finantziazioa lortzeko epea

amaitu baino lehen.


Klubei 2019ko Abenduaren 20ra arte eman zenieten finantziazioa lortzeko epea.


Gutxieneko batzuetan adostasunik ez zegoelako egin genuen greba: gutxieneko soldata

eta lanaldia. Adostasun ezak blokeo egoera batera eraman gintuen, eta horregatik

erabakia. Greba egin eta berehala, astelehenean, bi puntu horiek onartu zizkiguten, baina

gainontzeko guztia adostea falta zen. Hau da, bileretan puntu askori buruz hitz egin

genuen, baina ez ginen adostasunera heldu. Hilabete hau baliatu da puntu horien guztien

inguruko eztabaida eta negoziaketa egiteko, eta hitzarmena betetzeko beharrezkoa den

finantziazioa lortzeko. Epe bat jarri nahi genuen egoera gehiago luza ez zedin, ez genuen

ekainean berriro akordiorik gabe egon nahi. Epea agortutakoan, akordioa ez bada

mantentzen edo lortzen, 2020ko lehen astebururako berriro greba deituko genuke.


Egoera hainbeste atzeratu eta gero, helburua hurrengo denboraldirako hitzarmena

indarrean egotea da?


Atzeraezinezko izaera duen hitzarmena litzateke. Ez da luzerako sinatu nahi den

hitzarmen bat, urte baterako nahi dugu, gure benetako helburua lanaldia derrigorrez

%100koa izatea delako; lanaldia %75koa izatea eskatu genuen jarrerak hurbiltzeko

asmoz. Hitzarmena denboraldi honetarako sinatzea da nahi duguna, eta datorren

denboraldirako jada lanaldia %100koa biltzen duen hitzarmen berria izatea. Egoera

luzatzen ari denez, badirudi hitzarmen hau hilabete batzuetan baino ez dugula izango.


Egoera zeinen azkar desblokeatu zen ikusita, argi dagoena da greba arrakastasua

izan zela.


Uste zena baino arrakasta gehiago izan zuen, bai. Inori ez zaio gustatzen greba egitea,

egoera baten aurrean duzun azken aukera dela esan daiteke. Grebak ez badu

funtzionatzen zer egin dezakezu? Ez daude irtenbide asko. Argi dugu batzuek espero

zutena baino indar gehiago izan duela, eta jokalariak espero zutena baino batuago

gaudela. Asanbladara jokalari mordoa joan ginen, eta %93 baiezkoa eman zitzaion

grebari. Hala ere, ACFF kluben asoziazioak pentsatzen zuen jardunaldiko pare bat partida

jokatuko zirela. Guk argi geneukan partida bakar bat ere ez zela jokatuko. Baina egia da,

greba kolokan jartzen zuten mezu batzuk iristen zitzaizkigula, gure aurkariak zelaira

agertuko zirela eta abar esanez… Azkenean, askoz ere errazagoa izan zen zuzenean guk

elkarren artean hitz egin eta zalantzak uxatzea, badaezpada.


Greba bide egokia ez dela esan dutenak ere izan dira, jokalarien artean.


Beti egongo dira kasuak, normala da, baina ez dut berdin pentsatzen. Ez da azken

hilabeteetako kontu bat, bi urte baino gehiago daramatzagu honekin. Hasieran, bilerak

ukatzen zizkiguten; ondoren, behin negoziaketak hasita, hitzarmena atzeratu nahi zuten.

Bilera guztietan trabak jarri dizkigute, beti zegoen trabaren bat edo beste. Gutxieneko

lanaldi eta soldatarena mahai gainean jarri genuenean sortu zen blokeoa, eta orduan ikusi

genuen ez zutela benetan aurrerapausorik eman nahi. Errealitatea da urte eta erdi aritu

direla gauzak atzeratzen, aitzakiak jarrita. Nola mozten duzu egoera hori? Bilera batzuk

ukatu egin zizkiguten, hori ez da hain ezaguna, sindikatuan gaudenok dakigun zerbait da.

Atzeratze horren ondorioz, elkarrizketa abiatu zen Liga hasita zela, eta aitzakia hori erabili

zuten, esanez, jada denboraldirako kontratuak sinatuta zeudela. Beste estrategia batzuk

erabiltzen saiatu gintezkeen, ez hain erradikalak, baina nire ustez bide hori moztuta

zegoen. Bide horretatik ez genuen ezer lortu.





Hitzarmen hau klub guztiek bete dezakete? Hori da blokeo egoera honen atzean

dagoen arrazoietako bat?


Lehenik eta behin, bi gauza aipatu behar dira. Batetik, gizonezkoen egitura ere baduten

taldeak diren edo ez. Egitura horien barnean dauden emakumezkoen talde batzuek

hitzarmena osotasunean betetzen dute, baina badaude ahalmen hori izan arren

hitzarmena betetzen ez duten taldeak. Zergatik? Hori beste eztabaida bat da. Eta bestetik,

baliabide urriagoak dituzten klubak daude. Horietako batzuek, baina, jokalari profesionalak

ez dituztenez, diru laguntza publikoak jasotzen dituzte. Logroñoko alkate ohiak esan zigun

EFD Logroño taldeak Logroñoko Udalaren zein Errioxako Gobernuaren dirua jasotzen

zuela. Denbora tarte horretan, klubetako diru kontuen xehetasunak eskatu ditugu, guk

hitzarmenean zer eskatu genezakeen zehazteko, baina txosten horiek ez zaizkigu iritsi.

Gutxieneko lanaldi eta soldataren marra gorria jarri genuenean, klubetatik esan ziguten

kontratu egokitze horrek dirutza balio zuela, milioi eta erdi euro, dirutza bat. Zer motatako

kontratuak egin dituzte klubek? Zenbat jokalari daude gutxieneko 16.000 euro horietatik

gora baina gutxieneko lanalditik behera? Duela bi urte esan genien klubei gure helburua

lanaldia %100 izatea zela, eta hala ere, %50ko lanaldia duten kontratuak egiten jarraitu

dute. Kontratuen egokitzea hain garestia bada, dagoen desoreka horrengatik da.


Gizonezkoen egiturekin lotura ez duten klubek aitzakia bezala erabiltzen dute

finantziazioa, baina, babesle berriak sartu dira, telebista eskubideak saldu eta diru

laguntza berriak jaso dira. Egoera oso konplexua da. Gainera, Lan Ministerioak arrazoia eman zigun, euren proposamena eta gurea oso antzekoak zirelako. Desadostasun

bakarra puntu batean zegoen, kontratu egokitzea lineala izan behar zuela dioen horretan;

hau da: lanaldiaren %75tik behera dauden jokalariei 4.000 euroko igoera lineala bermatu

behar zaiela, alegia. Horrela kontratuen egokitzea ez da hain altua. Hori ez da klub txikien

arazoa, besteena baizik.


Telebista eskubideei dagokionez, borroka dago Espainiako Federazioaren eta

Mediapro ekoizle etxearen artean, eta zuei zuzenean eragiten dizue.


Gure borroka ez da hori, patronalarekin duguna baizik. Beste batzuen arteko lehietan ez

daukagu ezer irabazteko. Egia da egoera horrek eragiten digula, baina ezin gara ez baten

ez bestearen alde jarri. Konpondu beharreko arazoa da, guk eskatzen duguna bete ahal

izateko. Gure hitzarmenean eragin zuzena dauka, dirua hortik etorriko delako, eta guk

egin dezakegun bakarra da presioa sartu akordio batera iris daitezen.


Sindikatuen arteko harremana, eta ACFFrekin duzuena nolakoa izan da negoziaketa

prozesu honetan?


Sindikatuen artean akordio batera iristeko gai izan gara hasieran desadostasunak izan

genituen arren. Eskatzen duguna zer den kontuan hartuta, ezin dezakete esan

gehiegizkoa den zerbait nahi dugula. Gauzak egiteko moduan eta kudeaketan, baina,

arazo gehiago izan ditugu. Jokalariak ordezkatzeko moduan ere bai, gehiengoa AFEn

gaude, gutxi batzuk Futbolistas ON-en eta bakar bat ere ez UGTn. Hala ere, negoziazio

mahaian euren lekua eman diegu bi sindikatu horiei, ez genuelako nahi sindikatuek

negoziazioa blokeatzea. Hortaz, AFEk hiru bozka ditu, eta beste biek bana. ACFF Kluben

Elkarteari dagokionez, patronal bezala onartu genuen negoziazioei hasiera emateko. Hala

ere, Athletic, Tacon eta Bartzelona ez gaude ACFF-ren barruan, eta Lan Ministerioak

gonbidatzen ditu bileretara.


Greba eta blokeo egoera honetan, nolakoa izan da jokalariek zuen klubekin izan

duzuen harremana?


Klub batetik bestera egoerak oso desberdinak izan dira. Klub txikietan egoerak larriagoak

dira, daukatena galtzeko beldur direlako. Grebetan babestuago sentitzen denak

pentsatzen du ahotsa altxatzeko aukera eta eskubide gehiago daukala, eta txikietan

kontrakoa gertatzen da. Horrelako egoera zailetan langile guztiak, eta hain toki

desberdinetakoak, eskutik joatea lortzea ez da erreza; zailena hori izan da. Gutxienekoak

bermatuta ditugunak asko mugitu gara, eta ez dituztenak beldurtuago daude. Normala da,

zure egoera oso prekarioa bada, bi egun grebara joan eta kobratu gabe egotea agian oso

gogorra delako hilabete amaieran.


Argi dagoena da, eta zuek hala esan duzue, neurrigabeko ezer ez zaretela eskatzen

ari.

Gutxiegi eskatu dugula ere esan digute.


Izan daiteke, 16.000 euro hamalau alditan banatuta, hilabetean 1.200 euroko soldata

ateratzen delako.


Gure dedikazioa erabatekoa da, profesionala, eta jasotzen duguna oso gutxi da. Kasu

batzuetan, aldi berean, beste lan bat egin behar dute jokalariek. Gutxieneko bat finkatzea

beharrezkoa da, 1.200 euro ez da dirutza, baina duintasuna ematen digun soldata bat da.

Gutxieneko soldata horrekin beste bizitza planteamendu bat izan dezakezu. Hortik

aurrera, benetan emakumezko futbolaren alde egiten duen klub batean bazaude, gehiago

kobratuko duzu seguruenik. Oraingo soldatak oso baxuak dira, lanaldiaren %50an ari

bazara eta gutxieneko soldata kobratzen, hilabetean 400 euro inguru baino ez dituzu

irabazten.


Hitzarmena sinatuko balitz, horren gainean klubekin negoziatzeko aukera ikusten

duzue?


Kluben esku dago baldintza hobeak eskaintzea, baina behar-beharrezkoa zena

gutxieneko duinak lortzea zen, eta hori bai derrigorrez bete beharko dutela klubek.


Egoera zehatzetara etorrita, nolakoa da Athleticeko lehen taldean dagoen jokalari

baten lan egoera?


Lanaldi osora gaudenez, gure dedikazioa erabatekoa da. Nire kasuan, ikasketak eta lana

taldearekin uztartu nituen hasieran, baina orain futbolerako nago. Azken urteetan bizi izan

dugun hazkundea ez da hedabideetan geroz eta gehiago agertzera mugatzen. Gure

txapelketako exijentzia geroz eta altuagoa da, eta ondorioz, gehiago entrenatu behar

dugu. Erreginaren Kopa ere aste barruan jokatzen da. Bilakaera horren ondorioz,

dedikazioa lan batekin uztartzea ezinezkoa da, eta horregatik behar ditugu gutxieneko

baldintza duin batzuk. Gure atzetik datozenei erakutsi behar diegu duintasuna bermatuta

dagoela, hori ikustarazi behar dugu, atzetik datorren talentua galdu ez dadin. Egoera

honetan jende askok amore eman eta futbola utzi du.

Beste egora bat aipatzearren, ezagutzen ditut 20:00etatik aurrera entrenatzen duten

taldeak, eta hori ere ez da bidezkoa. Bartzelona eta talde horien artean sekulako

diferentziak daude, eta tartean, beste maila batean, gaude gu. Apustua egiten dugun

klubetako batzuek ikusten dugu, beste batzuek, tranpatxoak eginez gure antzerako

emaitzak lortzen dituztela. Hau da, gutxieneko baldintzak bermatu gabe jarraitzen dute

klub batzuek, jokalari atzerritarrak fitxatzeko asmoz. Txapelketa sendo bat lortu behar

dugu, jokalari gazteagoei erakutsi behar diegu merezi duela, ezin da moda batean gelditu

orain arte egin duguna.





San Mamesen edo Anoetan ere jokatu duzue tarteka, eta zelaia bete egin da.

Lezamara edo Zubietara bueltatze hori nolakoa da?


San Mameseran hurbildu den jende multzo horren zati bat hurrengo asteburuan Lezamara

joatea lortu behar dugu. Egia da San Mames oso eskura dagoela, eta Lezama, aldiz, ez

hain ongi kokatuta. Lezaman baditugu zale sutsu batzuk, asko entzuten zaie. Arraroa San

Mamesen jokatzea da, eta normalena Lezaman aritzea, momentuz bederen. Egia da San

Mamesek beste puntutxo bat ematen dizula jokalari bezala, eta gure futbolari

ikusgarritasuna ere emateko balio izan duela.


Frantzian jokatu zen azken Munduko Kopak ere lagundu du. Inoizko

garrantzitsuena izan omen da.


Ikusgarritasun handia eman dio, zalantzarik gabe. Historian lehengo aldiz, emakumezkoen

Munduko Kopa osorik eta irekian eman da telebistan, eta eman dituen audientzia datuekin

pozik daude. Horrek esan nahi du jendeak baduela interesa, badagoela afizioa. Esan ohi

zen gure partidetara inor ez zela etortzen, baina hori aldatu da edo aldatzen ari da. Aurten

pentsatzen genuen Iberdrola Ligako partida guztiak telebistaz emango zirela, baina, hortxe

agertzen da lehen aipatu dugun telebista eskubideen hika-mika hori.


Grebara bueltatuta, gizonezko futbolarien babesa jaso duzue, mezuen bitartez,

baina ekintzarik ez. Euren egitekoa zen grebarekin bat egitea?


Futbolariak diren heinean euren kontua ere bada, baina egia da gure kontrako argudio

bezala erabili daitekeela. Esan izan digute gizonezkoen taldeen menpe bizi direla gure

taldeak, euren errekurtsoetatik. Zentzu horretan, beraz, gure borroka bezala ulertzen dut,

zalantzak sortzen zaizkidan arren, baina uste dut ezin dugula gizonezkoen babesa eskatu

argudio hori erabiltzea ez badugu nahi. Babesa ematen badigute oso ondo, eskertuko

dugu, baina ez diegu eskatuko. Gure eskubideen aldeko gure borroka da. Eskatzen

duguna ez da hainbesterakoa, merezi dugun zerbait baizik, eta gure kabuz lortu

dezakegula uste dut. Emakumeen futbolak bere kabuz badu nahikoa indar, hala erakutsi

dugu grebarekin.


Pauso erabakigarri baten aurrean gaude.


Oso garrantzitsua zen gutxieneko batzuk adostu eta indarrean jartzea, bermatzea.

Lehenengo eskaileraren maila jarri behar genuen, etorkizunean gora egiten jarraitzeko,

errazagoa izateko. Jokalariek egin behar genuen, ezin genuen kluben esku utzi. Izan ere,

gerta daiteke, klub batek urte batean sekulako apustua egitea baldintza guztiak bermatuz,

baina urte bakarreko kontua izatea. Segurtasun falta horrek gure Liga kaltetzen du.

DOAN ETA LIBRE. Harmailaren edukiak kopiatu, zabaldu edo argitaratu ditzakezu, gure egiletza aitortu eta baldintza beretan eginez gero.
Webgunea: Eneko Orio